Herrikoia, baina maila txukuna

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 16a, 20:06

Irteera puntuan 400 korrikalari baino gehiago elkartu ziren larunbatean, T3T proban. Izena eman zutenetatik %10ak huts egin zuen. «Horrelako lasterketetan ohikoa izaten da hori», esan zuten antolakuntzatik. Paper eskola inguruan zirenek, ez zuten zalantzarik, 42 kilometroko ibilbideari ekiteko prest zeuden.

Ikusi argazki galeria

Hasieratik hartu zuen aurrea Hassan Ait Chaou billabonatarrak. Lehen tontorrean, Hernion, zain zegoen jendea. Baina inor gutxi ohartu zen Ait Chaouren etorreraz. Hurrunean, mendi muinoan agertu behar zuten korrikalariek, baina billabonatarra oharkabean pasa zen handik, eta konturatzerako, harkaitzetan gora zetorren: 1:04 Hernion. Zelatundik gurutzera igotzeko denbora gehiago behar duenik izango da. Giroa bezain fresko pasa zen Hassan Ait Chaou bertatik, Aralarko Adiskideek ematen zuten 300 euroko saria irabaziz. Harritzeko sasoia mutilarena. «Hasieran aldea hartu dut, eta hori mantentzera joan naiz. Ondo», zioen helmugan billabonatarrak, arnas estu handirik gabe. Harrapazak!

Beste 300 euroak Oihana Kortazarrek irabazi zituen. Mutrikuarra lasterketa buruan zebilen, eta test moduan egitera etorri zen proba. Irabazteko indartsu nabaritu zenez, irabazi egin zuen. Ez da alferrik munduko onena, edo bigarren onena, edo berak nahi duen bezain ona.

Hiru tontorrak Hassan Ait Chaouk igo zituen lasterketa buruan. Horrez gain, igoera azkarrenak ere bereak izan ziren: Hernion, Uzturren eta Erroizpen. «Erritmo biziagoa duen korrikalaria da. Bigarrenari 10 minutu atera dizkio, eta hirugarrenari 18. Beste maila batean dago», zioen Joseba Usabiaga antolatzaileak. Kortazarren inguruan beste horrenbeste esan daiteke; lasterketa 18. amaitu zuen larunbatean, eta hori nahikoa ez bada, hurrengo egunean beste lasterketa bat zuen eta... nekea baino nekaezinagoa.

Ondorioz, zera esan daiteke: T3Tren lehen edizioan, munduko bi lasterkari onenetakoak, podiumaren tontorrera igo zirela. Antolatzaileak horren jakitun, gustura agertu ziren: «Hurrengo urtean zaila izango da maila hori mantentzea. Markari dagokionez, kostako da hortik jaistea». Ea bi korrikalari horiek hurrengo urtean ere etortzen diren.

Ibarbia eta Artola, gorantza

Koska bat atzerago beste bi korrikalari aipatu behar dira, azpimarratzeko moduko lana egin zutelako: Zizurkilgo Aitziber Ibarbia, eta Amasako Ugaitz Artola.

Lesioa medio geldirik egon ondoren, Ibarbia itzuli da. Bere buruak ordea tranpa txiki bat egin zion; ikasgaia: «Lasterketa oso ondo hasi dut, erritmo politarekin. Eroso sentitzen nintzen, eta Hernio pasa ondoren, Uzturrera oso azkar igo naiz. Belaten txakalaldi dezentekoa sartu zait, ordea. Susperraldi moduko bat izan dut Berrobi inguruan, baina Elduaindik Erroizperakoan kalanbreekin hasi naiz. Azken 10 kilometroak suplizioa izan dira; denbora asko galdu dut».

Ibilbidea gustatu zitzaion Ibarbiari, eta lokatzarekin baino lehen orduetako hezetasunarekin sufritu zuen. Horregatik, ondoren, freskatzea eta langarra gustura hartu zituen zizurkildarrak. Ibarbiak, antolatzaileentzat ere hitz batzuk esan nahi izan zituen helmugan. Ezer txarrik ez; alderantziz, beste ikasgaia: «Oso polita izan da dena. Bidea oso ondo markaturik eta garbiturik zegoen. Badakit lan asko egiten aritu direla, eta eskertzekoa da. Gu pribilegiatu batzuk gara. Bidea prestatzen digute, eta guk aprobetxatu egiten dugu. Egia da lasterkaririk gabe ez dagoela lasterketarik; antolatzailerik gabe lasterketarik ez dagoen bezala. Zorionak!».

Ezustekoa eman zuena eskualdeko korrikalari bat izan zen: Ugaitz Artola. Inork gutxi espero ez zuenean iritsi zen helmugara amasarra, hau da, hirugarren postuan. Eta hitza hartu zuenean, ezustekoa oraindik eta handiagoa izan zen: «Duela bi aste hasi nintzen korrika». Aitor Elduaien lasterketako esatariari gutxigatik ez zitzaion mikrofonoa erori lurrera. «Neguaz geroztik bizikletan ibili naiz, eta fondoa hor hartu dut. Gero azken 15 egunetan hankak jarri eta gozatzera. Gozatzera ahal den neurrian; gogorra ez, hurrengoa izan baita», argitu zuen amasarrak. Korrika hasi berria dela onartu zuen azkenik, eta bere aurretik helmugaratu zirenak beste puntu bat dutela esan zuen, «eta horiei segitzea ia ezinezkoa da».

Hasiberriak, boluntarioak eta...

Hassan Ait Chaou helmugara iritsi zenean, batzuk Irurako kontrola pasa berria zuten. Lau ordu zituzten hara iristeko, eta lauk bakarrik ez zuten lortu. Elduainen, ez zen kaleratzerik egon, ezta helmugan ere. Azken puntu horretara hamar orduren azpitik iritsi beharra zegoen. Mendi maratoia herrikoia zenez, eta askorentzat modu horretako lehen lasterketa, antolatzaileengan zalantza sortu zuten: «Ea %85ak bukatzen duen». Bada, bai. 50 parte hartzaile inguruk utzi zuten lasterketa, hau da, %12ak. Ondorioz, Joseba Usabiagak apustua egin izan balu, galtzaile suertatuko zen. Egiari zor, esan beharra dago irabazlearen denbora iragartzerakoan oso gertu ibili zela, beraz, barkaturik dago. «Herrikoia izanagatik, maila handiko lasterketa izan da», zioen antolatzaile tolosarrak.

Ezbeharren atalean, Gurutze Gorriaren lana txalotu zuen Usabiagak. «Urretxuko gazte bati Erroizpeko igoeran pultsua azkartu zitzaion. Bertan artatu zuten, eta ondoren, Asuncion Klinikara eraman zuten. Baina etxean da eta ez da ezer larria izan. Horrez gain, ohiko zain tiratuak eta txorkatiletako arazoak izan dira, baina ezer larririk ez».

Sufrimendua, beraz, bakoitzaren gorputz barruan geratu zen. Eta horrek, argazki ederrak eskaini zituen; bai helmugan, eta baita mendi tontorretan ere.

T3T mendi lasterketak bazuen ezaugarri berezi bat: eskualdeko korrikalari hasiberrien presentzia handia. Herniora horietako bat nahiko bizi iritsi zen, Jon Altuna Eibar futbol taldeko jokalari ohia. Ibartarra zelaian bezain fresko ikusten zen. Bazuen, ordea, kezka bat: «Hau gogorra da, ea helmugara iristen naizen». Bost orduren bueltan, 83. postuan, hantxe zen ibartarra helmugan.

Boluntarioek ere bere aipamena merezi dute. Joxe eta Nausi, beste hainbatekin batera Zelatunen ziren goizean goiz. Ait Chaou eta Kortazar baino azkarrago iritsi zirela esan dezakete. Anoa gune dotorea atondu zuten bertan. Uzturren Aralarko Adiskideek salda eta txorizo egosia banatu zuten ikusleen artean, musika doinuekin giroa jarriz. Erroizpen berastegiarrak jarri ziren; mendia eurena dela aldarrikatzeko edo. Giro paregabea jarri zuten bertan, eta barre algarak etengabeak izan ziren. Taldeko indartsuenari segurtasunaren ardura eman zioten, gainera. Honek ardura bakarra zuen: lasterkariei plastikozko basoa eskuetatik kentzea, eta plastikoen poltsara botatzea. Serio hartu zuen lana, gainera: «Hemendik ez dek inor pasako basoa bota gabe». Iruran, Alkizan, Elduainen... guztira 200 boluntario baina gehiago aritu ziren lanean, kanpotik ere maratoiari giro herrikoia jarriz. Eta hori, ikusleek ere eskertu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!