Hori entzun genuenean haiengana jo genuen, kontu eske, eta mespretxuz jaso gintuzten. Guk esan genien ea zertan ari ziren, eta matxista hutsak zirela, eta beraiek erantzun zuten bromak hartzen ez genekiela, eta beraiek oso pertsona finak eta aurrerakoiak zirela, arazoa gu izango bagina bezala. Umiliatuta sentitu ginen eta haietako batzuk oldarkor agertu ziren, besoekin keinuak eginez, «Zer? Zer?» esanez eta iraindu gintuena babestuz. Guk espero ez bezala, kuadrilla hartako inork ez zigun babesik adierazi. Gure lagun taldea etorri zenean alde egin genuen, haiekin ez baitzegoen hitz egiterik.
Honen aurrean adierazi nahi dugu emakumeok horrelakoak askotan jasan behar izaten ditugula, eta nazkatuta gaudela, neska izateagatik soilik, horrelako erasoak jasan behar izateaz. Eraso sexista gehiagorik ez!