Tolosa eta Zizurkil elkarren aurka jokatzetik gertu, herriartekoan

Asier Imaz 2015ko eka. 10a, 16:09

Tolosa eta Asteasuren arteko kanporaketa

Final laurdenetako partidak ostiralean jokatuko dituzte bi herrietako pilotariek. Hernani eta Azkoitia kaleratuz gero, finalerdietan elkar ikusiko dira.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa azken txanpan sartzear dago. Esku pilota modalitatean, eskualdeko bi ordezkarik lehian jarraitzen dute: Tolosak eta Zizurkilek.

Iragan asteburuan final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten. Zizurkilek etxean Azkoitia izan zuen bisitari. Kadeteetan galdu egin zuten Aiztondokoek, baina jubeniletan eta nagusietan irabaztea lortu zuten. Orain, Azkoitian, 2-1eko errenta horri eusten saiatuko dira. Partidak ostiralean izango dira, 22:00etan.

Tolosak ere etxean jokatu zuen, eta Hernaniri 2-1 irabazi zion. Kasu honetan bi puntuak kadeteetan eta jubeniletan lortu zituzten tolosarrek. Bi partida horiek irabazten saiatuko dira ostiralean, Hernanin, 19:30ean hasiko den jardunaldian.

Biek aurrera eginez gero, finalerdietan elkarren aurka jokatuko lukete. Horrek zera esan nahiko luke: Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean, eskualdeko ordezkari bat egongo zela.

 

Arduradunen hitzak

Juan Manuel Erasun zizurkildarren taldeko kidea da. Aizkoitiaren aurkako joaneko partidak oso gogorrak izan zirela dio, "nahiz eta emaitzek ez duten hori erakusten". Irabazi arren, kanporaketa %50ean dagoela uste du Erasunek: "Azkoitia talde handia da. Historia handia dauka, eta baita pilotariak ere. 2-1 aurreratu arren, han jokatzen dugu, eta oso gogorra izango da. Hala eta guztiz aurrera jarraitzeko ilusioarekin gaude". Horretarako zaletuen babesa nahi du zizurkildarrak, eta joanekoan izan zuten babesa eskertuko luke Azkoitian. Beraz, herritarrak ostiralean euren pilotariak babestera animatu ditu.

Kanporaketaren gakoa jubeniletan ikusten du Juan Manuel Erasunek. Nagusietan garaipena lortzeko aukera handiak dituzte, eta kadeteetan, aldiz, alderantzizkoa. Tarteko mailan 22-14 irabazi zuten joanekoan, baina 16-14 joan zirela gogoratzen du Erasunek. 2-1 galduz gero, egindako tantoak hartuko dira kontuan, eta hor, Zizurkil, + 10 dago.

Manu Aiertza Tolosako taldearen arduradunetako bat da. Euren kanporaketan gakoa kadeteetan egongo dela dio. Jubeniletan bikote bikaina dauka Tolosak, eta nagusietan ia ezinezkoa izango da puntua lortzea, aurrekoan 22-0 galdu baitzuten. Hala eta guztiz ere, nagusien ekarpena azpimarratzen du Aiertzak, euren esfortzurik gabe taldea ezin izango baitzuten osatu. 2-1 galduz gero, zaila izango zuen Tolosak aurrera egitea, aldeko eta aurkako tantoetan jai dutelako. Horregatik, garaipenaren bila joango dira tolosarrak.

Azkenik, bi herrietako ordezkariak ados daude finalerdiez hitz egiterakoan. "Oso polita izango zen Tolosaldeko bi herrien arteko kanporaketa suertatzea. Ea horrela den eta biok lortzen dugu helburua", dio Aiertzak. Erasunek ere onena opa dio Tolosari. Berarentzat ere handia izango baitzen eskualdeko honetako bi herri elkarren aurka aritzea finalaren atarian. Horrek, gainera, bietako bat finalean egotea esan nahiko luke, eta hori ere garrantzitsutzat jotzen dute Tolosaldearentzat.

Tolosa

Kadeteak: Morales-Jauregi

Jubenilak: Egiguren-Beloki

Nagusiak: Errazkin-Otegi

 

Zizurkil

Kadeteak: Alberdi-Arrate

Jubenilak: Garin-Arregi

Nagusiak: Labaka-Erasun

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!