Partaidetzazko aurrekontuetan lehenetsi dituzte proiektuak

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 19a, 11:02

'Naturan, kirolaz bizi eta hezi' proiektuak jaso du puntuaziorik handiena, guztira 40 puntu

Partaidetzazko aurrekontuen barruan Tolosaldeko batzarra egin zen herenegun arratsaldean Tolosako kultur etxean. Jasotako 64 proposamenetik proiektuak lehenestea zen tailer horren helburua. Hamar proiektu lehenestea eta beste ordezko hamar proiektu izatea zen asmoa. Azkenean, 11 proiektu lehenestu dira, 10.enak eta 11.ean puntuazio berdina jaso baitute. Zerrendan lehenengoa Naturan, kirolaz bizi eta hezi proiektua izan da. Ordezkoen zerrendari dagokionez, bost proiektuk 5 puntu jaso dituzte eta bederatzi proiektuk 4 puntu. Batzar jendetsua izan zen: 80 pertsonatik gora izan ziren bertan.

Orain, ekainaren bigarren hamabostaldian, Tolosaldeko batzarrean lehenetsitako proposamenak aztertuko dituzte aldundiko teknikariek, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez argitu ahal izateko.

Hurrengo fasea irailaren erdialdean izango da. Eskualde bakoitzeko batzar irekietan eztabaidatuko da juridikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren egitasmoen zerrenda. Hortaz, batzar horietan parte hartzen duten herritarrek onartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko 2016-2019ko aurrekontuetan txertatuko diren egitasmoen zerrenda.

Horrela, aldundiko departamentuek herritarrek erabakitako egitasmoak txertatuko dituzte haien aurrekontuetan eta, horrekin batera, Batzar Nagusietako talde politikoen ordezkariei aurkeztuko dizkiete. Azkenik, eskualde bakoitzeko herritarrek hobetsi dituzten proiektuak txertatuko dira aldundiaren gobernuak prestatzen duen aurrekontu proiektuan.

Lehenetsitako proiektuak

1. Naturan, kirolaz bizi eta hezi proiektua. 40 puntu.

2. Tolosaldeako bidegorri sarea osatzen joatea. 26 puntu.

3. Saiaz Mankomunitateko furgoneta berria erostea. 25 puntu.

4. Etxeko lanetan eta zaintza lanetan ari diren emakume kanpotarren jabekuntza eta lan arloko babes juridikoa bermatzeko proiektua. 18 puntu.

5. Landa eremuko herri bideen konponketarako urteroko dirulaguntzaz gain, langabetuentzako programa bat bideratzea hori egiteko. 15 puntu.

6. Brigada multizerbitzua. 50 urtetik gorakoei zuzenduta. 12 puntu.

7. Telekomunikazio sarea sortzea eskualde guztirako. 12 puntu.

8. Oinezkoen bideak egokitu, haien segurtasuna bermatzeko. 8 puntu.

9. Erosketak banatzeko zerbitzu itinerantea. 7 puntu.

10. Mendekotasunak dituzten pertsonentzako laguntzak handitu. 6 puntu.

11. Eskualdeko energia planari jarraipena eman eta ekintzak abian jarri. 6 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!