Hirugarren edizioa, «ziurtatua»

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko eka. 27a, 10:12

Gipuzkoan barrena 11 tontor zikloturista martxaren bigarren edizioa ospatu zen larunbatean. Antolatzaileak, Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolako kideak, oso gustura geratu ziren. Balantzea egiterako garaian, ATARIA Irratiko Eutsi Goiari! kirol saioan, hirugarren edizioa ziurtaturik dagoela baieztatu zuten.

«Sentsazio oso onekin pasa genuen egun osoa; komentarioak oso onak izan baitziren. Guztia borobil atera zen, partaide kopurua, eguraldia...», zioen irratian Aitor Aiertza Oriakoko presidenteak.

Albiste onak etengabeak izan ziren arren, erorikoak ere gertatu ziren. Aitor Aiertza: «Iaz, irteera hartu eta zuzenean Bidania igotzen hasi ziren. Horrek tropela luzatu egin zuen, eta bakoitza bere tokian kokatu zen. Aurten, ordea, ibilbidean aldaketa izan da. Hasi eta segituan aldapa gora jartzea gogorregia zen, beraz, Goierrira abiatu ziren. Tropela elkarrekin joan zen, eta Larraitz ere horrela igo zuten. Abaltzisketatik Amezketarako jaitsieran, multzoan erorikoa egon eta gizon batek lepauztaia hautsi zuen. Beste eroriko txiki bat ere izan zen, gero, baina txapa eta pintura besterik ez zen izan».

Iazkoarekin alderatuta, ibilbidea ez da desberdintasun bakarra izan. Parte hartzean ere koska nabarmena egon da. Ia ehun pertsona gehiago elkartu ziren irteera puntuan, bigarren edizio honetan. «Iaz 200 parte hartzaile inguru izan ziren. Aurten, astebete faltan, ez ginen kopuru horretara iristen. Baina azken astean ez dakigu zer gertatu den, izen ematea izugarri igo da. Irteerara, guztira, 300 txirrindulari agertu ziren. Ez genuen horrelakorik espero, beraz, arlo horretan ere balantzea oso positiboa da», zion Aiertzak ATARIA Irratian.

Denborari dagokionez, 208 kilometroko ibilbidea egiteko lehenak sei ordu eta 40 minutu behar izan zituen; iaz baino 10 minutu gehiago. Zikloturista martxa bat ez da lasterketa bat, eta lehia norbere buruarekin izaten da. Helmugaratzen azkenak bederatzi orduren bueltan ibili ziren.

Ibilbide txikiari dagokionez, 70 kilometroak egiteko asmoz 40 txirrindulari atera ziren. Horietako batzuei motz egin zitzaien itzulia, eta aurrera jarraitu zuten. Aitor Aiertzak kontatzen duenaren arabera, Periko Delgadoren kasua hori izan zen: «Ostiralean deitu ziguten Periko etortzekoa zela esanaz. Emaztearekin hemen inguruan zebilela, eta irteerara azalduko zela. Bizikletarekin etorri ote zen galdetu genion, eta berak baietz. Ibilbidea erakutsi eta egitekotan motza egingo zuela esan zuen. Eta horrela izan zen. 70 kilometroak egitean, aurrera jarraitu zuen, Bidaniaraino. Han buelta hartu eta Tolosara. Helmugan, guztiekin argazkiak ateratzen, jator, gertuko,... izugarria izan zen. Gozamen bat».

Delgadoz gain, Joseba Beloki, Aitor Osa, Joanma Garate, eta Mikel Azparren txirrindulari ohiak ere Tolosan izan ziren. Horiekin batera, Etiopiatik etorritako bost txirrindulariek ere ibilbidea egin zuten. Pozik zegoen Aitor Aiertza, eta bigarren edizioa ondo bukatzean ematen duen indarrarekin, hirugarrena ziurra izango dela aurreratu zuen Oriako Txirrindulari Eskolako presidenteak. Gaur entrenatzen hasten den edonork, ziur proba egin ahalko duela.

 

Aitor Aiertza, Oriako Txirrindulari Eskolako presidentearen balantzea:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!