Hauteskundeak 2015. Kanpaina

"Eraldaketa prozesuarekin jarraitzeko gehiengoaren babesa behar dugu"

Ataria 2015eko maiatzaren 22a

Tolosaldeko EH Bilduko hautagaiekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai eta gazte mugimenduko kide Garazi Mugertzak hartu zuen parte Villabonan egindako ekitaldian: "gazteak gara eraldaketarako giltza eta EH Bildu, tresna".

Berdura plazan jarritako oholtza gainean txalo artean jaso zituzten azkeneko lau urteetan EH Bilduko ordezkari izan diren alkate eta zinegotziak. Orexakoak hitz egin zuen guztien izenean: "eskualdean lan eta bizi egin nahi dugu eta badakigu hori bertan erabakiz bakarrik lortuko dugula". Eneko Maiozen hitzetan, "EH Bilduko hautagaiok gure konpromiso eta lana eskaintzen dugu".

Ondoren, Amasa-Villabonako alkategai Nora Urbizuk hartu zuen hitza eta Tolosaldean koalizio abertzaleak aurkezten dituen hautagaiei oholtza gainera igotzeko gonbita luzatu zien. "Gure herri auzoetako bizilagunak eta eragile sozial eta kulturalak dira gure interesgune nagusiak eta horiekin beste lau urtean elkarlanean arituko gara, herritik herrira".

Parte hartzaile eta inklusibotzat jo zuen Urbizuk EH Bilduren eredua eta EAJrenari kontrajarri zion: "eredu zaharkitu eta iluna da beraiena, gutxi batzuen mesedetara egina. Eskubide murrizketak, Bidegiko korrupzioa, Tolosaldea txikitu dituen trena, Kutxabanken pribatizazioa eta abar luze bat gauzatu dituzte". EAJk, PSE-EE eta PPrekin aliantzak sortzeko arriskuaz ohartarazi zuen Amasa-Villabonako alkategaiak. "Guk beste lau urte behar ditugu eraldaketa prozesuarekin jarraitzeko eta bide hau sendotu eta indartzeko".

EH Bilduk, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai Garazi Mugertzak itxi zuen kanpaina amaierako ekitaldia. "Lau urteetan zerbitzu sozialak erdigunean kokatu ditugu eta aberastasuna hobeto banatu dugu". Politika horrekin jarraitzeko gehiengoaren babesa jasotzea ezinbestekoa dela aipatu du gazte mugimenduko kideak eta "duela lau urte bezala gazteak determinanteak izango gara emaitzetan, horregatik deialdia egin nahi diet gazteei hautetsontzietara gerturatu eta EH Bilduren alde botoa eman dezaten".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!