‘Gazte gara gazte’ mikrofonoetatik adieraziz

Naiara Roldan de Aranguiz 2015eko ekainaren 3a

Astearte arratsaldea, ekaina, udaberri sasoiko eguraldi bikaina... Zer behar du DBH1-2ko ikasle batek une horretaz gozatu ahal izateko? Ezer gutxi. Ikastolatik atera eta irteeratxoa izatea besterik ez.

Tolosaldeko Ataria barrutik ezagutzea izan zen atzoko irteeraren helburua. Hau da, ikasgelan praktikan eramandakoa mundu errealean horrela ote den baieztatzeko unea iritsi zitzaien atzokoan Anoetako ikastolako ikasleei.

Honela, Tolosaldeko Ataria-k 15 bisitari berezi izan zituen atzokoan; Anoetako ikastolako DBH 1. eta 2. mailako ikasleak. Ikastolan bertan irratigintza lantzen dutela probesturik, ataria irratia bertatik bertara ezagutu nahi izan zuten. Urko Kolomo irakaslearen gidaritzapean, lehenik eta behin bulegoan izan ziren eta bertako jarduna ezagutu ondoren saio praktikoa egin zuten irrati estudioan.

Kazetari onen paperean sarturik galderak ondo prestaturik bertaratu ziren anoetarrak. Baita hainbat estuasunean kazetariak jarri ere: «Lana bukatzen bazaizue, pentsatu duzue zer egingo duzuen?» edo «Betidanik kazetariak izan nahi izan duzue?». Azken galdera hau haiei bueltatu ordea, inork ez zuen oraingoz kazetaria izateko intentziorik; «futbolaria» bezalako erantzunak ohikoagoak izan ziren.

Hala ere, irrati estudiora sartu eta argi erakutsi zuten irratigintzan trebatu direla ikasturtean zehar. Gazte gara gazte irratsaioaren sei saio egin dituzte eta baita megafoniatik ikastolan bota ere, gaur emitituko dute ikasturteko azkena.

Tolosaldeko Ataria-ra eginiko bisitaldia ez da bakarra izan. EITBn ere izan dira eta Aitor Elduaien kirol kazetariaren bisitaldia ere izan dute ikastolan bertan.

Bisitaldi hauek kazetari sena piztuko ote dieten gerora ikusi behar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!