Mugikortasunak ingurumenean duen eragina aztergai

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 1a, 13:29

Adunako, Alkizako, Ibarrako, Tolosako, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Udalek eta Tolosaldea Garatzenek antolatu dituzte ekintzak. Adunako Eskolako umeek mugikortasunaren inguruan landu dutena azaldu diete udal ordezkariei.

Zazpi miloi amets. Planeta bakarra. Zentzuz kontsumitu leloa erabili dute aurten Nazioarteko Ingurumenaren Eguna ospatzeko. Gure bizitzeko eta kontsumitzeko ereduak ezbaian jarri nahi dituzte eskualdeko erakundeek. «Zientzialariak aspalditik ohartarazten duten bezala, gure planetak ez du gaitasunik gure kontsumo erritmoari aurre egiteko». Horregatik, ekonomia, ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarri bat eraikitzeko deia luzatzen dute eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek.

Bihar Energiaz mugitu! leloarekin, Tolosaldeko VII. Topaketak egingo dira Tolosako Triangulon. Eskualdean Eskola Agenda 21 proiektua landu duten ikasleak, mugikortasunak, garraioak eta horretarako erabiltzen den energiak ingurugiroan eta gure bizimoduan duen eraginaren ondorioak partekatuko dituzte. Topaketa 9:30ean abiatuko da.

Urtero bezala, ekainaren 5ean, Villabonako Berdura plazan bigarren eskuko azoka egingo da arratsaldez. Eta irteerak ere egingo dituzte. Larunbat honetan, Hernio-Gazume ezagutzeko txangoa aterako da Alkizatik eta hurrengo igandean, Santa Lutzia eta Uzturre arteko ibilbidea egingo dute herritarrek. 10:30ean Uzturrera doan bidearen zati batean jarri diren interpretazio panelak eta mahai panoramikoa ikusi ahal izango dira. Ibilaldia gidatua izango da eta hiru bat orduko iraupena izango du.

Hona hemen aste honetarako prestatu duten egitaraua:

EKAINAK 3, ASTEAZKENA
Tolosa. Tolosaldean EA 21 proiektua landu duten ikasleak mugikortasunak, garraioak eta horretarako erabiltzen den energiak ingurugiroan eta gure bizimoduan duen eraginaren ondorioak partekatuko dituzte Trianguloan, 9:30tik 11:45ra.

EKAINAK 4, OSTEGUNA
Ibarra. Usurbilgo lanbide eskolara bisita egingo dute Uzturpe Ikastolako DBH2ko ikasleek. Energiea berriztagarriak eta efizientzia energetikoko instalazioak ikusiko dituzte.

EKAINAK 5, OSTIRALA
Villabona. Bigarren eskuko azoka izango da Berdura plazan, 17:00etatik 19:30ra. Mahaiak udalak jarriko ditu eta tokia erresrbatzeko 689 749 439 telefonora hots egin beharko da.

EKAINAK 6, LARUNBATA
Alkiza-Zizurkil. 8:45ean Alkizako plazatik irteera egingo dute. 12:00etan hamaiketakoa izango da plazan eta 13:30rako egingo dute buelta. 16:30ean plazan elkartu eta basora joango dira saguzarrentzako kabiak jartzera. 20:30ean plazan saguzarrak emititzen dituzten ultsasoinuak entzungo dira galu baten bidez.

EKAINAK 7, IGANDEA
Tolosa. Santa Lutzia eta Uzturre arteko hiru orduko ibilbidea egingo dute. 10:30ean Triangulotik izango da irteera.

EKAINAK 12, OSTIRALA
Alkiza. Don Juanena etxean, ,Jakoba Errekondok kaleratu berri duen liburua aurkeztu eta solasaldia izango da, 19:30an hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!