Astelehenean hasiko dira Anoeta eta Tolosa arteko bidegorria eraikitzen

Ataria 2015eko ekainaren 16a

Lanen ondorioz, Anoeta eta Tolosa arteko errepidea moztuta egongo da, astelehenetik aurrera, bi hilabetez. Ez dio eragingo Tolosa-Anoeta autobus zerbitzuari

Aspaldidanik Tolosa eta Anoetako biztanleek eskatutako proiektua da bidegorriarena. Aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzaileetan presente izan da, baina Batzar Nagusietan oposizioak atzera bota zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, beste partidetatik dirua bideratuta eraiki egingo zuela azaldu zuen apirilean, "egitasmo garrantzitsua" zela iritzita. Bada, bihar hastekoak baziren ere, azkenean astelehenean hasiko dira lan horiek egiten.

Hori dela, Anoeta eta Tolosa arteko errepidea bi hilabetez moztuta izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, "epe hori laburtzeko saioa" egingo den arren. Zirkulazioa, beraz, N-I errepidetik bideratuko da.

Dena den, errepide mozketak ez dio Tolosa-Anoeta autobus zerbitzuari eragingo, ibilbidea aipatutako errepidetik egiten jarraituko baitu. Oinezkoei eta txirrindulariei ez die eragingo, baina gunean lanak egin behar direnez, arretaz ibiltzeko eskatu du aldundiak.

Bidegorria 2016ko urtarrilerako eraikita egotea aurreikusten du Aldundiak. 845.890 euro bideratuko dituzte obra horretarako, eta bidegorriaz gain, ibilbide zati horren segurtasuna eta argiteria hobetuko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!