"Aupa amatxo! Aupa Irati"

Asier Imaz 2015ko eka. 8a, 16:53

Alatzne Etxaburuak irabazi zuen Irati Astondoaren aurkako apustua, atzo Zizurkilen. Ordubeteko lanaren ondoren, 200 kiloko aldea atera zion zizurkildarrak zeanuriarrari.

"Irati maitea du alabak. Beti biok animatzen ibiltzen da, eta lehengoan, horrela esaten zidan: 'Ama, Iratik irabazten baldin badu ere berdin du, baietz?'". Apustuan zehar animo oihuak alde guztietatik eta alde guztientzat entzuten ziren. Baina bazen ahots bat besteengandik nabarmentzen zena, mezuagatik eta konstantziagatik. Etxaburuaren alaba ez zen nekatu, "aupa amatxo! aupa Irati!" behin eta berriz errepikatuz.

Atzoko apustua oihu horretan laburbildu daiteke: Apustuaren inguruan sumatzen zen giro naturala; maila handiko bi kirolariren arteko lehia gardena; ordubeteko animo eta lana; eta "amatxo" lehena eta "Irati" bigarrena. Baina Etxaburuaren alabak apustuaren aurretik zihoen bezala, alderantziz izango balitz ere, ez zen ezer gertatuko Zizurkilen, igandean. 

Aizkoran eta segan. Hori zen mahairen bueltan alde bakoitzak 2.000 euro jarri zituenean adostu zena. Aizkorari beldurra zioten, inoiz ibili gabeak baitziren bata zein bestea. Astondoa aurretik ibiliko zela esaten zuten adituek. Bi protagonistak entzun ondoren, Ataria Irratian, hori gertatuko zela zirudien. "Aizkoran urduri nengoen, baina Igorrek eta Iñaki asko lasaitu naute. Tartea genuela esaten zidaten, behin eta berriz, lasai ibiltzeko", zion Etxaburuan apustua amaitu ondoren. "Asko frenatu" zuten zizurkildarra. Alde batetik, erritmotik atera eta lehertzeko arriskua zegoela, eta bestetik, segan abantaila zutenaren jakitun zirelako. Konfiantza zuten, beraz, laguntzaileek kirolariarekin, eta kirolariak laguntzaileekin. Eta ongi atera zitzaien.

Lehen enborra aurretik bota bazuen ere Etxaburuak, Astondoak amaitu zituen aizkorako lanak aurrena. Lau kanaerdikoak 19:59an ebaki zituen. Etxaburuak 21:52 behar izan zuen. Ia bi minutuko alde horrek emozioa handitu zuen. Baina Amarotzen jaiotako zizurkildarra belarra mozten hasi zenean, argi geratu zen apustua berea izango zela. Erritmorik aldatu gabe, aizkoran bezala, txor-txor lanean jarraitu zuen. Etxaburuak onartu bezala, bere erritmoan hasi eta amaitu zuen: "poliki egiteko, Iñakik eta Igorrek besterik ez zidaten esaten aizkoran, lasai joateko, kolpea asmatzeko. Kolpe mantxoa daukat nik, bai aizkoran eta baita segan ere. Nik nere martxan jarraitu dut denbora guztian, ez dut uste jaitsi naizenik".

Irati Astondoaren kasuan, alderantziz gertatu zen. Bizi-bizi ibili zen aizkoran, eta segan erritmo horretan saiatu zen. Apustuaren lehen lanean bizkaitarra ikusgarri aritu zen. Fisiko izugarria duen kirolaria dela erakutsi zuen Astondoak, eta epaileak 60 minuturen ondoren txilibitua jo zuen arte, dena ematen jarraitu zuen. Txapela kentzekoa zeanuriarraren erakustaldia.

Proba amaitzeko hamar minutu falta zirenean, "Etxaburuak baietz 300 Astondoari" zioen artekariak. Irabazlea, beraz, zein izango zen argi zegoen.  Belar biltzaileak ordurako lanean ari ziren, eta azken txanpan, ez zen ezustekorik egon. "Egia esan oso pozik nago, uste baino emaitza hobea lortu dut. Oso pozik". Horiek izan ziren emaitza jakin ondoren Etxaburuaren hitzak.

Zizurkildarrak 1.496 kilo belar moztu zuen, eta zeanuriarrak 1.279.

Sari banaketa ekitaldia hunkigarria izan zen. Bi kirolariak besarkaturik denbora luzez egon ziren, apustua amaitu ondoren egin zuten bezala. Herri kirol munduan ezagunak diren Andoni Goikoetxea eta Aitor Esnaola euskal presoek ere present egon ziren. Espetxetik oroigarri bana bidali ziten igandeko bi protagonistei. Esnaolaren ama eta Goikoetxearen neskalagunak banatu zizkien Etxaburuari eta Astondoari sari horiek. Maiatzean aske geratu zen Mikel Egibar zizurkildarrak Irati Astondoari bere saria eman zion, txalopean, eta Igoer Esnaola izan zen txapeldunari txapela jantzi ziona, sari banaketa ekitaldiari amaiera emanaz. Oraindik ordea, bi taldeen arteko argazkia geratzen zen. Bertan zen Alatzne Etxaburuaren laguntzaile izan zen Joxe Gabirondo.

Segalari gazteluarrak honela ikusi zuen desafioa: "Biak aizkoran berriak izanda, aldea egon zitekeen, baina segan denbora asko geratzen zela ikusita, gakoa hor egon da". Belarrari buruz, etzana ikusi arren, ondo zegoela esan zuen Gabirondok: "Bost asteko belarra zegoen, eta ostiralean oso ondo zegoen. Azken bi egunetako langarra goran geratu da, eta makurtu egin du pixka bat, baina azpitik ondo zegoen. Ematen zuen bezain gaizki ez zegoen". Etxaburuaren eta Astondoaren arteko apustuak, herri kirolari onura egin diola esan zuen azkenik Gabirondok, "maila polita eta ikuskizun polita eman dutelako, bi emakumeen arteko apustu historiko honetan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!