Amaitu da. I. Ataria Pilota Txapelketaren azken partidak larunbatean jokatu ziren: finalak. Ikusgarriak izan ziren. Eta ikustera, jendetza gerturatu zen. Beheko harmailak lepo bete ziren, eta lehen solairura joan behar izan zuten pilotazaleek. Goikoan ere jendea sumatzen zen eguerdi parterako. Parte hartzea eta jarraipena kontuan hartuta, beraz, txapelketa arrakastatsua izan da. Zorionak guztiei!
Kirol mailari begiratuta ere balantzea positiboa egin behar. Gozatzeko moduko finalak izan ziren larunbatekoak.
Txikienak izan ziren kantxara irteten lehenak. Benjamin B mailako finala altzotarrek irabazi zuten: Gorostiaga-Muruak. Bikote polita osatzen dute, eta Alustiza-Agirre saiatu ziren arren, ezin gailendu ibili ziren partidaren zati handienean.
Benjamin A mailako finala borrokatua eta oso gogorra izan zen. Gorostidi anaiek pilota ezker-eskuin jotzen zuten, eta Belauntzaran ederki estutu arren, tantoa ez zen amaitzen. Larraulgo atzelari txikiak izugarri jokatu zuen, Urkaregiren laguntzarekin. Lehia benetan ikusgarria.
Alebinetan Ugartemendia alkizarra izan zen protagonistetako bat. Berak agintzen zuen jokoan, baina Amundarain-Gabirondok bikotea osatu zuten, eta izerdia pranko botata, txapela irabaztea lortu zuten. Etxeberria zizurkildarra iritsitako guztia eramaten aritu zen, lan zaila ederki konponduz. Final gogorra hau ere. Azkenean, hernialdearra eta gazteluarra nagusi.
Infantiletan, Estarbe-Lopetegi tolosarrak ongi hasi ziren, baina Ruiz-Olano amezketarra eta altzotarra iritsi ziren 18ra. Bikote sendoa osatu zuten irabazleek finalean.
Gomazko paletako bi finalak ere ikusgarriak izan ziren. Urkola-Herrero eta Otegi-Urdanpilleta asteasuarren artekoa lehiatua izan zen. Herrero eta Urdanpilleta atzelariak nor baino nor ibili ziren, maila polita erakutsiz.
Infantiletan, I. Ataria Pilota Txapelketako izarrak jokatu zuen. Ikusgarria esatea gutxi da. Adin horretan pala horrela ibiltzen duten gaztetxo gutxi egongo dira. Erabateko gozamena eta harridura sortu zuen bidania-goiaztar batek: Larrartek. Maider Mendizabalek badaki urte gutxiren bueltan partida gogor bati aurre egin beharrean izango dela. Txapela jantzi zuen, baina txapela kentzeko partida jokatu zuen Larrartek.
Emaitzak:
Benjaminak B, esku pilota
Gorostiaga-Murua 16
Alustiza-Agirrre 6
Benjaminak A, esku pilota
Gorostidi-Gorostidi 16
Urkaregi-Belauntzaran 11
Alebinak, esku pilota
Etxeberria-Ugartemendia 12
Amundarain-Gabirondo 16
Infantilak, esku pilota
Ruiz-Olano 18
Estarbe-Lopetegi 11
Alebinak, gomazko paleta
Urkola-Herrero 20
Otegi-Urdanpilleta 11
Infantilak, Gomazko Paleta
Larrarte-Aburuza 25
Zhang-Esnaola 4