Lanean hasteko garaia

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 10a, 19:33

11 alkate berri egongo dira datozen lau urteetan

Larunbatean egingo dituzte udal gobernuak eratzeko osoko bilkura gehienak. Udal hauteskundeek alkate berriak utziko dituzte 11 herritan; 5 gizon eta 6 emakume.

Pasa den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako zurrunbiloa datozen egunetan bukatuko da. Izan ere, herritarrek aukeratutako hautetsiek karguak hartuko dituzte herriz herri egingo diren osoko bilkuretan. Batetik, zinegotziek karguak hartuko dituzte eta bestetik, alkateak izendatuko dira.  
Tolosaldeko 28 herrietatik bi izango dira osoko bilkurak egingo ez dituzten udaletxe bakarrak; Albiztur eta Baliarrain.

Lehenengoan PSE-EEk lortu zuen alkatetza, baina ez du kargua hartuko, eta ondorioz, orain arteko alkateak, Gregorio Iraolak, jarraituko du jardunean kudeaketa batzordea eratu arte. Baliarrainen udal hauteskundeetan ez zen alderdirik aurkeztu eta beraz, sei hilabete barru izango dituzte hauteskundeak. Gainontzeko herri gehienetan larunbatean egingo dituzte osoko bilkurak.

Printzipioz ez da ezustekorik espero eta gobernu eraketak normaltasun osoz egingo dira.
Hauteskundeetako emaitzekin emango den aldaketa bakarra Larraulen emango da. PSE-EEk bertan hautetsi bat atera zuen eta berez, zinegotzi kargua Manuel Huertasek hartu beharko luke, baina bai Huertasek eta baita zerrendako gainontzeko hautagaiek ere uko egin dute, eta beraz, Ibarrako PSE-EE alderdiko alkategaiak, Felix Asensiok, hartuko du Larraulgo zinegotzi kargua. Ibarran sozialistek ez dute hautetsirik lortu.

 

Osoko bilkurak

  • Abaltzisketa. Larunbatean, hilak 13, 11:30ean, udaletxean.
  • Aduna. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Alegia. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Alkiza. Larunbatean, hilak 13, 08:00etan, udaletxean.
  • Altzo. Larunbatean, hilak 13, 13:30ean, udaletxean.
  • Amasa-Villabona. Larunbatean, hilak 13, 10:00etan, udaletxean.
  • Amezketa. Larunbatean, hilak 13, 10:30ean, udaletxean.
  • Anoeta. Larunbatean, hilak 3, 12:00etan, udaletxean.
  • Asteasu. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Belauntza. Larunbatean, hilak 13, 11:00etan, udaletxean.
  • Berastegi. Larunbatean, hilak 13, 10:00etan, udaletxean.
  • Berrobi. Larunbatean, hilak 13, 09:00etan, udaletxean.
  • Bidania-Goiatz. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, erabilera anitzeko gelan.
  • Elduain. Astelehenean, hilak 15, 09:00etan, udaletxean.
  • Gaztelu. Larunbatean, hilak 13, 10:00etan, udaletxean.
  • Hernialde. Larunbatean, hilak 13, 13:00etan, udaletxean.
  • Ibarra. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Ikaztegieta. Larunbatean, hilak 13, 10:30ean, udaletxean.
  • Irura. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Larraul. Larunbatean, hilak 13, 18:00etan, udaletxean.
  • Leaburu-Txarama. Larunbatean, hilak 13, 13:00etan, udaletxean.
  • Lizartza. Larunbatean, hilak 13, 09:00etan, udaletxean.
  • Orendain. Ostiralean, hilak 12, 19:00etan, udaletxean.
  • Orexa. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Tolosa. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.
  • Zizurkil. Larunbatean, hilak 13, 12:00etan, udaletxean.

 

Alkate berriak


Joseba Elduaien
Herria: Altzo
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 7
EH Bilduk lortu zituen boto gehien maiatzaren 24an. Bilduko Miren Balerdik pasako dio lekukoa.

Iban Agirre
Amasa-Villabona
Alderdia: EAJ
Hautetsiak: EAJk 6, EH Bilduk 6 eta PSE-EEk 1
Azken lau urteetan Bilduko Galder Azkue izan da alkatea. Orain aldaketa eman da, EAJk gobernatuko du.  

Amaia Azkue
Berastegi
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 6
eta EAJk 3
Azken lau urteetan Bilduk izan du alkatetza. Aritz Mujikak pasako dio lekukoa.

Jose Angel Urkizu
Herria: Elduain
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 5
Bilduko Izaskun Kerexetak pasako dio alkate izateko ardura EH Bildu koalizioko alkategaiari.

Gari Aranzabal
Herria: Gaztelu
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 4 eta Udaberri Taldeak 1
Bilduk gobernatu du azken legealdian. Aitziber Barandarain izan da alkatea azken hilabeteetan.

Mikel Agirrezabala
Herria: Ibarra
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 6 eta EAJk 5
Alkatetza errepikatuko du koalizioak; Bilduko Jexux Peñagarikanok egingo dio lekua EH Bilduko ordezkariari.

Bakarne Otegi
Herria: Ikaztegieta
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 4 eta EAJk 3
Azken lau urteetan bezala koalizioa abertzaleak izango du alkatetza. Iker Otamendi izan da alkatea azken legealdian.

Ana Leunda
Herria: Irura
Alderdia: EAJ
Hautetsiak: EAJk 5 eta
EH Bilduk 4
Aldaketa eman da. Azken legealdian Bilduk gobernatu eta gero orain, EAJ alderdia izango da buru. Ainhoa Ugaldek pasako dio lekukoa.


Aneli Urbieta
Herria: Larraul
Alderdia: Larraulgo Herritarrak
Hautetsiak: Larraulgo Herritarrak 6 eta PSE-EEk 1
Larraul Aurrera herri plataformako Xabier Mujika izan da alkate azken lau urteetan, eta lekukoa pasako dio Urbietari.

Leire Gordo
Herria: Lizartza
Alderdia: EH Bildu
Hautetsiak: EH Bilduk 7
2011ko udal hauteskundeetan era Bilduk lortu zuen alkatetza. Begoña Balerdik azken lau urteetako egitekoa utzi eta lekua egingo dio alkate berriari.

Olatz Peon
Herria: Tolosa
Alderdia: EAJ
Hautetsiak: EAJk 9, EH Bilduk 7 eta PSE-EEk 1
Aldaketa utzi zuten azken hauteskundeek. Bilduk gobernatu eta gero, orain EAJk izango du zeregin hori. Ibai Iriartek pasako dio lekukoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!