«Errealitatearen ikuspegi partziala ematen dute zurrumurruek»

Iñigo Terradillos 2015eko ekainaren 10a

SOS Arrazakeriak, Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko udalek antolatuta, zurrumurruen aurkako bi tailer egingo dira. Lehenengoa bihar emango du Xabier Aierdik, Lehiberrin, 09:30ean hasita. Kulturak eta nortasunak, aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak izena du tailerrak.

Aurreiritziak izatea arazoa da?
Aurreiritziak, neurri batean, logikoak dira eta pertsona guztiok ditugu. Lotura handia du errealitatean ezagutzen dugunarekin, eta errealitateaz ez dugu asko ezagutzen. Aurreiritziekin bizi behar dugu, baina kontua da aurreiritziak, estereotipoak eta klixeak biztanle jakin batzuk diskriminatzeko erabiltzen direnean. Hori gertatzea, orduan bai hasi behar dugu zurrumurru horiei, aurreiritzi horiei aurre egiten. Hortik doa egingo dugunaren mamia: nola egin aurre zurrumurruei eta zergatik.

Zer eragiten dute zurrumurruek?
Errealitatearen ikuspegi oso partziala ematen dute, eta partzialtasun hori osatu egin behar da beste ezagutza batekin. Ahal den neurrian, epe luzeko jardun batekin zurrumurruei aurre egin behar zaie.

Krisiak ugaldu egin ditu zurrumurruak?
Bai, baina ez halabeharrez. Askotan krisia erabili daiteke arrazoi modura, baina sarriago erabiltzen da aitzaikia modura. Norberak nahi duena esateko edo aspalditik pentsatzen zuena esateko, krisiari egozten zaio erantzukizuna. Egoera kritikoan gaudela eta logikoa dela jendeak horrelako iritziak izatea esaten da. Eta hori ez da kontua: jendeak betidanik ditu iritzi horiek berarekin eta arazoa krisiaz baliatzea da aspalditik uste zena plazaratzeko.

«Lehenengo gureak lagundu behar ditugu eta gero akaso besteak» esaldia askotan entzuten da.
Esaldi unibertsala da eta beharbada esaldi hori da garrantzitsuena fenomeno guzti honetan. Horri deitzen zaio norbereen preferentzia. Zaila da ideia honen aurka egitea, jendeak errealitatea ikusten duelako ikusi nahiko lukeen modu homogeneoan. Homogeneotasuna gertatzea zaila da. Hortik aurrera, horrek horrela izan behar duen ala ez da eztabaidatu behar dena. Jendeak ezberdinekin bizitzeko edukitzen duen disgustotik bideratzen da, eta normalean arrakasta izaten dute. Hor dugu Marotok abiarazitako mugimendua. Beste batzuek pentsatzen dugu gizarte batean ekarpena egiten duten eta bizi diren guztiek eskubide berberak dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!