Segalarien asteburua, eskualdean

Asier Imaz 2015ko eka. 17a, 09:07

Bi proba izango dira; larunbatean Tolosan, 17:00etan, eta igandean Zizurkilen, 18:30ean.

Tolosaldeko segalariak etxean ariko dira asteburuan. Larunbatean, 17:00etan,  Tolosako Iurreamendin egin beharko dute lana, eta igandean, 18:30ean, Zizurkil Goian. Lehena Almitzak antolatutako jardunaldia da, eta bigarrena, Gipuzkoako Federazioak.


Tolosan, Euskal Herriko Bakarkako VII. Sega Ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Europako Txapelketa jokatuko duen taldea bertatik aterako da. Horretarako, jardunaldi guztietako puntuak batuko dira, eta lehen hamar gizonezkoek eta bost emakumezkoek osatuko dute Euskal Herria ordezkatuko duen taldea. Horien barruan, 30 urtetik gorakoen maila dago, eta hor, hiru gizonezkok eta emakumezko bakarrak lortuko dute txartela. Europako Txapelketa Azpeitian jokatuko da aurtengoan, abuztuaren 28an, 29an eta 30ean.  


Aurreko jardunaldiak Loiolan eta Beramendin jokatu ziren. Orduan bezala orain ere gizonezkoek 10X10 m2-ko saila moztu beharko dute, eta emakumezkoek 7X5 m2koa.


Sailkapen orokorrean, gizonezkoetan, Bixente Mitxelena doa lehen postuan, Jesus Mari Goenaga eta Koldo Arzelus Erreka tolosarraren aurretik. Guztira 28 segalarik eman zuten liga hasieran izena. Batzuk jardunaldi bakarra jokatuta ageri dira, Europako Txapelketarako txartela lortzeko aukerarik gabe. Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, Errekarekin batera, ondorengo segalariak agertzen dira: Anoetako Oier Urkola eta Joakin Garmendia; Tolosako Mikel Lizartza; Ikaztegietako Andoni Dorronsoro; Baliarraingo Jokin Garmendia eta Arkaitz Arteaga eta Orendaingo Andoni Egia eta Jexuxmari Ormaetxea Urki.


Emakumeetan sei segalarik eman zuten izena. Alatzne Etxaburua zizurkildarrak jardunaldi bakarra jokatu zuen, ondorioz, Azpeitian egoteko aukerarik gabe geratu da. Beste bost segalarik ziurtaturik dute Europa mailako lehiarako txartela, horietatik bakarra baita 30 urtetik gorakoa. Horien artean, hiru eskualdeko segalari daude: lehen postuan dagoen Alaitz Imaz hernialdetarra; hirugarren doan Ainhoa Galarraga ibartarra, eta bosgarren dagoen Ainara Otamendi, hau ere Ibarrakoa.


Azkartasun proba, Zizurkilen
Igandean, 18:30ean, segalariak ikusteko aukera Zizurkil Goian egongo da, azkartasun proban. Emakumeek 50 m2ko saila moztu beharko dute, eta gizonezkoek ehunekoa. Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen proba honetan, nesketan, Ainara Otamendi (Ibarra), Ainhoa Galarraga (Ibarra) eta Alatzne Etxaburua (Zizurkil) ariko dira lanean. Laugarren segalaria Irati Astondoa izango da. Bizkaitarra izan arren, Gipuzkoa mailako lehian ariko da zeanuriarra.


Gizonezkoetan, hamar segalari izango dira Zizurkilen igandean, eta horietatik lau izango dira eskualdekoak: Pello Argalla zizurkildarra; Jexuxmari Ormaetxea Urki orendaindarra; Jokin Garmendia baliarraindarra eta Joakin Garmendia anoetarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!