Hauteskundeak 2015. Emaitzak

«Ezusteko emaitza» EH Bildurentzat

Ataria 2015ko mai. 26a, 09:34

Boto gehien lortu duen alderdia izan da eta eskualdeko 17 herritan nagusitu da, baina 2.200 boz galdu ditu

«Egia da. Ez genituen emaitza hauek espero». Horrela adierazi du Orexako alkate eta EH Bilduko eskualdeko arduradun Eneko Maiozek. Tolosaldeko 28 herrietan, 10.011 boto eskuratu ditu koalizio abertzaleak udal hauteskundeetan eta 9.997 boz, berriz, foru hauteskundeetan.

Duela lau urteko udal hauteskundeekin alderatuta, parte hartzeak gora egin du Tolosaldean. Hala ere, EH Bildu koalizioak 2.200 boto inguru galdu ditu 2011ko datuekin alderatuta. Orduan Bilduk eta Aralarrek, bakoitzak bere aldetik lortu zituen botoak batuta, 12.246 boto eskuratu zituen eskualdeko 28 herrietan.
Boto galera jaso du EH Bilduk eskualdeko herri ia guztietan, baina nabarmenagoa izan da beherakada herri handiagoetan. Amasa-Villabonan, esate baterako, duela lau urtetik hona 458 boto galdu ditu.

Hain juxtu, koalizioak Amasa-Villabona, Tolosa eta Iruran galdu ditu alkatetzak. Eskualdeko beste 17 herritan lehen indarra izan da eta datozen lau urteetan udal gobernuan izango da. Tolosaldean, igandean banatu ziren 220 zinegotzietatik erdiak dira EH Bildu koalizioarenak. Bigarren alderdi bozkatuenak, EAJk, 44 zinegotzi eskuratu ditu eskualde osoan.

«Datuak asimilatzen ari gara eta azterketa sakonagoak egingo ditugu datozen egunetan. Beste emaitza batzuk espero genituen, egia da. Azterketa pasa behar izan dugu udal ordezkariok eta hauek izan dira emaitzak. Gure aldetik, herrietako gure kideei animoak eman nahi dizkiegu».

EH Bilduren lehen irakurketa
Faktore batek baino gehiagok eragin dute EH Bilduk Tolosaldean lortu dituen emaitzetan. Ibai Iriarte, Tolosako alkategaiaren iritzian, «hemengoa ez da izan jokaera isolatua, Gipuzkoa mailan ere, oro har, beherakada izan baitu koalizioak».

Hondakinen kudeaketak sortu du zalaparta gehien azkeneko legealdian eta hauteskunde kanpainan ere gaia hizpide izan dute alderdiek. EH Bilduren emaitzetan ere izan du eragina. Atez ateko hondakinen bilketa sistema jarri den herrietan beherakada izan du koalizioak. Jendeak sistema horrekiko duen aurkakotasuna EAJren botoetan islatu da.

Tolosaldea Garatzen edo Tolosaldeko Mankomunitatean alderdiek izango duten ordezkaritza aldatu egingo da legealdi berrian eta hainbat erabakitan aldaketa ekarri dezake horrek. Eneko Maiozek hitz egin du horren inguruan: «Eskualderako zein panorama geratzen zaigun ikusi beharko dugu orain. EH Bilduk jarraituko du eskualdearen alde lan egiten, norberak bere herritik eta herritik harago eskualdearengan pentsatzen.

Eskualdegintza egunero egitea denon zeregina da eta herritarren onurarako politikak egiten segiko dugu».
Eskualdeko 17 herritan jarraitzen du EH Bilduk gobernuan. «Gure proiektuak hor jarraitzen du, bizirik. Guk lanean jarraituko dugu. Lau urteetan eskualdeko herri horietan sekulako lana egin da eta norabide horretan jarraitzea da gure asmoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!