8 herri 8 kolorez musikatuta

Jon Miranda Labaien 2015ko eka. 15a, 16:36

Zortzi herrik osatzen dute Loatzo Musika Eskola mankomunitatea. Ekainaren 19an, ostiralean, 22:00etan, Ibarrako Belabieta kiroldegian eskainiko dute ikuskizuna; 400 ikasle inguruk hartuko dute parte.

Loatzo Musika Eskola zortzi herri txikik mankomunatuta duten zerbitzua da. Badu bereizgarri hori beste musika eskolekin alderatuta. Miren Mujika irakasleak aipatu duenez, «kontuan hartu behar da zortzi herri direla, izateko eta funtzionatzeko modu ezberdinekin. Datorren ostiralean egingo dugun ikuskizuna, zortzi herriak batzeko modu bat izango da». Ikuskizun bakar batean zortzi herrietako ikasleak ariko dira elkarrekin baina haien bueltan herri ezberdinetako udal ordezkari, herritar, guraso eta irakasleak jardungo dute. «Herri txikien arteko batura handi bat izango da. Loatzo Musika Eskola zer den irudikatuko dugu oholtza gainean».

Erronkak maite dituzte musika eskolan. Ikasturte amaierako ekitaldiak urtero egin ohi dituzte, baina musikarekin batera beste diziplinetako sorkuntzei lekua egin izan diete azkeneko urteetako ikuskizunetan. «Mikel Laboa hil eta urtebetera emanaldi handi bat prestatu genuen Adunan. Orduan, mugimendua, antzerkia, bertsoa... uztartu genituen musikarekin batera», gogoratu du Mujikak. Lehen ikuskizun integrala izan zen hura, baina gerora gehiago etorri dira; adibidez, 2010-2011 ikasturte amaieran 10. urteurrena ospatzeko antolatu zutena.

«Oraingo hau ordea, lehen aldia izango da 4 eta 8 urte bitarteko haurrek gisa honetako ikuskizun batean parte hartuko dutena», nabarmendu du Irati Artutxa irakasleak. Egongo dira helduagoak ere, abesbatzan, bandan, orkestran eta talde instrumentaletan parte hartuko dutenak. Adin ezberdinetakoak nahastuta ariko dira datorren ostiraleko emanaldian: «12 eta 14 urte artekoak zaindu nahi genituen eta beraientzako aproposa den ikuskizun bat prestatu nahi genuen. Askotan, ez dute beren burua eroso ikusten txikiagoekin, baina ikuskizun hau gauez izango da eta hori motibatzeko modukoa ere bada adin horretako gazteentzat».

22:00etan hasiko da emanaldia. «Ostirala da eta ikasturteko azkeneko eguna. Akaso berandu izan daiteke txikienentzat, baina ahalik eta erosoen egon daitezen saiatuko gara eta seguru gaude ikuskizun aparta borobilduko dugula», aipatu du Artutxak.

Hasieran Ibarrako Gazte Festen barruan eskaini asmo zuten ikuskizuna. «Gero festa horiek aurreratu zirela jakin genuen baina guk data berdinarekin jarraitu genuen». Gainera Ibarra aukeratzeko beste arrazoi bat ere eman du Mujikak: «Bere garaian mankomunitatearen sortzaileetako bat izan zen Ibarra, baina urteotan musika eskolan integratzea kosta zaio. Musika tailerretan umeen matrikulazioa, proportzioan, baxuagoa da Ibarran beste herrietan baino. Ez dakigu zein den arrazoia». Datorren ostiraleko emanaldiak balioko du, beraz, Loatzo Musika Eskola oraindik ere herrian gehiago errotu eta proiektuari bultzada bat emateko.

Belabieta kiroldegia aukeratu dute ikuskizuna eskaintzeko. «Euria egiten badu jendea babesteko balioko du eta nahiko leku badago gerturatu nahi duenarentzat». Akustika kiroldegian ez da nahi bezain ona. Mujikak aitortu duenez, «oihartzun handia du tokiak baina soinu kalitate ona lortuko dugu. Gure irakasle eta Vendetta taldeko kide den Enrike Rubiños ibartarra ari da lanean teknikoekin eta seguru gaude emaitza ona lortuko dugula».

400 ikasle inguruk hartuko du parte ostiraleko ikuskizunean. Horietako bi dira Nerea Telleria eta Goizeder Azurmendi. Gogoz daude ikuskizunaren eguna iristeko. «Guk bi kantu eskainiko ditugu eta egunotan irakaslearekin gogor ari gara entseatzen».

Oro har, irakasleen ustez, ikasleek ilusioz hartu dute parte hartzea. «Senideak emanaldia ikustera etorriko direla jakiten dutenean orduan gehiago motibatzen dira», aipatu du Artutxak. Jende aurrekoetara ohitzeko baliatzen dituzte musika eskolan era honetako emanaldiak: «Orain arte ikasturte amaierako emanaldiak herrian bertan eskaini izan dituzte, euren herritarren aurrean eta ez dira hain urduri jartzen. Oraingo hau ikuskizun zabalagoa da».

Badira urduri jartzen diren ikasleak eta kikildu egiten direnak jende aurrean. «Gutxien espero duzun ikaslea harrotuta azalduko da eta gero badira oholtza gainean hazi egiten diren ikasleak». Ume bakoitza mundu bat da... kolore bat.

Zortzi kolore ikuskizun bakarrean

Loatzo Musika Eskolan duela urtebete inguru hasi ziren datorren ostiraleko emanaldia prestatzen. «Hasiera batean ipuin musikatu bat asmatu eta ikasturte amaierako emanaldi gisa herri bakoitzean emanaldi bana eskaintzeko asmoa genuen». Gerora etorri zen ikuskizun bateratuaren ideia eta pixkanaka joan da garatzen.

Zazpi kolore ziren hasiera batean ikuskizunerako oinarri hartu zituztenak, «baina mankomunitatean parte hartzen duten herriak zortzi direla jakinda, zortzi kolore erabiltzea erabaki genuen». Irakasleak izan ziren ideia edukitu zutenak eta gero ideia hori bera garatu dutenak. Taldeetan banatu, gidoia osatu eta emanaldirako kantuak prestatu dituzte ikasturtean zehar.

Ez da musika emanaldi soil bat izango. Beste espresio bide batzuk ere erabiliko dituzte zortzi kolorez osatutako emanaldia egiteko. Musika tailerretako ikasleek abesten duten bitartean koreografiak eskainiko dituzte. Horrekin batera, kantu eta kantuen artean esketxak egongo dira eta horiekin eramango da ikuskizunaren haria. «Amaia Agirre bertsolaria publikotik hasiko da bertso bat kantatzen eta segidan agertuko dira umeak oholtza gainean; mundu gris batetik, koloreztatzen doan mundua irudikatuko dugu. Ikasleek atzetik datorren kolorearekin lotuko dute hurrengoa. Zuriarekin nahastuko dute gorria, arrosa sortuz, esate baterako».

Kolore bakoitzak kantu bana izango du: Zapi zuriarena kantuarekin irudikatuko dute kolore zuria. Urdina adierazteko, berriz, Itsasoa gara erabiliko dute. Gona gorriaren kantua moldatuko dute ikuskizunerako eta horrela zortzi koloreak osatu arte.

Une horretan zortzi koloreak batera ikusi ahal izango dira agertoki gainean, ikasleek ere kolore horiek erabiliko baitituzte beren jantzietan. Musikariak bakarrik joango dira beltzez.

Musikari gisa, bandan eta orkestran ariko dira ikasleak, gazteak eta helduak elkarrekin. Txikienak izango dira koloreekin jolas egingo dutenak: lau eta bost urte bitartekoek bi kantu eskainiko dituzte, beste bi sei eta zazpi urte bitartekoek eta abesbatzak lau kantu emango ditu. Amaieran, Gure Esku Dago ekimenerako osatutako kantua eskainiko dute. Horretarako koreografia bat asmatu dute Loatzoko irakasleek eta herri bakoitzeko ikasle banak dantzatuko du. Denek elkarrekin, oholtzatik eta publikotik kantatuko dute abestia. Hain justu, hurrengo egunean egingo da erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen erraldoia Euskal Herriko hiriburuetan.

Indar erakustaldi bat izango da ekainaren 19ko ikuskizuna. Ikasturte honetan, 600 ikasle inguru aritu dira Loatzo Musika Eskolan, zortzi herrietan banatuta eta horietatik 400k pare hartuko dute datorren ostiraleko emanaldian. Irakasleek harro hitz egin dute ikasleez: «Eskertu behar zaie jartzen duten gogoa. Gure ikasleetako askok badakite egoten, batetik bestera mugitzea tokatu izan zaie urte guzti hauetan». Ohiko klaseetatik eta jardunetik aparte ahalegina eskatzen du era honetako ikuskizun bat prestatzeak. Entseguetara joateko herriz mugitu behar izaten dute maiz eta ikasleak batetik bestera garraiatzen aritzen dira gurasoak.

«Guraso askok lagunduko digute ostiraleko emanaldian», aipatu du Irati Artutxak. «Oholtzara nola igo, nola jaitsi, non kokatu, non eseri antolatuko dugu gurasoen laguntzaz. Irakasleetako batzuk ere parte hartuko dugu emanaldian beraz ezinbestekoa izango da gurasoen parte hartzea».

Neurri batean, auzolanean antolatu dute ostiraleko emankizuna. Mankomunitatea osatzen duten herriei laguntza eskatzen zaie okasio hauetarako: «Azpiegitura nagusia Ibarrako Udalak jarriko du, baina esate baterako, oholtza Alegiatik ekarriko dute. Adibidez, Villabonako Oinkari dantza taldeari eskatu diogu oholtza atzean jartzeko tela». Guztien ekarpena eskertzen dute Loatzotik.

Eskerrak ematen hasita Loatzo Musika Eskolako ikasleak zortzi herrietako udal ordezkariekin gogoratu dira. «Mankomunitatearen inguruko erabakiak batzorde batean hartzen dira eta bertan herrietako udal ordezkariek hartzen dute parte, musika eskolako zuzendari eta administrarirekin batera», aipatu du Mujikak. Azken legealdian batzorde horretan parte hartu duten ordezkariei eskerrak emateko baliatuko dute, baita ere, ostiraleko ikuskizuna.

Bertsoak: Amaia Agirre

4 eta 7 urte bitarteko musika tailerretako haurrek: Zapi Zuria, Gorri gorria, Arrosako zolan eta Kolore- Kolore

8 eta 12 urte bitarteko abesbatzako haurrek: Itsasoa gara, Munduko loreak, Besarkatu eta Nork agindu du

Azken kanta guztiek elkarrekin: Gure Esku Dago

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!