San Joan suen bidez, udarari ongietorria emateko garaia

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 22a, 17:37

Igande arratsaldean hasi zen urtaro berria eta ohiturari jarraituz suak piztuko dituzte bihar gauean herriz herri

Magiaz betetako gaua izango da biharkoa. San Joan bezpera da, urteko gaurik motzena.
Tradizioak dio San Joan bezperan San Joan suak piztu eta gainetik salto eginda izpiritu txarrak uxatzen direla. Munduko hainbat tokitan egiten den erritua da eta noski, eskualdeak ez du huts egiten. Tolosaldean ere herri gehienetan piztuko dute sua plazetan edota baserri esanguratsuren batean. Eta esan beharrik ez dago, baserri edota etxe askotan ere familia edo lagunartean elkartu eta suak piztuko dituztela udarari ongietorria emateko.

Herri askotan sua piztu eta gainetik salto egiteaz gain, dantzariek eta abesbatzek emanaldiak eskainiko dituzte. Eta gehienetan, sua piztu aurretik, herri afariak egingo dituzte janaria norberak eramanda edaria udalaren edo herriko eragileren baten eskutik.

Ibarran, gainera, udalak plazan egin duen estalpea inauguratuko du 19:30ean, eta herriko abesbatzak abestuko du bertan. Ondoren egongo diren ekitaldi guztiak bertan egingo ditu Hauspoa kultur elkarteak.

San Joan bezperako egitarauak

San Joan suak

Abaltzisketa
• 21:30ean San Joan sua.
• Ondoren, San Joan dantza eta Soka Dantza, gazteen eskutik.

Aduna
• 20:00etan suaren inguruan afalduko dute herritar batzuk. Afaria Uztartzatik hartu daiteke edo etxetik eraman.
• 21:00etan Txulobi elkartean afalduko dute beste herritar batzuk.
• 22:00etan piztuko dute sua. Herriari oinez buelta emango diote. Txikienek, 6 urtetik beherakoek, zarata eginez joango dira; gazteak, 7 eta 12 urte artekoak, lizar adarrak eramango dituzte; eta helduek kandelak eta zuziak eramango dituzte.

Alegia
• 21:00etan piztuko dute sua, plazan. Ekitaldian parte hartuko dute Txintxarri abesbatzak, herriko txistulariek eta Sutarri dantza taldeak.

Alkiza
• 20:00etan guraso elkarteak antolatutako afari merienda.
• 22:00etan piztuko dute sua kanposantu ondoko aparkalekuan. Ondoren, dantzak, saltoak eta musika izango dira.

Altzo
• 21:15ean sua piztu eta bedeinkatuko dute eta Artea dantza taldearen emanaldia izango da. Edaria udalak jarriko du eta jatekoa bakoitzak eraman beharko du.

Amasa
• 21:00etan herri afaria egingo dute, plazan. Bakoitzak berea eraman behar du etxetik.
• 22:00etan piztuko dute sua eta ohiturazko dantzak egingo dituzte.

Anoeta
• 22:15etan txalapartariek San Joan bezperako suaren jaia iragarriko dute. Ondoren, suaren inguruan san joan zortziko kantuak abestuko dituzte eta erromeria egongo da ahoko soinuarekin.

Asteasu
• 21:00etan piztuko dute sua eta tradiziozko dantza egingo dute plazan.

Baliarrain
• 20:00etan egingo dute afaria. Janaria norberak eraman behar du eta Jai Batzordeak edaria jarriko du. Eguraldi ona egiten badu San Joan atsedenlekuan bilduko dira eta bestela herrigunean. Ondoren piztuko dute sua.

Berrobi
• 22:00ak aldera piztuko dute sua Urruti baserrian.

Belauntza
• 21:00etan hasiko dira sua pizten.

Berastegi
• 15:30ean hasita eta arratsaldean zehar eskolako umeen hainbat ekitaldi eta erakusketa: pilota, dantza, trikitilariak, judoa...
• 21:00etan afaria frontoian. Janaria norberak eraman beharko du eta edariak zein kafeak Guraso Elkarteak jarriko ditu.
• Ondoren, herriko dantzariek San Joan dantza egingo dute suaren inguruan. Gero aurtengo txorimaloak erreko dituzte.

Bidania-Goiatz
• 20:30ean bilduko dira parkean afari-meriendarako. Edariak udalak eta Ernio guraso elkarteak jarriko ditu. Ondoren piztuko dute sua.

Gaztelu
• 21:00etan afaria Erroizpe Azpi elkartean. Afaria norberak eraman beharko du.
• 22:30ean sua piztuko dute futbol zelaian.
• Ondoren, Txispiri guraso elkarteak eta Erroizpe Azpi elkarteak antolatuta haur eta helduek dantza egingo dute suaren inguruan.
• Gero herriko musikariek alaituko dute giroa.

Hernialde
• 21:00etan afaria frontoian.
• 22:00etan piztuko dute sua plazan eta suaren inguruan dantzatuko dute.

Ibarra
• 19:30ean plazako aterpe berriaren inaugurazioa udalaren eskutik eta ondoren, Ibarrako abesbatzaren emanaldia.
• 20:00etan herri afaria; afaria eta edalontzia norberak eraman beharko du, eta Hauspoak mahaiak eta sagardoa jarriko ditu.
• 21:30ean suaren inguruan dantza herriko dantzarien eskutik.
• 23:00etan erromeria musika eskolako trikitilariekin.
• 23:45ean mahaien eta aulkien bilketa herritarren artean.

Ikaztegieta
• 21:00etan afaria. Udalak mahaiak eta edaria jarriko ditu (ardoa, sagardoa eta ura) eta janaria norberak eraman beharko du.
• 22:30ean piztuko dute sua. Kultura Batzordeak herritarrak gonbidatu ditu suaren inguruan dantzatzera.

Irura
• 22:00etan sua piztuko dute San Migel plazan. Dantzari txikiak izango dira suaren bueltan eta ardo goxoa eta pastak banatuko dituzte.

Larraul
•20:00etan herriko trikitilari gazteen emanaldia plazan.
• Ondoren, afaria.
• Segidan, San Joan sua piztuko dute.

Lizartza
• 20:00etan urtero bezala bertan afaldu ahal izateko mahaiak erabiltzeko aukera izango da.
• Ondoren, sua piztuko dute.  

Orendain
• 20:00etan zahagi ardoa udalaren eskutik eta herritarrek jatekoa eraman beharko dute, plazan. Ondoren piztuko dute sua.

Orexa
• Urrutxugain, auzokideek antolatuta, afaria eta sua.

Tolosa
• 22:00etan San Joan sua piztuko dute Andre Maria plazan udalbatza bertan dela. Ondoren, Udaberri dantza taldea eta Tolosako musika banda ariko dira. San Joan zortzikoa jo ondoren, musika banda kalez kale ibiliko da. Ondoren Hodeiertz abesbatzak abestuko du.

Villabona
• 22:15ean piztuko dute sua Errebote plazan. Agurra eta San Joan dantzak egingo dituzte Oinkarik, Oinargik, Eresargik eta txistulariek. Eta Fandango eta Arin-Arin kalejira  Oinkarik, Oinargik eta trikitilariek egingo dute.

Zizurkil
• 20:00etan herritarrak plazan bilduko dira, eta Elbarrenako suak bisitatuko dituzte kalejiran.
• 22:30ak aldera, sua piztuko dute futbol zelai ondoko aparkalekuan, San Joan dantza dantzatu eta zizka-mizka batekin amaituko da festa.
• Zizurkil Goian, 22:30ean, sua piztuko dute Lardamuinon eta txokolate jatea egingo dute, San Millan eskolako Guraso Elkarteak antolatuta.

San Joan festak

Abaltzisketa
• 17:00. Frontenis Txapelketako finalak.
• 21:30. San Joan sua.
• Ondoren, San Joan dantza eta Soka Dantza, gazteen eskutik.
• Jarraian, asto karrera.
• Ondoren, Eganen emanaldia.

Anoeta
• 10:00. Herri krosa haurrentzat.
• 20:30. Herri afaria, plazan.
• 22:15. Txalapartariek San Joan bezperako suaren jaia iragarriko dute. Ondoren, suaren inguruan san joan zortziko kantuak abestuko dituzte eta erromeria egongo da ahoko soinuarekin.

Belauntza
• 21:00. Festei hasiera emateko sua piztea eta kanpai jotzea etxafuegoekin.
• 21:45. Herri afaria soinuarekin eta txiste kontalariarekin.

Tolosa
• 17:00. Txistularien kalejira, antzinako erronda-bidetik barrena.
• 18:30. Jaien hasiera iragartzeko suziriaren jaurtiketa udaletxeko balkoitik eta kanpai-iraulketa.
• 18:30. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera, Tolosako dultzaineroek lagunduta, Plaza Zaharretik.
• 18:30. Iraunkorrak txaranga ibiliko da kalez kale herria doinuz alaitzen.
• 19:30. Bertso jaialdia Zerkausian: Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Mikel Artola eta Haritz Mujika. Gai-jartzailea Iker Iriarte izango da.
• 20:00. Arrameleko San Joan kaperan bezperak eta konpletak.
• 22:00. San Joan sua piztuko dute Andre Maria plazan udalbatza bertan dela. Ondoren, Udaberri dantza taldea eta Tolosako musika banda ariko dira. San Joan zortzikoa jo ondoren, musika banda kalez kale ibiliko da. Ondoren Hodeiertz abesbatzak abestuko du.
• 23:00. Kontzertuak plaza Berrian: Sliver eta Unsain taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!