San Joan Sariko pilota partidak jokatuko dira Beotibarren, asteazkenean

Asier Imaz 2015ko eka. 15a, 19:53

Gipuzkoako Herriartekoan Zizurkil eta Tolosa aurrez aurre finaleko ateetan

Lau t’erdiko San Joan Pilota Txapelketa finalera begira jarri da. Asteburuan hiru finalerdi jokatu ziren, eta asteazkenean, bi jokatuko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 19:30etik aurrera. Lehen partida etorkizunen mailakoa izango da. Alde batetik, Laso kantxaratuko da, eta bestetik Olaizola III.a. Lau t’erdian biak ariko dira nor baino nor finaleko txartelaren bila. Bigarren partidan, Santxok eta Lopezek neurtuko dituzte indarrak. Asteburuko lehiak jokatu ostean,  Zubizarreta, Errandonea eta Urretabizkaia finalean daude. Aipatu azken hau ikaztegietarra dela. Ondorioz, Santxo edo Lopezen aurka jokatuko du finala. Azken partida horiek ekainaren 24an, 17:30ean jokatuko dira Tolosako Beotibarren.


Zizurkil eta Tolosa, herriartekoan
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ere finalerdietan sartuko da. Esku pilota modalitatean eskualdeko bi herri iritsi dira finalaren atarira. Orain, elkarren aurka lehiatzea tokatzen zaie Tolosari eta Zizurkili. Horrek, bietako bat finalean izango dela esan nahi du. Asteburu honetan hasiko dira joaneko eta itzulerako partidak jokatzen. Ataria Irratian bi herrietako arduradunekin hitz egingo dute asteazkenean, 12:30ean hasten den Eutsi Goiari! kirol saioan.


Finalerdietara iristeko, Zizurkilek Azkoitia utzi behar izan du bidean, eta Tolosak Hernani. Joan den ostiralean jokatu zituzten itzulerako partida erabakigarriak. Biei gainera etxetik kanpo jokatzea tokatu zitzaien. Joanekoan 2-1eko emaitza lortu zuten, alde, eta errentari eusteko helburuz joan ziren kanpora pilotariak. Tolosak kadeteetan eta jubeniletan berriro ere irabaztea lortu zuen, eta nagusietan Hernani gailendu zen. Ondorioz, joaneko emaitza berarekin, kanporaketa 4-2 irabazi zuten tolosarrek.


Zizurkilekin ere antzeko gauza gertatu da. Etxean 2-1 irabazi zuten Aiztondokoek. Azkoitia, ordea, izen handiko taldea da eta txapelketan aurrera jarraitzeko gogotik borrokatu behar zutela bazekiten zizurkildarrek. Horrela egin zuten, nahiz eta galtzen hasi Azkoitian. Kadeteetan 14 tanto lortu zituzten eskualdekoek. Jubeniletan 22-19 irabazi zuten, eta nagusietan, erraz. Ondorioz, joaneko partidak kontuan hartuta, hauek ere kanporaketa 4-2 irabazi dute.


Bi taldeek kanporaketaren aurretik elkarren aurka jokatu nahi zutela adierazi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!