Tolosaldeko eta Goierriko onena, gida berritu batean

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 6a, 12:41

Goiturreko Niko Osinalde eta Tolosaldea Garatzeneko Olatz Illarregi

‘Euskadiko Bihotza’ lelopean orain bi urte kaleratutako turismo gida eguneratu dute

Tolosaldeko eta Goierriko turismo eskaintza guztia biltzeko apustuarekin jarraitzen dute Tolosaldea Garatzen eta Goitur Goierriko Turismo Agentziak. 2013an Euskadiko Bihotza lelopean eta elkarlanean hasitako bidean beste urrats bat eman nahi izan dute hortaz, eta turismo gida berritu dute; «aurreko gidaren emaitza onak ikusita oraingoan ere esperientzia berri guztiekin turismo gida bateratua kaleratu dugu».
Gidak bi eskualdeetako turismo eskaintza biltzen du eta hainbat atal ditu. Gidaren hasieran mapa bat dago eta bertan bide berdeak, bidegorriak, informazio bulegoak, Erdi Aroko multzoak edo alde zaharrak, merkatuak eta Santiago Bidea non dauden ikusi daiteke. Noski turismo gida izaki ezin lo egiteko dagoen eskaintzarekin ahaztu eta hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak eta turismo apartamentuak ere azaltzen dira.

Mapaz gain beste hiru atal ditu gidak; esperientzia gastronomikoak jasotzen dituena, naturan oinarritutako eskaintza eta kultura ardatz duen atala, eta bertan, toki eta gai garrantzitsuenak aurkeztu dituzte.
Gastronomiarekin zerikusia duten esperientzietan azokak biltzeaz gain, gazta, sagardoa, txokolatea, euskal txerria eta babarrunak bezalako produktuetara gerturatzeko bi eskualdeetan dauden aukerak bildu dituzte. Naturan oinarritutako atalean aldiz, irteeren berri eman dute; tontorrik altuenak, Parke Naturalak, Trail Estazio berria, Bide Berdeak, BTT Zentroa, Santiagoko Bidea, eta errepide panoramikoak, zehazki.
Kulturari ere egin nahi izan diote tartea eta bertan «alde zaharrak, Euskadiko bihotzera egiteko bi bidaia, etnografia, artea eta momentu historikoak» nabarmendu dituzte. Era berean, familian egin daitezkeen irteerak eta erosketarako atalak ere jaso dituzte turismo gidan.

Museoak
Aipatutakoak ez dira ordea, gidak eskaintzen dituen aukera bakarrak. Tolosaldea zein Goierri ezagutu nahi dutenek, bertako museo, interpretazio zentro eta turismo bulegoen datu zehatzak izango dituzte eskura, eta baita, jatetxeen eta lo egiteko tokien zerrendak ere. Bi eskualdeetako festa, azoka eta jai nagusien berri ere ematen dute gidan. 10.000 alde egin dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz, eta frantses-ingelerako bertsioa ere eskuragarri dagoela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!