Urumeako olatu koloretsua 17:15erako iritsi da Anoetako Estadiora, gogotsu. Inposizioak, debekuak, eta gainonerakoak aurretik eramateko gogotsu.
Azpeitiako bandak zutik eta txaloka jarri ditu bertaratutakok arratsaldeko lehen doinuak jotzen hastean. Deba aukeratu dute horretarako. Eta segidan, dozenaka danborjole irten dira pistara, Gau Ibilera, Txuri-Urdin, Plazara Euskara, Donostia Martxa eta Gure Esku Dagoren kantua jotzeko. Danborren burrunbaren antzerakoak ziren harmailetako txalo zaparrada eta Independentzia! oihuak.
Eñaut Elorrietak ere gogorarazi du itsaso handi bat zela gaur Euskal Herria. Arrano baten eskuetatik Diasporatik ere mezu bera iritsi da: “Jarrai dezagun guztion artean lanean” zihoten.
Barearen ostean iritsi da ekaitza. Ekaitz zoriontsua. Eta mezu bakar bat zekarren ekaitz horrek, eserlekuetako kartelekin mosaiko erraldoi bat eginez lehenengo, dantzan ondoren, kantuan gero, eta elkarri eskutik helduta amaitzeko: GURE ESKU DAGO ERABAKIA, GURE ESKU DAGO ETORKIZUNA!
Anjel Oiarbidek, lehen botoa irudikatuz, aldarrikatu du “erabakiaren bidetik urratsak ematen hasteko garaia” dela honakoa: “Erabakiaren aroa hasten dugu gaur. Gaur hasi da fase definitiboa. Erabakitzen hastera goaz, eta hautetsontziei jarri gara jada”.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen mezuarekin amaitu da gaurko ekitaldia: "Sentitu, pentsatu, ekin"... hautetsontzietarantz, erabakitzera, independentziarantz.