Sorgintxulo, Ugarte eta Akolai errekastoak lehortu dira, betirako?

Ataria 2015eko maiatzaren 29a

AHTko obretan, Asteasu eta Zizurkil erreken ondoan 2.800 metroko tunela zulatu dute eta ondorioz, Sorgintxulo, Ugarte eta Akolai errekastoak lehortu egin dira zenbait zatitan. Dani Maeztu, EH Bilduko legebiltzarkideak kalte horien inguruan galdetu dio Ana Oregi sailburuari Ingurumen Batzordean.

Ingurumen sailburuak azaldutakoaren arabera, "iragazkortasun gutxiko" ingurua zela uste zuten obrak hasi aurretik, eta ez zuten espero tunelaren drainatzea hain handia izango zenik.

Espainiako Ingurumen Ministerioak egindako ingurumen eraginen ebaluazioan oinarritu zen Eusko Jaurlaritza lanak egiteko nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta Energiaren Euskal Erakundeak egindako txosten batek esaten zuen iragazkortasuna handiko eremua zela Asteasu eta Zizurkil artekoa. 

Dani Maeztuk EEEren txostenaren berri ba ote zuten galdetu zion asteazkenean Oregiri. Ingurumen sailburuak zeharka erantzun zion galderari: "Diputazioari, beste erakundeei bezala, inguru horretaz zuten informazio eta txostenak eskatu zitzaizkion, ingurumen eraginen txostena egiteko", azaldu zuen. Ez zuen zehaztu, ordea, txostena ezagutzen zuten edo ez.

Ingurumen sailburuak jakinarazi zuenez, tunela iragazgaitz bihurtzeko obrak egin dituzte, baina ezin dute ziurtatu errekastok ur emaria berreskuratuko dutenik. Hala ere, errekak lehortu izanak hango espezieetan eraginik ez duela izan nabarmendu du Oregik.

Ondorioak zehazki zeintzuk izango diren jakiteko, inguruan zenbait neurketa egin beharko dituzte bi urtez. Orain, neurketa horien kostuak eta hartu beharreko neurriak aztertzen ari dira. Azterketaren emaitzak jasotzerakoan ikusiko dute kalteak behin betikoak diren edo ez. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak batzordean nabarmendu du, kalte horiek "konpentsatzen" saiatuko direla.

Jaurlaritzak gaiaren inguruan duen jarrera gogor kritikatu du Dani Maeztuk eta erantzukizunak eskatu ez izana salatu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!