Udan ere, mediku euskaldunak euskaldunekin ordezkatzeko eskatu dute

Ataria 2015eko ekainaren 17a

Mediku elebidunak erdaldunekin ez ordezkatzeko eskatu dute hainbat eragilek

Osasun alorrean hizkuntza eskubideen urraketa etengabea da. Egoera hori okertu egiten da nabarmen uda garaian, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontutan hartu gabe egiten denean. Iazko udan langile elebidunak erdaldunekin ordezkatu ziren hainbat kasutan.

Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, Osakidetzari prebentzio lana egin dezan eskatu diote Kontseiluaren baitan biltzen diren osasungintza lantaldeko kideek (Behatokia, EHE, OEE, Topagunea eta UEMA), LAB sindikatuak, Medikuntzako Asanbladak eta Berdin elkarteak.

Eragile horiek nabarmendutakoaren arabera, «iaz gertatu ziren arazoei irtenbide partzialak eman zizkien Osakidetzak, eta kasu gehienetan hainbat herritarrek eta eragilek elkarlanean egindako presioari esker izan zen». Aipatu dutenez ez dute onartuko iaz gertatu zen moduan azaleko konponbideak ematea.

Osasungintza euskalduntzeko bidean, UEMAk ordezkatzen dituen udalerriak lehentasunezkoak beharko lukete izan eragile hauen ustez: «bereziki hauskorrak diren herriak direlako».

Osasun zerbitzuak euskalduntzeko lanak hezkuntza prozesutik bertatik hasi behar dutela uste dute, «izan ere, une honetan ikasle euskaldunek zailtasun handiak dituzte euren ikasketak euskaraz egin ahal izateko». Euskalduntze prozesuak ongi antolatutakoak, planifikatuak eta baliabidez hornituak behar dute. Esan dutenez, «ez da onargarria oraindik ere zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik gabekoak kontratatzeko bidea zabalik egotea».

Herritarrei dei egin diete euren osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasunak badituzte, euren kasua jakinarazi dezaten. Horretarako formulario bat sortu dute www.euskarazbizinahidut.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!