Tolosak aurrea hartu dio Zizurkili

Asier Imaz 2015ko eka. 22a, 19:09

Herriartekoaren finalerdietan elkarren aurka ari dira jokatzen eskualdeko bi herriak.

Tolosarrak hotz, zizurkildarrak bero. Harmailetako giroan Aiztondokoek irabazi zuten, zalantzarik gabe. Kantxako tantoek balio dute, ordea, eta hor, tolosarrak nagusitu ziren. Kanporaketa bideraturik utzi dute. Orain, itzulerako partidak jokatu behar dira, Zizurkilen.


Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa finalerdietan dago. Finalerako txartelaren bila, alde batetik, Tolosa eta Zizurkil daude. Bestetik, Azpeitia eta Astigarraga. Joan den asteburuan, joaneko partidak jokatu ziren. Datorrenean, itzulerakoen txanda izango da. Oraingoz, Tolosa eta Azpeitia aurretik dira, 2-1eko emaitzarekin.


Kadeteei begira
Itzulerako partidak ekainaren 26an, ostiralean, izango dira Zizurkilen, 20:15etik aurrera. Joanekoan gertatu zen bezala, oraingoan ere kadeteei begira egongo da mundu guztia. Ezer txarrik gertatu ezean, puntu horrek erabakiko du kanporaketa. Juan Manuel Erasun Zizurkilgo ordezkaria da, eta oraindik dena ez dela galdu dio: «Tolosan 2-1 galdu arren, orain etxean jokatzen dugu. Kadeteetan partida parekatua joan zen, eta zaletuen aurrean buelta emateko aukera ikusten dugu». Manu Aiertza beste aldean dago, Tolosaren ordezkari moduan. Eurek ere aurrera egiteko esperantza dutela dio Aiertzak: «Partida gogorra eta orekatua izango da, baina berriro irabazteko esperantzak ditugu. Aurrera egin nahi baldin badugu, berriro ere 2-1 irabazi behar dugu, tanteoaren bidez guretzat ezinezkoa delako».


Berdinketaren kasuan aldeko tantoak hartzen dira kontuan herriartekoan. Iragan larunbatean, kadeteetan sei tantoko aldeaz irabazi zuen Tolosak: 16-22. Jubeniletan, aldea handitu egin zen, 4-22 nagusitu baitziren tolosarrak. Nagusietan, ordea, Zizurkilek 22-0 irabazi zuen.


Ostiralean argi dago azken bi puntu horiek noren aldera eroriko diren. Jubeniletan Egiguren-Beloki bikotea oso sendoa da. Hori bai, 4-22koa errepikatzea zaila izango dute, zizurkildarrek Beotibarren erakutsitako maila baina handiagoa baitute. Erasunek hori nabarmentzen zuen: «Tolosarren bikotea beste maila batekoa da, elkar ederki ulertzen dira, eta horiei irabaztea zaila da guretzat. Hala eta guztiz ere, Garin-Arregiren maila lehengoan ikusi genuena ez dela esan nahiko nuke. Egun txarra izan zuten eta hor gelditu zen, baina ziur hurrengo partida borrokatuagoa izango dela».


Nagusietan berdin gertatzen da. Zizurkildarrek ia ziurra dute euren puntua maila horretan. Erasun atzelariarekin Iñaki Lizaso edo Peru Labaka ariko dira, eta esan daiteke, txapelketa osoko bikote sendoenetakoa osatuko dutela, aurrean bata zein bestea egon. Manu Aiertzak behin eta berriz esan bezala, tolosarrek meritu handia dute nagusietan: «Luzuriagak eta Otegik nahikoa egin zuten. Jubenilak dira, eta batek gainera pilota utzirik zuen. Lesioekin eta abar, maila horretan motz gelditu gara, eta onartu egin behar dugu. Hala eta guztiz ere, pilotariei eskerrak eman nahi dizkiet, ez baita erraza egurra jasoko dutela jakinda kantxara irtetea».  


Pilota borobila den bezala, kanporaketa ere borobila da, eta berriro ere kadeteetara garamatza. Zizurkilen defentsan Alberdik eta Arratek jokatuko dute. Tolosarren aldetik, Moralesek eta Jauregik. Tolosan ikusitakoaren arabera, gauza bat dago argi: Arrate lehertzen saiatuko direla tolosarrak, pilota atzean jarriz. Horretarako, gainera, izugarrizko dohainak dituzte biek, eta ikusgarria da pilotari ematen dioten abiadura. Moralesek lan oso txukuna egin zuen Beotibarren, «egin beharrekoa eginez», Erasunek zioen bezala. Jauregirekin, aldiz, harriturik gelditu zen Zizurkilen ordezkaria: «Bagenekien jotzailea zela, baina asko hobetu du. Goraka datorren pilotaria da». Akats gutxiko partida errepikatzen baldin badute, puntua lortzeko aukera handiak dituzte. Baina bada balantza oker dezaken faktore bat: Alberdi. Zizurkildarren aurrelariak pilotazaleak txunditu zituen Tolosan. Infantiletatik kadeteetara jauzia duela gutxi egin du zizurkildarrak. Gorputzean hori ongi nabaritzen zen. «Pilotari pilotaria da, buruz oso azkarra, eta oso arriskutsua. Airez sartzen zenean ez zuen pilota eraman bakarrik egiten, dominatzera pasatzen ziren, tantoa lortzen ez zuenean. Izugarri gustatu zitzaidan», zioen Manu Aiertza tolosarrak Alberdiren inguruan.  
Kontuak horrela, partida hori irabazten duenak finala jokatuko duela esan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!