Finalak bakarrik geratzen dira

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 23a, 16:53

Ataria Pilota Txapelketako finalerdiak jokatu dira asteburuan, eskualdeko herri desberdinetan.

Benjaminak, Alkizan
Partida politak ikusteko aukera izan zuten Alkizan ostiral arratsaldean. Benjamin B mailako lehen partidan 16-11 irabazi zieten Gorostiaga-Murua altzotarrek, Irazu-Urkaregi larrauldarrei. Lehia ikusgarria jokatu zuten txiki hauek, gogorra eta parekatua hamaikana jarri ziren arte, orduan atsedenaldia eskatu zuten altzotarrek eta, bueltan,  zuzenean 16ra joan ziren. Lau pelotarien lana nabarmendu behar da. Maila bereko bigarren partida 16-13 irabazi zuten Agirre-Alustiza alegiarrek, Mateos-Yarza billabonarren aurka. Emaitzak adierazi bezala emozio handikoa izan zen eta ez zen erabaki ia azkenera arte; urduritasunak bere lana egin zuen eta nahi baino huts gehiago egin zituzten. Huts-egite gutxien egin zuen bikoteak irabazi zuen partida eta finalerako txartela.


Benjamin A mailako lehiak, berriz, tanto alde nabarmenagoarekin erabaki ziren. Lehen partidan aisa irabazi zieten Abaltzisketako Gorostidi anai bikiek Iraeta-Larrarte bidani-goiaztarrei: 16-4. Hasiertik hartu zuten abantaila abaltzisketarrek eta  oso eroso jokatu zuten. Saiatu ziren Iraeta-Larrarte, baina elkar oso ondo hartzen duten bikotea osatzen dute bi anaiek, eta ez da erraza hauei aurre egiten. Bigarren partida gogorragoa eta markagailuak erakusten duena baino parekatuagoa izan zen. Urkaregi-Belauntzaran larrauldarrek 16-9 irabazi zieten Rojas-Agirrezabala alegiarrei. Tanto luze, borrokatu eta ondo jokatuak izan ziren ia guztiak, baina emaitzak erakusten duen gisan, gehienetan larrauldarren zakura erori ziren. Beste inoren lana baztertu gabe, Belauntzaranena nabarmendu behar.


Alebinak, Ikaztegietan
Alebin mailako bi partida jokatu ziren ostiral arratsaldean Ikaztegietan. Lehenengoan, 16-10 irabazi zuten Etxeberria-Ugartemendia zizurkildarrek Aburuza-Olasagasti adunarren aurka. Ugartemendia nabarmendu zen beste guztien gainetik. Mutil indartsua eta pilotan oso ondo dakiena da, eta hasieratik agindu zuen; 10-0 galtzen, partida galdu samarrik ikusi eta lasaitu nonbait, eta orduantxe hasi ziren adunarrak beren maila erakusten; jokoa berdindu zen, baina ez markagailua. Bigarren partida, ikusgarria izan zen; bi bikoteek merezi zuten irabaztea, baina pilotan hau ezinezkoa da. 16-15 irabazi zuten Amundarain-Gabirondok, Hernialde eta Gaztelukoa hurrenez hurren, Garmendia-Gartziaren berastegiarren aurka. Ia 55 minutu iraun zuen partidak, bada zerbait, eta denetik ikusi genuen: kalitate handiko tantoak, nekagarriak, emozioz beteak ... Atzetik aritu ziren denbora guztian berastegiarrak, baina ez zuten etsi inoiz ere. Tantoa bukatzen gehiago asmatu zuen Amundarainek, eta behar bada hortxe egon zen gakoa. Banan banan, denek egin zuten zoriontzeko moduko partida. Esandakoa, pena bietako batek galdu beharra.


Gomazko paletan, Tolosan
Tolosako Beotibarren zuten hitzordua palaz ari diren neskek, larunbat arratsaldean. Alebinetako lehen partidan, Herrero-Urkola asteasuarrek irabazi egin zieten 25-20 Lekuona-Agirreri (Altzo-Alegia). Partida estua, bizi eta ondo jokatua izan zen. Ez zen erabaki ia azken unera arte eta detaile txikiek erabaki-irauli zuten balantza asteasuarren alde. Bigarren partida, alebin mailakoa hau ere, ez zen hain lehiatua izan; Urdapilleta-Otegi asteasuarrak erraz gailendu zitzaizkien Elgarresta-Oronoz zizurkildarrei, 25-4. Asteasuarren arteko finala dugu beraz.


Infantil mailakoen txanda izan zen segidan. Lehen partidan Larrarte-Aburuza bidania-goiaztarrek 25-9 irabazi zieten Maiotz-Aranburu asteasuarrei. Parekatua joan zen partida lehen tantoetan, seina jarri arte, baina Larrarte jokoan sartzen hasi zenean, ikustekoa da neska honen joko maila. Lehia bere aldera eraman zuten erraztasunez. Ondo aritu ziren asteasuarrak, eta partida bizia izan zen, baina ezin izan zuten bidania-goiaztarren joko eta sendotasunarekin. Maila honetako bigarren partidan Zhang-Esnaola orendaindarrek lortu zuten finalerako txartela 25-20 irabazita Elizegi-Segurola asteasuarrei. Parekatuagoa izan zen lehia hau, estuagoa emaitzak erakusten duen bezala, baina erritmoa falta izan zitzaion; inor nabarmentzekotan, erakutsitako sendotasunagatik batik bat, Esnaola.


Infantilak, eskuz, Amezketan
Infantiletako bi finalerdiak alde dexenteko emaitzekin amaitu ziren. Ruiz-Olanok (Amezketa-Altzo) 18-8 irabazi zieten San Sebastian-Altuna tolosarrei. Ruizen sakea eta Olanoren kolpea erabakigarriak izan ziren. Saiatu ziren tolosarrak, batik bat Altuna, partiduari eusten, baina berehala ikusi zuten zaila izango zela. Bigarren finalerdian, Estarbe-Lopetegi tolosarrak 18-11 gailendu zitzaizkien Otaño-Elola bidania-goiaztarrei. Emaitzak beste zerbait adierazten badu ere, partida piloteatua eta estua izan zen, baina tantoak tolosarren aldera erortzen zirenez azkenerako apur bat etsi egin zuten bidaniarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!