"Gaurko hautetsontzia da biharko erabakia"

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 6a, 15:16

Ekainaren 21ean egingo du ekitaldi erraldoia Gure Esku Dagok. Herri eta auzoetan herritarrek euren borondatea oihal zatietan josi ostean, lurralde bakoitzeko hiriburuan egingo dute topo, eta horiek josiko dute "erabakia posible egingo duen hautetsontzia".  Ehuntzen ari diren borondate guzti horien konpromiso bateratuan parte hartzeko deia egin diete Tolosaldeko herritarrei.

"Ariz ari gara, izan garena eta garena josiz, garena egin dugunak erakusten baitu", azaldu dute Gure Esku Dagotik. Hala, pasa den urtean Durango eta Iruñea artean sorturiko "irribarre erraldoia" gogoratu dute: "Herri honen txoko bakoitzean sorturiko borondateen baturaren adierazle izan zen giza kate hura; elkarri eskua eman genion, herri hau elkar lotuz, herritarrok elkarri eutsiz bide berri bati elkarrekin ekiteko". Orain, berriz, lotura horiek josteko unea da Gure Esku Dagok dioenez.

Urtebete igaro da iazko giza kate erraldoietik, eta orduan zegoen ilusioak ez duela etenik izan diote. Baina, Gure Esku Dago ez dela jaio aldarrikatzeko azaldu dute, "aldarria bera baino, erabaki hori nola eta noiz gauzatu baita erronka". Aldarria ariketa bihurtzeko unea da, bada, "erabakitzeko eskubidea dugula esatetik erabakia bera gauzatzera igarotzeko", eta horretarako borondatea da Gure Esku Dagoren ustez, ezinbestekoa: "Elkarri bizkar egon ordez, erabaki nahi duen herri bat elkarlanean jartzea lortuz gero bidearen lan erdian izango gara berehala".

Gure Esku Dagok ez dela bide erraza onartzen du, baina, hori bai, "bideorria azaltzea oso sinplea da": "Herritarren borondateak ehundu, horien artean zer, non eta nola adostu eta azkenik erabaki". Alde horretatik, erraza izango ez den arren, ez dute zalantzarik egiten, eta helburuak beteko direla ziur daude: "Luzera itxaron gabe beteko dugu helburua, erabakitzea delako normalena, demokrazia ariketa hutsa delako".

Horregatik, Gure Esku Dagok jauzi bat egin nahi du ekainaren 21ean, eta pauso horretan bat egiteko deia egin diete Tolosaldeko herritarrei, Donostiako ekitaldian parte hartuz. Bat egiteko bideak azaldu dituzte; batetik, erabakitzeko eskubideari atxikipena emateko aukera dago, fitxa betez, eta euro bat ordainduz: "Horrela jostun bilakatzeko aukera dago, eta jostun bihurtuz, jende gehiago biltzeko aukera dago". Bestalde, Anoetako ekitaldirako sarrerak herri bakoitzeko Gure Esku Dago taldean edota Tolosako dendan izango dira eskuragarri.

Herri eta auzoetan josten ari diren oihal zatiak batzeko unea izango da, beraz, ekainaren 21ean egingo diren ekitaldietan. "Lurralde bakoitzeko hiriburuan egingo dute topo oihalek eta horiek josiko dute erabakia posible egingo duen hautetsontzia; gaurko hautetsontzia da biharko erabakia eta gure esku dago hala izan dadin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!