Gutunak argitaratzeko irizpidea dela-eta

Ataria 2015eko ekainaren 8a

Tolosaldeko Atariaren oharra gutunak argitaratzeko irizpideaz

Villabonako hainbat herritar-ek izenpetuta Tolosaldeko Atariak joan den astean, ekainaren 5ean, ataria.info webgunean, eta ekainaren 6an, astekarian, argitaratutako “Villabonako EH Bildu ez bozkatzearen arrazoiak...” gutunak, eztabaidaren erdigunean jarri du herritarren gutunak argitaratzeko aplikatu ohi dugun irizpidea: idatziak zuzentasuna eta errespetuzko kodeak betetzen baditu, hala eskatuz gero, gutun bidaltzailea identifikatzeko datuak jasota, goitizen edo antzekoaren pean argitaratzeko aukera ematea eta anonimotasuna bermatzea.

 

Gertakariak auzitan jarri du irizpidea, eta zera adierazi nahi dugu Tolosaldeko Atariaren norabidea daramagunok:

 

  1. Akatsa izan da sinadura gabeko gutuna argitaratzea, irakurleek eta gutunean zuzenean aipatuek eskubidea dute-eta jakiteko nor(tzuk) zuzentzen zai(zki)en.

  2. Tolosaldeko Atarian ez da berriro izaera juridikoa duen talde edo pertsonak sinatu gabeko edo behar bezala erregistratu gabeko gutunik argitaratuko.

Herritarren iritziak eta eztabaidak kanalizatzeko bidea izaten jarraitu nahi dugu. Gure Ataria irekia izango duzue beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!