Gutuna: Tolosaldeko mankomunitatearen kudeaketaz

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 21a, 20:15

Amaia Azkue, Ainhoa Ugalde, Gorka Egia, Josu Amilibia eta Eneko Maiozek sinatua. Guztiak, Tolosaldeko Mankomunitateko kideak.

2011-2015 legealdia amaitzera doan honetan, Tolosaldeko Mankomunitatearen kudeaketaren balantzea egiteko garaia iritsi da.

Prentsan hainbeste alditan entzun eta irakurri behar izan dugu, eskualdean ezarri diren hondakinen bilketa-sistemak garestiagoak direla, kamioiak erosi eta erosi ibili garela, eta beste hainbat kontu, guztiak herritarrei sinestarazteko gauzak gaizki egin ditugula eta ez dakigula kudeatzen. Baina gaur egungo emaitzek bestelakoa diote:

Egin ditugun inbertsioak eginda gerakina dugu datorren legealdirako.

Birziklapen datuak biderkatu egin ditugu, Europak 2016rako jarritako helburua aurretik beteaz.

Zabortegi kutsakorretara eramaten ziren hondakinak birziklatzera bideratu ditugu, lehengaiak beharrik gabe ez ditzagun xahutu.

Fiskalitate eredua aldatu dugu: herriek lehendabiziko aldiz jasotzen duten zerbitzuaren eta lortzen dituzten emaitzen arabera ordaintzen dute.

Prebentzio mailan izugarrizko lana egin da eskualdean organikoaren tratamenduari dagokionez; legealdi honetan izan dugu organikoa tratatzeko aukera eta honek emaitza ikusgarriak izan ditu. Autokonposta edo auzokonposta eginez herrian bertan kudeatuz edo organikoa sailkatuta bildu eta tratamendu plantara bideratuaz.

Errefusaren kopuru jaitsierak mankomunitateko gastua asko murriztu du. Bestalde, ontzi arinen eta paperaren bilketek izan duten igoeraren ondorioz, diru sarrerek gorakada nabarmena izan dute. Honenbestez, mankomunitatearen egoera ekonomikoa oso ona da. Aste honetan izan dugu legealdiko azken batzarra, eta bertako puntuetako bat izan da 2014ko urteari dagokion ekitaldiko likidazioaren berri ematea. 1.701.592,36 eurokoa da gerakina.

Garbi daukagu gerakinaren erabilera inbertsioak eta hobekuntzak egitea dela. Legealdi honetan hau izan da lana egiteko gure modua eta aurrerantzean emaitza hobeak lortzeko bermea izango dela ez dugu zalantzarik.

Azkenik, zorionak eman nahi dizkiegu Tolosaldeko herritar guztiei, bakoitzak bere etxean hondakinak egoki sailkatzean dago eta emaitza hauen gakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!