"Bi erronka: lau orduren barruan, eta ehuneko 85a"

Asier Imaz 2015ko eka. 7a, 10:00

Joseba Usabiaga T3T-ren antolatzaile taldeko kidea da. Markak egiteko nahiz hasiberrientzat mendi maratoi egokia dela dio tolosarrak. Hurrengo larunbatean, berak, beste modu batera sufritu beharko du.

Lehen edizioaren prestaketa lanetan dabil Joseba Usabiaga tolosarra. Mendiko lasterketetan korrikalari moduan ibiltzea zer den ongi ezagutzen du, baina oraingoan, antolakuntza lanetan ibiltzea tokatzen zaio. Ideia nondik sortu zitzaien kontatzearekin batera, probaren xehetasun guztiak azaldu ditu Usabiagak, parte hartzaileentzat eta ikusleentzat erabilgarri den informazioa partekatuz.

Ekainaren 13an izango da lasterketa, baina proiektua noiz eta nola sortu zen?

Duela urtebete. Ultra bat prestatzen ari ginen sei edo zazpi lagun, eta Herniora joan ginen. Gero, Uzturre eta Erroizpe pasa genituen, eta erlojuari begiratzean 44 kilometro markatzen zuen.

Eta orduan bonbilla piztu zitzaizuen.

Zergatik ez lasterketa bilakatu guk egun hartan egin genuena. Horixe planteatu genuen. 42,100 distantziara egokituz gero, maratoia bilakatuko zen, eta oraindik eta erakargarriagoa izango zen. Horrelaxe hasi zen proiektu hau.

Baina horrelako proiektu batek, sei-zazpi lagun baina gehiago behar izaten ditu.

Sinadura, IFK-a,… elkarte baten babesa behar genuen, eta gehienak Oargikoak garenez, bertan komentatu genuen. Esperentzia badute Txirrita martxarekin, adibidez, eta ideia gustatu eta euren laguntza eman digute. Talde motorra gu garen arren, laguntza handik eta hemendik jaso dugu.

Baina hau ez da mendi martxa bat, lasterketa bat da, eta parte hartzaileak lehiatzera doaz.

Bai, baina ez ditugu kontrol gune oso zorrotzak jarri. Zegama-Aizkorrira joaten bazara, bataz besteko malda antzekoa da, baita distantzia ere, baina han zortzi ordu dituzu itzulia egiteko, eta guk 10 ordu jarri ditugu. Iruraraino 22 kilometro daude, eta hori egiteko lau orduko muga jarri dugu.

Bestela akabo lasterketa.

Hernio oinez igoz gero, eta korrika txikian jaitsi, lau ordutan Iruran zaude. Denbora tarte nahikoa da. Lasterketa bat da, baina mundu honetan hasi nahi duenarentzat proba egokia dela esango nuke.


Izen ematean nabaritu al duzue esan duzuna, hau da, hasiberrien presentzia.

Ezustekoa hartu dugu. 450-500 lagunentzat zabaldu genuen izen ematea, eta irteera puntuan 480 inguru izango direla esan dezakegu. Horietatik 150 hemen ingurukoak dira, eta askorentzat lehen lasterketa izango da. Mendi martxak egiten esperientzia dutenak, baina mendi lasterketarekin ausartzen ez zirenak. 10 orduko tartea utzi dugunez, animatu egin dira.

Irteera Berazubi estadiotik izango al da?


Hasieran horrela pentsatzen genuen, baina azkenean ez da estadiotik izango irteera; ondotik. Paper eskolaren ingurutik San Frantzisko pasealekura joango dira, eta San Frantzisko elizatik, Montezkuetik gora, Herniora. Handik behera Zelatundik barrena Alkizara joango dira, eta ondoren, mendiz, Irurara. Hor atzetik Uzturrerako bidea dago, jende askok ezagutzen ez duena, eta hori igo beharko da.

Mendi bizikletaz jaisteko egokia eta egokitua dagoen bidea.

Inbidia ematen dute. Baso artetik jaisten zara, eta bizikletaz ibiltzeko egokia da, koskak eta erdi prestaturik daudelako. Oinez igotzeko lasai-lasai joan behar da, gogorra delako. Eskuak belaunetan jarri eta 30 minutuan goran zaude. Behin Uzturrera iritsita, Belabieta osoa zeharkatuko du lasterketak, eta jaitsiera Elduainera izango da, hortik Erroizpera joateko. 820 metro dituen mendia da igoko duten azkena, hirugarren tontorra. Leaburu eta Gazteluren gainean dago, eta ezezagunena bera izango da.

Izenak ere bat baino gehiago dituela esango nuke: Larte, Arrospe, Erroizpe…

Berastegikoa da eta lagun batek Larte jartzeko esaten zigun. Azkenean Erroizpe jarri dugu, beraz, erdi haserretuta izango dugu laguna. Hortik Ibarrara jaitsiko dira parte hartzaileak, Tolosara iristeko.

Hiru tontorrak nahiko ezagunak dira, baina ibilbidea agian ez horrenbeste.

Jende askok ez du jakingo Herniora hortik igotzen. Eta Iruratik Uzturrera oraindik eta gutxiagok. Ibilbideko zati batzuk oso ezagunak dira, mendi martxa bat baino gehiago bertatik pasatzen direlako, baina beste batzuk ez.

Lasterketan aterako al zara?

Ez. Antolakuntzako guztiok nahiko lan izango dugu bestela ere. Ibilbidea erdia, hasiera, egingo dut, baina azken postuak, erratz lanak eginaz. Gero beste kide bati emango diot erreleboa. Boluntarioen lana ere azpimarratu nahi dugu, erantzuna izugarria izan baita. Oargik berak bakarrik 50 lagun jarriko ditu. Bestalde, web orrian deialdia egin genuen, eta ia 200 lagunek eman zuten izena. Harrituta gelditu ginen.

Zeintzuk dira denbora aurreikuspenak?

Zegamako probaren antzeko ezaugarriak ditu, agian teknikoki errazagoa da hau. Han lehen postuetan ibiltzen direnak lau orduren inguruan bukatzen dute lasterketa. Nire ustez lehena lau ordutik gora ibiliko da. Muga hori jaitsiko dutela esaten duenik bada gure artean… ikusi beharko da. Izen onak etorriko dira Tolosara, eta hortxe izango dute erronka. Azkena, aldiz, 10 ordutan sartuko da helmugara.

Ikusleei nora joateko esango diegu?

Antolakuntza lanetan ibiliko ez banintz, eta ez banuke lasterketa egingo, Uzturrera joango nintzateke. Lehenak 11:00ak inguruan pasako dira bertatik. 12:00ak arte bertan lasai egon, eta gero helmugara joateko aukera dute. Aralarko Adiskideek gainera, bat egin dute probarekin, eta euren ekarpena egingo dute Uzturren. Txorizo egosia eta salda banatuko dituzte nahi duenarentzat, dohain. Zer edana ere egongo da, eta musika. Leaburu, Berastegi, eta inguru horietako jendea Erroizpera joango dela pentsatzen dugu, eta Hernio geratzen da. Egia esan polita izango da bertakoa, baina goiz samar izango da hori, 10:00ak inguruan. Goiztiar ibiltzeko arrazoia izan daiteke.


Lehen «izen onak» aipatu dituzu, zeintzuk dira?

Hassan El Chaui hemen izango da, Zegaman 4:08 egin zuen. Imanol Goñi bizkaitarra ere etorriko da, iaz 4:07an ibili zena. Jordi Gamito kataluinarra ere gure artean izango da. Mundu hau ezagutzen dugunontzat izen ezaguna da, eta oso aurrean ibiliko da, ziur. Oihana Kortazar birritan munduko txapeldun izandakoa ere etorriko da, eta eskualdeko Aitziber Ibarbia, Euskal Selekzioko kidea. Beste batzuk ere hemen izango dira, baina horiek aurrerago baieztatuko ditugu.

Nola lotu dituzue izen horiek?

Galdera honi erantzuna emateko, garrantzitsua da sariak aipatzea. Lehenengoak adibidez 1.300 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak 500 euro. Korrikalari onak nahi baldin badituzu, beharrezkoa da sari onak jartzea. Bestela beste lasterketa batzuetara joango dira. Argi dago herri lasterketa bat izango dela T3T, gehienak herritarrak izango direlako. Baina lehiakortasuna ere gustukoa izaten da, denbora aldetik erreferente bat izatea. Ez dugu nahi lehena helmugan bost orduko denborarekin iristerik.

Hori horrela izanda, aurrekontua borobiltzeak lana emango zuen...

Lan asko eskatzen du, eta hortxe gabiltza. Uste dut, behatzak arrapatu gabe ibiltzeko moduan izango garela. Askotan kontuak azkar ateratzen dira. Inskripzioa 40 euro; 500 parte hartzaile; 20.000 euro. Gero udalen baten laguntza, beste laguntzaren bat… Baina sarietan bakarrik 5.000 euro doaz; janari eta edarietan 3.000 euro di-da batean joaten dira; korrikalari bakoitzaren seguroa; sei anbulantzia eta hiru mediku; txip-a eta kontrol guneak… Gastuak oharkabean etortzen dira. Hala eta guztiz ere, bukaeran afariren bat egiteko gelditzen bazaigu, gu gustura egongo gara.

40 euro ez da asko horrelako mendi lasterketa baterako.

50 edo 80 euro ordaindu izan ditugu antzeko probetara joateko. Eta askotan ez zenekien anoa guneetan zer aurkituko zenuen. Gure kasuan garbi genuen puntu horiek ongi horniturik egon behar zutela. Oso garrantzitsua da parte hartzen duena gustura uztea; bestela ere nahikoa lan izaten da ibilbidea osatzen. Izen ematea ez da merkea, baina ezta garestia ere.

Parte hartzailea gustura uzteko beste baldintza, ibilbidea ongi markaturik egotea izaten da. Bestela Txomin Isuntzari Transilvaniako abenturaz galdetzea besterik ez dago.

Horrek ematen digu beldurrik gehien. Oso ondo zehaztuta egon beharra dauka. Ezin da bezperan joan, lau zinta jarri eta listo. Bezperan joan behar da, baina gero baita egunean bertan ere. Ordu erdi lehenago, antolatzaile bat pasako da ibilbide osoan zehar, marka guztiak ondo daudela ziurtatzeko. Badakigu mundu honetan jende on asko dagoela, baina baita txarrak ere, eta markak kendu egiten dituzte. Hori horrela da, eta onartu egiten dugu. Horregatik lehena iritsi baino ordu erdi lehenago ziurtatuko dugu dena. Azkena bazoaz agian markak ongi ez egoteak ez dizu horrenbeste izorratzen, baina lehena bazoaz eta denbora ona egin nahian baldin bazabiltza, galtzeak asko izorratzen du. Anoa guneak eta markak ongi egotea gakoa direla uste dugu, korrikalaria gustura ibil dadin.

Teknikoki Zegama-Aizkorri baina errazagoa izan daitekeela esan duzu. Nola neurtzen da ezaugarri hori?

Kilometroak eta bataz besteko malda antzekoa da: 42 kilometro eta 2.800eko positiboa. Honek agian malda handiagoa dauka, 3.000 metrotik gertu. Baina bat egin edo bestea egin oso desberdina da. Han 15 minutu oinez egin beharra daukazu, bideak horrela eskatzen duelako. Harritza dago, eta hemen ez dago horrelakorik. Jaitsieretan ere han tentu handiagoz ibili behar da. Hemen Herniotik Zelatunerako zatia da konplexuena, zentzu horretan. Ez dugu inor ekarri hau teknikoki neurtzeko, baina lehen itxuran hau azkarragoa izango dela pentsa genezake. Hori bai, Zegamakoa %85ak bukatzen du, eta nire ustez, hemen gutxiagok bukatuko dute. Lehen esan bezala, hasiberri gehiago izango dira hemen, eta bukaera Zegamakoa baina gogorragoa da. Elduainen, 10 kilometroren faltan, hainbatek utzi egingo duelakoan gaude.

Bi erronka edo aurreikuspen hor gelditu dira airean, beraz. Lau ordutik jaitsiko ote da lehena, eta %85ak bukatuko al du.

Ekainaren 15ean etorriko naiz datu horiekin. Nire pronostikoa: lau ordutik gora joango da, eta %85etik behera izango da helmugan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!