Eskualdean EH Bilduk lortu ditu boto eta alkatetza gehien, baina irabazi, EAJk irabazi ditu boto gehien. 2011rekin alderatuz, udal hauteskundeetan, Tolosaldean 3. 349 boto gehiago lortu ditu. Foru hauteskundeetarako ere babes gehiago jaso du orain lau urte baino: 2.418 bototan egin du gora.
Noski alderdi jeltzalea pozik azaldu da emaitzak ikusita eta hauen irakurketa egiteko eskatuta Olatz Peon Tolosako alkategaiak esan du «irakurketa baikorra» egiten dutela; «arduraz, apaltasunez eta ilusioz jasotzen ditugu emaitzak. EAJko alkatetza izango den herrietan, landutako udal programa jarriko dugu mahai gainean, eta beste alderdietako ordezkariekin elkarlanean hasi nahiko genuke. Oposizioan gauden herrietan ere oposizio eraikitzailea egiten jarraituko dugu, herriari begira, begirunez eta errespetuz».
Villabonan, Tolosan eta Iruran lortu dute alkatetza, baina esanguratsua da ere Ibarran, Anoetan edo Zizurkilen izan duten gorakada handia. Berastegi, Alegia eta Asteasun ere ordezkaritza gehiago lortu dute.
Horiek horrela, igoeraren inguruan galdetuta Peonek orain arte egindako lana nabarmendu du. «Orain urtebete baino denbora gehiago da udal hauteskundeetarako programa lantzen hasi ginela. Ardatzak zehaztu eta parte-hartze prozesua jarri genuen abian. Ezbairik gabe lanketa guzti horrek iraun duen bitartean gure programa eredua herritarrek bere egingo zutenaren itxaropena izan dugu, iritzia emateko prest egon den guztiarekin hitz egin dugu». Kanpainan zehar gobernatzera iritsiko ziren herrietan hondakinak biltzeko sistema berrikusiko zutela esan izan du alderdi jeltzaleak, eta horren inguruan herritarrei hitza emango dietela esan du Olatz Peonek: «Tolosaldean herri bakoitzak erabaki du bere zabor bilketa nolakoa izango den, beraz orain ere herri bakoitzak erabaki beharko du bilketa ereduaren aldaketa egitekotan nola, noiz eta zergatik egin, beti ere herritarren iritzia kontutan izanik. Tolosaldeko Mankomunitatean gai honen inguruan gertatu denaren irakurketa lasai bat egitea ere mereziko luke».
Gipuzkoako Foru Aldundia
Jeltzalea foru aldundirako hauteskundeetan izandako gorakadaren inguruan esan du orokorrean EAJren alde egin duten herritarren kopuruak gora egin duen bitartean, EH Bilduk orain 4 urte jasotako «herri babesak» behera egin duela. «Alderdiaren helburua bada hauteskundeak irabaztea, horregatik aurkezten du programa landu eta ona, baina gero herriaren aniztasuna horrelakoa da eta aniztasun horren barruan esan daiteke hauteskunde hauetan indar abertzaleak gailendu direla. Hori izan daiteke atera daitekeen balorazio orokorretako bat», gaineratu du.
Datozen lau urteetan EAJk ekonomia eta enplegua, gizarte politikak, hirigintza, kultura «hizki larriz idatzita» eta «Gobernu Onaren lanketa» izango dituztela ardatz esan du. Horretarako elkarlana aipatu du, «gai guztietan derrigorrezkoa izango da eskualdeko herrien arteko oreka lortzea, ez hori bakarrik, Tolosaldeak beste eskualdeekin alderatuz ere orekatuta egon behar du eta hori horrela izan dadin estrategikoki hainbat erabaki hartu beharko dira beste administrazioekin elkarlanean».
Itziar Jauregiren eskerrak
Ibarran EAJk bost hautetsi lortu ditu, orain lau urteko emaitzak hobetuz; hiru hautetsi eta 430 boto gehiago lortu ditu. Itziar Jauregi zerrendaburuak eskerrak eman dizkie botoa eman dieten 882 ibartarrei. «Herritar horiek guztiek adierazi diguten konfiantza bultzada ikaragarria da guretzat, eta esan nahi diegu datozen lau urte hauetan herritarren eta herriaren alde lanean arituko garela. Hamar konpromiso aurkeztu ditugu eta horiek izango dira gure ardatzak udalgintzan», esan du.