Pixoihal berrerabilgarriak, errefuxa gutxitzeko bide

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 4a, 15:44
Amaia Azkueta eta Gloria Urkola pixohialen kutxa eskuetan dutela

Tolosaldeko Mankomunitateak pixohialak berrerabiltzeko Etorkizuna da izeneko kanpaina prestatu du. Kanpainaren berri emateko eta atxikitu ahal izateko hitzaldiak antolatu dituzte. Mankomunitateak 50 familiari pixoihal hauen kostuaren erdia ordainduko die.

Tolosaldeko Mankomunitateak pixohial berrerabiltzeko Etorkizuna da kanpaina abiaraziko du ekainaren 15ean. Helburua 0 eta 2 urte arteko haurrek sortzen duten pixoihal kopurua murriztea da, izan ere, haur bakoitzak 4.700 pardel inguru sortzen ditu epe horretan, hau da, 1.700 tona inguru. "Pardelak oso material sentikorra da eta ez dute tratamendu berezirik, hau da, errefuxa dira eta zabortegian bukatzen dute", azaldu du Azkuek. Tolosaldeko Mankomunitateak hiru arlotan egiten du lan, hondakinen murriztea prebentzioa eta birziklatzea, eta kanpaina hau prebentzioan kokatu dute.

Kanpaina Meitaimaitie elkartearekin batera burutuko dute eta bertako Gloria Urkolak azaldu duenez, pixohial berrerabilgarrien sistema erraza eta erosoa da. "Gure amei galdetuz gero oihalezko pixoihalak lan asko ematen dutela esango digute, baina hauek –gNappies markakoak– oso erosoak dira. Pardelak koloretako eta kotoizkoa den estalki bat dauka eta barruan iragazgaitza den nylonezko zorro bat du. Zorroa kendu ahal da eta hor barruan sartu behar da xurgatzailea, eta horrela haurrak pixa edo kaka egiten duenean xurgatzaile hori bakarrik atera eta garbitu behar da".

 

 

50 familia

Kanpainaren barruan 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten Tolosaldeko 50 familiari pixoihal hauek erdi prezioan erabiltzeko aukera emango diete.  50 familia hauek 6 estalki, 18 xurgatzaile eta 3 ordezko pieza dituen kutxa jasoko dute. Kutxak 230 euro balio ditu, baina Mankomunitateak erdia itzuliko diete 6 hilabeteko epean. Era berean, kanpainaren berri emateko 0 eta 2 urteko haurrak dituzten familiek gutun bat jasoko dute.

Hau guztiaren berri emateko Mankomunitateak hitzaldiak antolatu ditu Tolosaldeko 5 herritan eta parte hartu nahi duten familien bertan eman ahal dute izena. 50 familiak baino gehiagok emango balute izena, hainbat irizpide jarraituko lituzkete aukeraketa egiteko. Uztaileko lehen astean hasiko dira pardelen sortak banatzen. Hiru hilabetera erabiltzaileek bilera bat izango dute Mankomunitateko eta Meitaimaitie elkarteko kideekin eta bertan erabiltzen ari direla ziurtatuko dute, hala bada, jarritako diruaren %25a itzuliko die Mankomunitateak. Beste hiru hilabete pasata elkartuko dira berriz, eta familiek sistema erabiltzen jarraitzen dutela baieztatuz gero, beste %25a itzuliko diete. Mankomunitateak beraz, kutxaren kostuaren erdia ordainduko du.

Gloria Urkolak azaldu du, dena den, familiek edozein zalantza izanez gero elkarteko telefono bat izango dutela eskuragarri, galderak egiteko.

Hitzaldiak

 

  • Ekainak 15, astelehena: Zizurkilen (Atxulondo), 17:00etan,
  • Ekainak 16, asteartea: Alegian (kultur etxea) 17:00etan, eta Anoetan (Udaletxea), 19:00etan.
  • Ekainak 18, osteguna: Ibarran (udaletxea) 17:00etan.
  • Ekainak 20, larunbata: Tolosan (kultur etxea) 10:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!