Tamaina handiko opera

Mikel Iraola 2015ko eka. 11a, 18:25

Altzoko Erraldoia ardatz, txotxongilo opera bat sortu dute Topic-ek eta Donostia 2016k

Migel Joakin Elizegi altzotarra aski ezagun egin zen XIX. mendeko Europan. Bi metro eta 42 zentimetroko gizona zen, eta Altzoko Handia gisa ezagutzen zuten. Bere garaierak, zirkuko protagonista bilakatu zuen, eta hori dela eta, herrialde ugari bisitatu zituen.

Bere istorioa, ordea, ez zen XIX. mende hartan soilik ezagun egin. Egun ere bada haren arrastorik. Orain, gainera, bere istorioa gehiago ezagutaraztearren, txotxongilo opera bat sortu dute Topic zentroak eta Donostia 2016 ekimenak, Barakaldoko Antzokiarekin elkarlanean.

Proiektuak hainbat diziplina uztartzen ditu: txotxongiloak, kantua, musika, opera... «Harreman bitxiak baina aberasgarriak dira. Gure lurraldean ez da ohikoa, baina bide berri horiek zabaltzea da Europako kultur hiriburu batek egitekoa», dio Xabier Payak, Donostia 2016ko kultur zuzendariak.

Son handiko taldea bildu da proiektua aurrera eramateko. Esaterako, David Azurza herritarrak konposatu du musika; txotxongiloak Nestor Basterretxeak diseinatutakoak dira, eta ondoren bere senideek sortuak; Koldo Izagirrek egin du liburuxka, baita beste hizkuntzetarako itzulpenak ere; Xabier Lozano tolosarra izango da argiztapenaren arduradun; txotxongilolari lanetan La Enana Naranja izango da; eta zuzendari artistikoa, berriz, Emmanuel Marquez mexikarra izango da. «Partida jokatu aurretik irabazteko moduko taldea», dela dio Payak.

Hori gutxi balitz, beste hiru bakarlari –Jagoba Fadrique baxua, David Azurza tenorra eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa–, lau musikari –Tomas Ruti bioli- jotzailea, Luis San Sebastian klarinete jotzailea, Rakel Rivera flauta-jotzailea eta Iraide Ansorena perkusio egilea– eta 20 bat umez osatutako korua izango dira taula gainean. Lehen emanaldietarako, Orfeoi Txikia izango da kantuan.

Aurrestreinaldia irailaren 12an izango da, Topic-en, eta estreinaldi ofiziala, Charleville-Mezieresko (Frantzia) Nazioarteko Txontxongio jaialdian egingo dute, munduko jaialdirik garrantzitsuenean. «Oso zaila da bertan egotea, baina lortu dugu. Dudarik gabe Donostia 2016rekin batera joateak lagundu du. Luxu bat da, eta ikuskizunarentzat plaza bikaina», azaldu du Idoya Otegi, Topic-eko zuzendariak.

Baloreetan oinarritutako obra

«Tradizioaren eta modernitatearen arteko nahasketa. Alaia. Sintetikoa. Ausarta». Orotariko adjektiboak ezartzen dizkio Emmanuel Marquez zuzendariak obrari. «Hasieratik maitemindu nintzen obraz eta asko zaindu dut. Tradizioa errespetatuz zerbait berria nahi nuen eta lortu dugula esango nuke», azaldu du mexikarrak.

Haur nahiz helduentzat egindako ikuskizuna dela nabarmendu du Marquezek. «Horregatik zaindu dugu diseinua. Ezin genuen sinpletasunean erori». Zentzu horretan Nestor Basterretxeak egindako lana goraipatu nahi izan du zuzendariak: «Esker ona adierazi nahi diot. Bera ezagutu izanak esanahi handia izan du nire bizitzan. Beti laguntzeko prest egoten zen, baiezkoa zen erantzun bakarra. Ilusio handia zuen baina tamalez ezin izan du ikusi».

Xabier Payak, berriz, «balioetan hezteko obra» dela azaldu du. «Aniztasuna lantzen du, lurraldetasuna oso nabaria da, eta bereziki, proiektu honen atzean kultur ondarearen berreskuratzea dago».

Munduan barrena

Frantzian estreinatuko dute, baina ondoren ere munduan barrena ibili nahi dute Altzoko Haundia ikuskizuna. Mexikon gaztelerazko bertsio bat egingo dute, diseinu berberarekin, eta zati batzuk euskaraz. «Mexikon euskal kultura oso presente dago, baina ez da azaleratzen, eta lan honen bidez hori lortu nahi dugu» dio Marquezek.

Bi herrien arteko antzekotasunak ere topatu ditu Marquezek proiektu honen bidez. «20 hizkuntza daude Mexikon. Maya euskara bezain zaharra da, eta horrek eman die bi herriei kultur aberastasun hori. Euskaldunek beren identitatea hizkuntzan bilatze horrekin identifikatuta sentitu naiz».

Helburua, dena den, gainontzeko lekuetara iristea izango da. Horretarako itzulpenak prestatu dituzte: frantsesera, alemanierara, polonierara... «Euskara ezagutarazi nahi dugu» dio Marquezek.

Ez hori bakarrik. Umeen korua eta musikariak obraren ardatzetako bat direnez, tokian tokiko koruei eman nahi zaie protagonismoa. Hala eta guztiz ere, grabaturiko bertsio bat ere ekoiztuko dute, horrenbesteko giza baliabideak ez dituzten herrietan ere egin dezaten obra. «Hori ez dadila muga bat izan. Edonora iritsi nahi dugu» dio Payak. Pertsona gorrentzat ere itzulpenak izango ditu ikuskizunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!