"Tenpora bide bat da, prozesu bat"

Jone Amonarriz 2015ko eka. 5a, 10:00

'Mundu berria' izeneko diskoa aurkeztu du Tenpora musika taldeak. «Lehenengo mugarria» jarri dute euren ibilbidean eta ekainaren 13an Tolosan eskainiko dute birako lehen zuzenekoa Topic-en iluntzeko 20:30ean.

Hiru tolosar, zizurkildar bat eta Donostian bizi den bilbotar bat batu ziren duela bi urte inguru. Geroztik, orain arte entzun gabeko soinu bat sortu dute elkarrekin. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak) eta Elene Arandia (ahotsa) Mundu berrian murgildu dira. Martxoaren 17an aurkeztu zuten disko berria Donostiako Koldo Mitxelenan eta «zorionez», Tolosan eskainiko dute lehen zuzenekoa.

Nolakoa da sortu duzuen 'Mundu berria'?

Elene Arandia: Izenak gauza asko esan nahi ditu, gure musikaren hitzek bezala. Gure musikaren bitartez mundu berri bat sortu dugula adierazi nahi dugu. Horrelako soinurik orain arte ez da entzun, zertzelada batzuk bai baina ez bere osotasunean. Era berean, diskoak erreferentzia egiten dio gaur egun bizi dugun mundu honi. Diskoan badago Mundu berria deitzen den kantu bat eta oso ondo azaltzen ditu egungo zenbait kontakizun.

Itxaso Etxebeste: Gaur egungo egoeraz gain, musikak egoera horri aurre egiteko duen paperaz ere hitz egiten du.


Duela urte eta erdi maketa atera zenutenean, ez zen hasierako asmoa hura argitaratzea. Oraingo honetan bai, ezta?

Juantxo Zeberio: Bai. Taldea sortu zenetik egindako ibilbidea testatzeko bide bat izan zen maketa. Kontzertuak eman nahi genituen eta oporretara joan aurretik ikusi ea egiten ari ginen horrek funtzionatzen zuen. Goiz batean grabatu genuen gure teknikaria den lagun baten estudioan eta gero kaleratu egin genuen ikusi genuelako oso ondo atera zela. Gu geu ere harritu egin ginen emaitzarekin. Ez genuen ezer ukitu, ezta editatu ere. Ustegabeko maketa izan zen baina disko berria bidegurutze bat izatea nahi izan dugu. Lehenengo harria, lehenengo mugarria gure bidean. Kasu honetan hainbat kantuez osatutako errepertorio bat zegoen eta mundu berri honen grabaketa eta proiektua aldez aurretik pentsatutakoak izan dira.

Mugarri horrek zein esanahi dauka zuen ibilbidean?


J.Z.: Tenporak zerbait baldin badauka da bide bat dela. Tenporaren helburua ez da diskoa izan, ez dira orain egingo ditugun kontzertuak izan. Tenporaren helburua tenpora bera da, prozesu bezala ulertuta; hau da, bost musikarien batuketan sortzen den soinuaren prozesu horrek ematen duen hori da Tenpora. Ibilbide horren baitan, noski, lehenengo mugarri garrantzitsu bat da diskoa, hor uzten duzulako etorkizunerako 2015ean Tenpora izan dena. Eta modu honetan, ibilbidea nolabait markatuta dago, neurri batean. Baina asmoa ez da hor geratzea, inondik inora. Asmoa abentura horretan jarraitzea da. Bilaketa horretan, printzipioz norabide jakinik ez daukan bide horrek ea nora eramaten gaituen.

E.A.: Nahiz eta diskoa argitaratuta egon dagoeneko, hasiak gara abesti berri batzuei eta ideia berriei gorputza ematen. Beraz, nahiz eta orain kontzertuak izan gure epe laburreko helburua, hasi gara ideia berriak lantzen. Ez dugu beti oinarri beraren gainean lan egiten, hainbat ideia daude eta horiek lantzen joaten gara.

Eskualdeko lau kide zaudete taldean, baina oro har adin eta jatorri musikal ezberdinetakoak zarete. Zerk batzen du 'Tenpora' talde bezala?

I.E.: Denon artean atera dugun soinua da taldea batzen duena. Guztiok joan gara soinu baten bila eta denon arteko nahasketa horretatik sortu dugu mundu berri hau. Hala ere, taldearen hasierako lotura Juantxo izan da, denok ezagutzen gintuelako eta bere aldetik lan egin duelako gutako bakoitzarekin. Beraz, bera izan da Tenpora batu duena.

J.Z.: Egia da jatorrizko planteamendua nigandik sortu zela, baina oso garbi neukan egin nahi nuena ez zela Juantxo Zeberio bat. Nahi nuena zen lau edo bost musikari batu eta prozesu bati ekitea, horrek dauzkan bere alde on eta txarrekin. Izan ere, erabakiak hartzerako garaian eta aniztasuna islatzerako orduan ados jarri behar izaten da. Baina, hain justu, Tenpora hori da, bere ondorio guztiekin. Denok oso ondo dakigu zertan ari garen eta horrek ere batzen gaitu.

I.E.: Azkenean beti lortzen dugu ideia edo irtenbidea, nondik jo behar dugun jakiteko.

E.A.: Nik gehituko nuke gutako bakoitza mundu berri bat garela. Bakoitza mundu batetik dator, bere hezkuntza eta esperientzia dauzka, gehiago edo gutxiago, bakoitzak bere ibilbide musikala izan du... Aniztasun horrek aberastasuna ematen dio taldeari eta elementu ezberdinak fusionatzen eta elkartzen dira.

Aniztasun horretatik soinu propioa sortu duzue. Zertan oinarritzen da bereizgarri hori? Nola definitzen duzue zuen musika?

I.E.: Zaila da soinu hori definitzea. Pop estiloan sartu gaituzte jazz ukitu batekin. Baina aldi berean, pop musikari eta batez ere Euskal Herrikoari begiratzen baldin badiozu eta Tenporarekin alderatu, badauka zerbait berezia orain arte ez dena entzun. Bereizgarri hori nabaritzeko entzun egin behar da eta kontzertuetara joan behar da.

E.A.: Diskoa kaleratu genuenean, etiketak jartzerako garaian, kanpotik jarri baino lehen guk jarri nahi izan genituen. Elkarrizketatzaile batek esan zigun progresibo tankera ere hartzen diola kantu bati. Beste batek soul estiloarekin lotzen omen zuen abesti bat. Ez gaude itxiak.

J.Z.: Ez gaude itxiak eta gainera, zeinek daki urtebete barru zein musika joko dugun. Konstante batzuk badaude instrumentazio aldetik gitarra sendo bat dagoelako, pianoa, baxua, bateria, teklatua eta ahots indartsu bat... Soinu baten bila goaz baina soinu bilaketa hori ez da kontzientea. Bakoitzak gure motxila daukagu bizkarrean eta hori nabaritu egiten da jotzen dugun horretan baina ez daukagu inongo aurreiritzirik eta hori entseguetan argi ikusten da. Orain kantu berri batekin gabiltza eta abesti bera hogei modu ezberdinetan jo dugu. Hor beti egon behar da txispa bat, inkontzientea dena era batean, baina denok konbentzitu behar gaituena. Eta bidea gero hortik doa. Egia da kantu guztiak entzuten baditugu badutela zerbait propioa, baina ez da bilatutako gauza bat.

Gustatuko litzaizueke pop-aren etiketa hori gainetik kentzea?

E.A.: Ez, niri egia esan ez. Popa oso anitza da. Pop taldeak analizatzen hasten bazara, milaka talde mota daude.

I.E.: Abesti guztiak biltzen dituen ezaugarri orokorra da popa, baina horrek ez du esan nahi beste estilo batzuk ez daudenik gure errepertorioan. Gure eraginak oso anitzak dira eta denetik aurkitu daiteke gure abestietan.

J.Z.: Gu guztion ustea da kantua guztiaren gainetik daukan musika dela popa. Kantu laburrak, efektiboak... Ez nuke esango gurea ehuneko ehunean hori denik baina bueno, kanpotik diotenak ez nau kezkatzen. Zorionez, jaikitzen garenean musika bat dugu gogoko, eguerdian beharbada beste bat eta gauean desberdin bat. Eta musika sortzerako orduan, edo jotzerako garaian, niri gauza asko gustatzen zaizkit. Horregatik, estilo etiketak ez nau gehiegi kezkatzen.


Zuen kantuetan letrek duten garrantzia azpimarratu izan duzue.

E.A.: Gure musikan, letrek bakarrik ez, zati instrumentalek eta ez hain instrumentalek ere pisu handia daukate. Gehien bat hitza entzuten da baina diskoan zati instrumental asko daude eta hauek beraien hitzak ere sartzen dituzte nolabait esatearren.

I.E.: Aldi berean, hitzei garrantzia ematen diegu. Beste aukera bat izango litzateke letrak Juantxok edo gutakoren batek egitea. Baina iruditzen zaigu zerbait adierazteko bide ona dela idazleen bidez egitea. Horregatik, Harkaitz Canorekin eta Karlos Linazasororekin lana egitearekin gustura gaude, beraien lana gustuko dugulako eta azkenean, kantuaren balioa handitu egiten dutelako.

J.Z.: Kuriosoa da biek, Karlosek eta Harkaitzek, bakoitza bere aldetik hain mundu eta idazkera desberdina izanda eta pertsonak hain desberdinak izanda, bide antzekoak hartu izana. Ez dut esango testu aldetik uniformea denik diskoa baina bai konstante batzuk daudela oso nabarmenak, eta Tenpora izenarekin berarekin lotura daukatenak. Ez daukagu presarik. Kantuei denbora eman behar zaienean denbora ematen diegu. Eta minutu bateko zati instrumental bat behar duela sentitzen badugu eman egiten diogu. Batzuei ez zaie gustatzen hori, badakigu. Baina guretzako kantuari denbora ematea oso garrantzitsua da. Testuek, denboraren joana, harremanak eta malenkonia biltzen dituzte, besteak beste. Bi idazleak kasualki, oso norabide beretik joan dira. Ez dakigu kasualitatea edo patua izan den, baina horrek ere ematen dio osotasun bat lanari.

Musika egiterakoan gutxi pentsatzen omen duzue.

I.E.: Gutxi pentsatzea baino gehiago da ez garela oso arrazionalak edo ez garela jartzen gauzak analizatzen. Bai ematen dizkiogu bueltak baina pixka bat joz, entzunez, eta ikusiz zer iruditzen zaigun. Baina ez da zerbait arrazionalki begiratzen duguna.

J.Z.: Nik geroz eta gehiago sinesten dut intuizioan. Egia da arrazoia daukagula eta abar baina arrazonamenduak ez dauka zertan beti arrazoia izan. Horrek ez du esan nahi aurretik ez dagoenik prozesu bat. Prozesu hori eman da aurreko urteetan; lan prozesu bat, eta arrazionalizazio prozesu bat. Musika mailan, talde honetan intuizioak presentzia handia dauka. Zergatik? Burua gehiegi erabiliz gero, arriskua egoten delako lehen egindako bide berdinetik joateko. Askotan zailena hori izaten da, karga hori kentzea. Eta Tenpora alde horretatik oso talde intuitiboa da. Batzuei musika zaila irudituko zaie baina atzetik ez dago hausnarketa sakonik.

E.A.: Hasierako intuizioari kasu egiten saiatzen gara beti. Bat-batean ateratzen den hori izaten da askotan garrantzitsuena.

«Tenpora ez da produktu aurre-fabrikatu bat» diozuenean zer esan nahi duzue?

J.Z.: Hori Mikel Lizarraldek esan zuen. Berak interpretatu zuen, eta oso irakurketa logikoa izan daiteke. Hemen gaudenon profilagatik, Hasierrek eta nik adin bat daukagu, oso adin gaztea baina adina [barreak], esperientzia daukagu, jazz munduan ibili gara, baita musika klasikoan ere. Eta iristen da momentu bat produktu bat egin nahi duzuna. Orduan beste bi pertsonei deitzen diezu, kantari neska bati... Ez doa hortik, inondik inora. Alderantzizko prozesua da justu. Nik nahi nuena zen prozesu bat abiatzea bost musikarirekin eta helburuetako bat zen prozesu horretan sartzeaz gain, bostok horretan sinestea.

Helburu horien barruan kontzertuek zenbateko pisua dute?

E.A.: Erabatekoa. Tenpora zuzeneko talde bat da. Kontuan hartu behar da maketa nola grabatu genuen, zuzenean grabatu genuen, atera zen bezala, ahotsa barne. Aurreneko inpresio horrek eraman gintuen hori argitaratzera. Bestalde, zuzenekoetan musika aldetik gauzak horrela atera dira, sentitu ditugun bezala. Hori da taldearen izaera, zuzenekoa.

I.E.: Gure zuzenekoek indar handia daukate. Magia berezi bat sortzen da. Zuzenekoetan tentsioa dago, ikuslegoa daukazu...

E.A.: Soinu baldintzak ere ez dira berdinak...

I.E.: Eta ikuslegoari zerbait transmititu nahi diozu. Esango nuke gure aldekoa dela zuzenekoa eta mesede egiten digula.

Ekainaren 13an Topic-en emango duzuen kontzertuan, zer eskainiko diozue entzuleari?

J.Z.: Tenpora. Gure erronka zuzenekoa da. Gure asmoa da Tenporak zuzenekoetan ehuneko ehuna eskaintzea. Horregatik gure asmoa da soinua asko zaintzea gure teknikoarekin; kontzertuak edozein modutan ez jotzea. Entzulearen azalean jartzen naiz, beti eta zuzeneko on bat ezin dut disko batekin konparatu. Are gehiago, nik badauzkat taldeak ez nautenak bereziki txunditzen, eta zuzenekoetan flipatu egin dudanak. Eserita egongo banintz, «zelako soinua duen honek!» esan nahiko nuke. Tenporaren helburua entzuleak hori pentsatzea da, bai Tolosan eta baita ondorengo kontzertuetan ere.

E.A.: Zuzenekoen ibilbide hau edo disko berriaren aurkezpena Tolosan egiteko aukera daukagu zorionez eta hori horrela izanik saiatuko gara gure aldetik kontzertu berezi bat eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!