Tolosa edo Zizurkil, bat finalera

Asier Imaz 2015eko ekainaren 19a

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira bihar

Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketa finalerdietan da. Alde batetik, Azpeitia eta Astigarrak neurtuko dituzte indarrak, eta bestetik, Tolosak eta Zizurkilek. Joanekoa eta itzulerakoa jokatu ondoren puntu gehien pilatzen dituen herriak, finala jokatuko du.

Tolosaldeko bi herrien arteko lehen jardunaldia bihar izango da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 19:00etan. Tolosa eta Zizurkilgo taldeko ordezkariak ados agertu dira, gakoa kadeteen partidan egongo dela esaterakoan. Jubeniletan Tolosaren bikotea indartsuagoa da, eta nagusietan alderantziz, ezbeharrik ez bada gertatzen, puntua Zizurkilen alde eroriko litzateke.

Kadeteetan, Tolosak Morales-Jauregirekin jokatuko du. Zizurkilgo bikotea, Alberdi-Arrate izango da.

Jubeniletan, Egiguren-Beloki tolosarrak izango dira faboritoak, Garin-Arregiren aurka.

Nagusietan, Zizurkilgo Labaka-Erasunek maila handiko pilotariak direla erakutsi nahiko dute, Otegi-Errazinen aurka.

Bi jardunaldiren ondoren puntuetan berdinketa egongo balitz, aldeko tantoek erabakiko dute lehia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!