Zer diote herritarrek hauteskundeez?

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 22a, 13:00

Bi galdera egin dizkiegu herritarrei: 1- Bozkatuko al duzu eta zergatik? 2- Zer eskatzen diozu udal gobernuari?

Edurne Mujika Mujika

  1. «Oraindik ez dut erabaki. Zalantza handiak sortzen zaizkit, denek horrenbeste agintzen dute... eta gero baztertuta bezala ikusten zara».
  2. «Horrenbeste gauza eskatuko nizkioke. Herriaren alde begiratzeko batez ere. Alderdi politikoen siglak alde batera utzi, eta herriaren alde gehiago egiteko».

 

Arantxa Bakero

  1. «Bozkatuko dut. Guztion gauza da, ez bakarrik politikoena, guk atzetik bultzatu egin behar diegu».
  2. «Aurrekoan baino pixka bat hobeto egiteko. Hemengo eta Gipuzkoa guztiko gaia da zaborrarena eta Zizurkilen adibidez, atez atekoa jarrita dago eta bazter guztietan zaborra dago».

 

Luis Amondarain Esnaola

  1. «Joan beharko da, noski! Ohituragatik joango naiz, bestela joaten ez bazara badakizu zer dagoen, kartzela!».
  2. «Osasun ona, baina nola ez didaten emango, zer eskatuko dut ba! Herritarrei entzuteko».

 

Juan Karlos Etxebeste

  1. «Bozkatuko dut. Zerbait aldatzea nahi izaten dugu beti, eta hauteskundeetan izaten da aldaketa hori eragiteko aukera. Hori daukagu demokrazian, lau urtean behin bozkatu eta gure ordezkariak aukeratzea. Zer alderdiri bozkatuko diodan ere erabakita daukat».
  2. «Zintzoak izatea eskatzen diet».

 

Naiara Lopez de la Parra

  1. «Bozkatzea beharrezkoa dela iruditzen zait, beraz, bozkatzera joango naiz. Erabakita daukat dagoeneko nire bozka zein alderdiren alde joango den».
  2. «Egia esan, nire herriko alkatearekin oso pozik nago, baina, hala ere, gauza asko eskatuko nizkioke».

 

Joxe Ramon Garikano

  1. «Igandean bozkatzera joateko asmoa daukat. Herritar moduan, ardura pixka bat badugula iruditzen zait, eta botoa ematera joan beharra daukadala uste dut. Nire botoa noren alde joango den ere pentsatua daukat. Euskaldun guztiak batu, eta ea behingoz aurrera egiten dugun!».

Isabel Otegi

  1. «Bozkatuko dut, beti bozkatzen dut, eta aurten ere bai».
  2. «Eskatu, eskatu... saiatu daitezela herriarentzat gauzak egiten. Herriak zer nahi duen entzutea eskatzen diot udalari».

 

Gotzon Sukia

  1. «Bozkatuko dut. Udal eta Foru hauteskundeak gertuen ditugunak dira eta jendea gehiago ezagutzen duzu...».
  2. «Lana ondo egitea eta gugandik gertu egotea, hori hasteko. Eta gauza gehiago ere eskatzen dizkiot zintzotasuna, gardentasuna...» .

 

Aitzol Saez Zendoia

  1. «Udal hauteskundeetan bai. Oraingo udala mantendu nahi dudalako, beraiek egotea nahi dut».
  2. «Orain arte bezala jarraitzeko eta udala zein herria hobetzen jarraitzeko. Herri gaztea dugu eta ume asko daude, eta herria hauen bizimodura moldatu dute eta oso gustura nago».

 

Idoia Aiestaran

  1. «Bozkatzera joango naiz; hala egokitzen da, eta joan behar dudala uste dut. Duela bi urte Europakoetarako ere bozkatu nuen. Garrantzitsua iruditzen zait, defendatzen dituzun baloreak bultzatzen dituenak irabaz dezan».
  2. «Esaten dutena betetzea eta herritarrak entzutea eskatuko nieke».

 

Aitor Etxeberria

  1. «Bozkatzera joateko asmoa daukat. Agian nire botoak, hau da, boto bakar batek ez du eragin handirik, baina, boto guztiak dira garrantzitsuak. Gainera, herritarron eskubidea da bozkatzea. Erabakita daukat nori eman botoa».
  2. «Garbitasuna eskatzen diet politikariei, euren ideiak garbi azaltzea».

 

Jon Gomez

  1. «Bai, joango naiz bozkatzera. Nire ustez, geroz eta garrantzi handiagoa du hauteskundeetan bozkatzera joateak. Igandean, beraz, nire bozka emango dut, eta gainera, erabakita dut noren aldekoa izango den nire botoa, oso argi dut».
  2. «Herritarrenganako gertutasuna eskatzen diot hurrengo alkateari».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!