#E21 Gure Esku Dago

Aldarrikapenetik ekintzetara

Jone Amonarriz 2015ko eka. 18a, 12:08

Argazkia: Unai Sorarrain

Ekainaren 21a «izugarria» izango da. ‘Gaur hautetsontzia, bihar erabakia’ lelopean, norabide berean jarriko ditu herritarrak. Erabakitzeko eskubidea eta agintarien ardura «ozen» aldarrikatuko dituzte.

«Hemengo eta kanpoko agintariei erabakitzeko eskubidea beraien egunerokoan sartu behar dutela eskatu behar diegu eta horretarako, behar-beharrezkoa dugu gizartearen zati handi baten babesa». Tolosaldeko Gure Esku Dagok ekainaren 21ean Donostiara joateko deia luzatu die herritarrei, beste behin.

Joan den urtean giza katearen inguruan sortu zen mugimenduari esker ekimena herrira zabaltzea lortu zutela eta gizartearen erantzunarekin oso gustura geratu zirela gogoratu dute Beñat Sarasolak eta Koldo Rabadanek.

Aurten, aldiz, helburua urrutirago doala gehitu dute, «aldarrikapenetik ekintzetara pasatzea da gure helburua».

Hautetsontzia irudi eta helburu

Aurrerapauso bat eman du ekimenak eta hori irudikatu nahi izan dute hautetsontziarekin. Erabakia ehuntzeko urtea izan da. Herritarrak josten jarri dituzte, elkarlanean. Leidorren egin zuten aurkezpen ekitaldia otsailean, Joste Eguna antolatu zuten apirilean, eta egindako lana borobiltzeko eguna izango da datorren igandea.

Antolatzaileek argi dute «jendetza» bilduko dela hiriburuetan. Egun hauetan hainbat eragilek egin dute festara batzeko deia; pasa den asteburuan, adibidez, sostengu «zabal eta anitza» eman zioten Gure Esku Dago dinamikari ehundik gora pertsona ezagunek. Azken astea mugimendu handikoa izaten ari da, oro har; bai hedabideetan, bai sare sozialetan eta baita dendan bertan ere. «Ekimena bide onetik doanaren erakusle da hori».

Egunetik egunera dimentsio handiagoa hartzea espero dute antolatzaileek. «Zergatia erraza da; anitzak garelako eta gure dinamikan guztiontzat lekua dagoelako. Erabakitze eskubideak batzen gaitu». Horregatik, Rabadanen esanetan, ekainaren 21a hitzordu garrantzitsua izango da, ozen adierazteko herritarrek erabaki egin nahi dutela. «Herritarrok, Euskal Herritarrok, norabide berean bultza egingo dugu. Hori bera izugarria da jada».

Kamiseta soinean eta irria ahoan

Aldarte ona, umorea eta pazientzia. Horiek dira Sarasolak herritarrei eskatzen dizkien hiru osagaiak. Gaur hautetsontzia, bihar erabakia lelodun kamiseta soinean eta irribarre zabal batekin jaso nahi dituzte Donostiara bertaratzen direnak; gazteak, helduak, bertakoak, kanpokoak, pentsamolde batekoak edo bestekoak.

Erabakitze eskubidea koherentzia jokaera bat dela dio Rabadanek. «Askotan errepikatzen diegu seme-alabei erabakiak hartu behar dituztela, eurei dagozkien erabakiak. Heldutasunera iristean, ordea, zer esan behar diegu? Ezin dutela erabaki? Nongotar sentitzen diren ez dela beraien erabakia? Zer erantzun behar diegu orduan? Printzipio demokratiko batez ari gara, lurraldetasunetik haratago doana, eta beraz, familia osoek parte hartu beharreko jarduna da. Agian horregatik, erabakitze eskubidearen inguruko babes instituzional eta herritarra geroz eta zabalagoa da».

Bi arduradunek ilusioa eskatzen dute, bere etorkizuna erabaki nahi duen herritarraren ilusioa. «Irria ahoan aldarrikapena egitera goaz, eta ekintza erakustera, hau da, hautetsontzia erakustera». Horregatik, kamisetaz gain, ilusioa eta irria ezinbesteko osagaiak izango dira bai igandean, eta baita ekimenaren ibilbidean zehar ere.

Haurrentzako gunea Ilunben

Igandean hainbat gune izango dira martxan Donostian egun osoan zehar. Hitzordu nagusiak bi izango dira: oihal katea 12:00etan batetik, eta Anoetako ekitaldia 17:30ean bestetik. Urumeako sei zubien artean egingo da oihal katea. Herri bakoitzak azken hilabeteotan apaindutako eta jositako pieza guztiak batuko ditu kate koloretsuak; eta eskualdeka antolatuko da. Ekitaldi nagusiari dagokionean, 17:30ean hasiko bada ere, ateak ordubete lehenago zabalduko dituzte. Emanaldia «sorpresaz beterikoa eta partehartzailea» izango dela aurreratu dute Tolosaldeko arduradunek. Anoetako mini-estadioan ere izango da zer ikusia eta zer entzuna egun osoan zehar eta dohainik; Lain, Glaukoma eta Su ta Gar musika taldeen kontzertuak, besteak beste.
Etorkizuneko belaunaldiek leku pribilegiatua izango dute Ilunbe zezen-plazan. Bertan kokatuko da familia gunea eta «inoiz ikusi gabeko ikuskizunarekin» egingo dute topo bertaratzen diren haurrek.

Goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak eta egun guztian zehar puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, goma jauzia, tirolina, apar festa eta dibertsiorako hamaika kontu gehiago izango dira. Ilunbe Izarrez Argitu ikuskizuna eskainiko dute 12:30ean Gipuzkoako pailazoek, kirolariek, suhiltzaileek, Gu ta Gutarrak saioko kideek eta Irrien lagunek, besteak beste. Bazkaria eta dantzaldia ere egingo dira. Bai Anoetako eta bai Ilunbeko sarrerak (independienteak dira) eta aurtengo materiala dendan egongo dira salgai, Tolosako Enperadore kalean igandea bitarte; 18:00etatik 20:30era astean zehar eta 10:30etik 13:00etara larunbatean.

Bestalde, garraiobideak indartu egingo dituztela eta garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute antolatzaileek. Izan ere, «izugarria izango da Donostian bilduko den jendetza». Eta Asgarth musika taldearen abesti ospetsuak dioen moduan, «ahaztezina izango dela» ez dago dudarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!