Zurrumurruen aurrean isiltasun zirkulua puskatzeko tresnak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 3a, 18:36

Hirugarren urtez Zurrumurruen aurkako formazio tailerrak eskainiko dituzte eskualderako

2013. urtea ekin zioten zurrumurruen aurkako tailerrak eskaintzeari, Amasa-Villabonan, eta, bide horretan, hirugarren urtea osatzera doaz, jada, SOS Arrazakeria, Tolosaldea Garatzen eta eskualdeko udalak. Aurten Lehiberri zentroak hartuko ditu etorkinen inguruko uste, estereotipo eta zurrumurruen inguruko egiak ikasi eta plazaratzeko tailerrak, eta ekainaren 11n eta 30ean izango dira saioak.
Tailerren egitasmoak sare baten sorrera ere ekarri zuen, iaz, izan ere, SOS Arrazakeriak ZurrumurruEZ! sarea aurkeztu zuen Gipuzkoako hainbat eskualde eta udalerrirekin batera; Tolosaldearekin batera, Zarautz, Ordizia, Eibar, Hernani, Astigarraga eta Errenteria ere batu ziren egitasmora.
Horrela, beraz, datorren astean hasiko diren tailerren aurkezpena baliatuz, «sare hori handitzeko gogoz» azaldu dira Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikaria, Silvana Luciani SOS Arrazakeriako ordezkaria, Josune Eizmendi Anoetako Udaleko zinegotzia, Ana Lozano Tolosako Udaleko gizarte langilea eta Steijn Callens SOS Arrazakeriako kidea.

Aurreiritziak gorantz

Silvana Lucianik SOS Arrazakeria Gipuzkoaren ikuspegitik eskaini ditu azalpenak eta, besteak beste, krisia izan du hizpide: «Konturatu ginen krisiak honetan ere eragin duela, eta estereotipo eta zurrumurruak hazten ari zirela».
Horrela, Ikuspegi Euskal Inmigrazioaren Behatokiaren neurketetara jo zuten, irudipen hori baieztatzeko. Bertako herritarrek etorkinen inguruan dituzten jarrera eta iritziak neurtzen ditu Ikuspegik, eta ia urtero berritzen dituzte datuak, jendartearen bilakaera hobeto jasotzeko helburuz.
Bada, 2013. urteko azken datuen arabera, herritarren %20ak inmigrazioaren eta aniztasunaren aurkako jarrera nabarmenak ditu.
Gizarteko beste %30 batek, berriz, aurkako iritzia erakusten du, eta inmigrazioaren aldeko jarrera dute.
Azkenik, herritarren erdiak, %50ak, ez du bere burua ez batean ez bestean kokatzen; jarrera kontrajarriak dituzte etorkinen auziarekiko eta, kasuaren arabera, alde nahiz kontra azaltzen dira.
Ikerketak emandako datuak ikusita, SOS Arrazakeriak, herritarren %50 horrekin, behinik behin, lan egiteko beharra zegoela erabaki zuen, Lucianik azaldu duenez: «Informazioa, kontrainformazioa nahiz sentsibilizazioa landu egin behar dira herritarrekin, elementu horiek sortzen baitituzte okerreko zurrumurruak. Eta zurrumurruek bizikidetza oztopatzen dute».

Doako saioak, edonori zabalik

Euskal gizarteak emandako datu horiek erronkatzat hartu, eta Zurrumurruen aurkako formazio saioak antolatzeari ekin zioten 2013an. batetik, «informazio ona eta fidagarria eskaintzea» da antolatzaileen helburua eta, bestetik, «zurrumurru horiei buelta emateko tresnak eskaintzea».
«Askotan, kalean, zurrumurru eta iruzkin asko entzuten ditugu etorkinen inguruan eta, egia ez direla badakigun arren, ez dugu jakiten nola aurre egin», dio Kristina Moralesek.
Egoera horri erantzutera datoz, beraz, formazio tailerrak. Aurreko urteetan 60 pertsona inguruk parte hartu izan dute eta, lehen saioa urtero errepikatzen duten arren, urtero gauza berriak txertatzen saiatzen direla azaldu du Moralesek, «urtez urte parte hartzen dutenek informazio berria jaso dezaten».
Ekainaren 11n, 09:30ean ekingo diote formazioari, Xabier Aierdi Eusko Jaurlaritzako aholkulariaren saioarekin. Kulturak eta nortasunak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak izenburupean ariko da hizlaria eta, besteak beste, zurrumurruei modu onean aurre egiteko beharra nabarmenduko du.
Aierdiren hitzaldia amaitutakoan, berriz, Norma Vazquez Sortzen Aholkularitzako kidearen hitzaldia hasiko da, 11:30ean. Betaurreko moreak zurrumurruen aurkako estrategian izenburupean, arrazakeriak emakumeak bereizten dituen moduaz ariko da: «Estereotipo arrazista orokorrekin batera, emakumezkoen kasuan, prostituzioarekin erlazionatzen ditugu sarri, edo zalantzan jartzen dugu haien amatasuna, lanera hona etorri direlako», dio Kristina Moralesek.
Azkenik, ekainaren 30ean biribilduko dute formazio zikloa, 11:30ean, Asier Gallastegiren hitzaldiarekin. Gizarte hezkuntza eta terapia sistemikoan diplomatua da beraz, eta baita aholkulari eta coach-a ere; Zurrumurruei aurre egiteko elkarrizketa tresnak saio praktikoa eskainiko die parte hartzaileei, norbere aurreiritzietatik abiatuz zurrumurruei aurre egiteko.
Saio guztiak doakoak izango dira, eta ezein herritarrentzat irekiak. Dena den, ahalegin berezia egin dute aurten, udal langileek parte har dezaten; saioak goizez izango dira, hori dela eta. «Jendea animatu nahi dugu parte hartzera, isiltasun zirkulu horiek pixkana puskatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!