Gure ordezkari izango direnak aukeratzeko unea

Jon Miranda Labaien 2015ko mai. 22a, 08:50

Datorren igandean, 2015eko maiatzaren 24an, bi hauteskunde desberdin izango dira. Batetik, udal hauteskundeak, eta bestetik, Euskal Autonomi Erkidegoko lurralde historikoen batzar nagusietarako hauteskundeak.

BOTO ESKUBIDEA NORK?

Bozka emateko eskubidea dute eskualdeko udalerrietan bizi diren herritarrek, adinekoak badira eta hautesle erroldan erregistratuta badaude. Europar Batasuneko 27 estatuetako herritar atzerritarrek ere badute botoa emateko eskubidea, horretarako nahia adierazten badute eta atzerritarren hautesle-erroldan erregistratuta badaude. Europar Batasunetik kanpoko herritarrek, berriz, bertako udalerri batean erroldatuta egon eta azkeneko bost urteetan legezko bizileku-txartela indarrean eduki beharko dute.

Europar Batasuneko 27 estatuetako eta Europar Batasunetik kanpoko 12 herrialdeetako hautesleek udal hauteskundeetan bai baina ezingo dute botoa eman batzar nagusietarako hauteskundeetan. Europar Batasuneko 27 estatuetako hautesleak zinegotzi gisa hautatuak ere izan daitezke. Europar Batasunetik kanpoko 12 herrialdeetako hautesleek, berriz, udal hauteskundeetan botoa eman baino ezingo dute egin, ezin baitira hautatuak izan.

BOZKALEKUEN OSAKETA

Tolosaldeko udal bakoitzeko udalbatzan, zozketa publikoa egin da azkeneko asteotan igandeko bozkalekuetako mahaiak osatzeko. Udaleko hautesle-erroldan erregistratutako hautesle guztiak sartu dira zozketan. Egunotan jakinarazi zaie emaitza interesdunei, bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere eta epe bat izan dute hauteskunde-batzordearen aurrean mahaian ez egoteko arrazoiak alegatu ahal izateko. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar izan dira.

Mahaiko presidentea da bozkalekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa egunean gertatutako edozein egoeratan. Mahaiko presidenteak eta bokal bakoitzak 62,61 euro jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe. Hauteskunde-mahaiaren presidenteak eta bi bokalek, besteren konturako langileak edo funtzionario publikoak badira, eskubidea dute asteleheneko lanaldian bost orduko baimen ordaindua eta errekuperatu beharrik gabekoa izateko.

Hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, baita mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Betebehar hori ez betetzeagatiko zigorra: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko kartzela zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna.

35.915 HAUTESLE TOLOSALDEAN

2015eko urtarrilaren bateko zentsuaren arabera erabakitzen da hautesle kopurua. Tolosaldeko 35.916 herritar daude deituta botoa ematera. Duela lau urteko udal eta foru hauteskundeetan baino 1.026 lagun gehiagok du boto eskubidea.

Gaur egungo biztanleria datuei erreparatzen badiegu, Gaintza (Gipuzkoa) da Gipuzkoako udalerri txikiena: 120 pertsona ditu erroldatuta, beti ere, 2014ko urtarrilaren bateko zuzenbidezko biztanleri datuak kontuan hartuta. Alabaina, aurtengo urtarrilaren batekoak dira indarrean dauden hauteskunde-erroldaren datuak eta bestelakoa da egoera: Orexa da udalerririk txikiena 90 hautesleekin. 123 dira erroldaren arabera biztanleak eta 90, beraz, 18 urtetik gorakoak.

220 ZINEGOTZI, 28 HERRITAN

Hain justu, 2014ko urtarrilaren bateko erroldaren arabera erabakitzen da udalerriz udalerri izango den zinegotzi kopurua. Tolosaldean 220 dira hautatuko diren zinegotziak.

17 eserleku erabakiko dira Tolosan, 13 Amasa-Villabonan eta hamaikana Zizurkil eta Ibarran. Bederatzina zinegotzi izango dira Alegiako, Anoetako, Asteasuko, Berastegiko eta Irurako udaletxeetan eta bosna berriz, Elduain, Gaztelu, Orendain eta Orexan. Tolosaldeko gainerako 14 udalerritan zazpina zinegotzi erabakiko dira.

Biztanle kopurua 101 eta 250 bitartekoa den udalerrietan, bost zinegotziak zerrenda irekien bidez hautatuko dira, hau da, boto-paper bakarra egongo da eta bertan alderdi desberdinetako hautagaiak agertuko dira. Hautesleak lau hautagai markatu beharko ditu, nahiz eta alderdi desberdinetako hautagaiak izan. 2015eko udal-hauteskundeetan zerrenda irekien bidezko hautaketa egingo da Gipuzkoako zortzi herritan, tartean Elduain, Gaztelu, Orendain eta Orexan.

D´HONDT SISTEMA ZINEGOTZIAK ESLEITZEKO

Zinegotzi kopurua erabakitzeko D'Hondt sistema erabiltzen da. Hautetsiak banatzeko metodo bat da, bataz besteko handiena darabilena. Boto guztiak zenbatu eta gero, zatitzaileak kalkulatzen dira banandu beharreko kargu kopuruaren arabera. Botoen zatiketak kalkulatu eta gero, karguen esleitzea zatiketen emaitzak handienetik txikienera ibiliz egiten da eta karguak agortzen direnean bukatzen da. D'Hondt metodoak alderdi politiko handien alde egiten du neurri batean, alderdi txiki banakatuei kalte eginda.

Jakina den bezala, Baliarrainen ez da hautagaitzarik aurkeztu eta Albizturren herritarrek boto zuria emateko deia luzatu dute, PSE-EEko edo PPko hautetsirik atera ez dadin. Izan ere, hautagai-zerrendek udal hauteskundeetan boto baliodunen %5 lortu behar dute, zinegotzi banaketan parte hartu ahal izateko. Adunan, duela lau urte, 299 izan ziren boto baliodunak, 287 boz zuriak izan ziren eta 12 PPren hautagaitzari emandakoak. Alderdi Popularrak ez zuen, beraz %5eko muga gainditu eta ez zuen ordezkaritzarik lortu herrian.

BATZARKIDEAK AUKERATZEKO, ORIA BARRUTIA

Lurralde historikoen batzar nagusietarako hauteskundeak ere ospatuko dira igandean Tolosaldean. Gipuzkoako Batzar Nagusian herritarren ordezkari izateko 51 batzarkide aukeratuko dira, horietako bederatzi Oria izeneko barrutian. 50 udalerrik osatzen dute barrutia eta orotara 130.000 pertsona inguru bizi dira bertan. Goierriko eskualdea, Andoain, Zumarraga, Urretxu eta Tolosaldeko 27 herri sartzen dira bertan. Bidania-Goiatz Deba-Urolako barrutian sartzen da. Boto guztiak batu eta D´Hondt metodoaren arabera esleitzen dira Oriako bederatzi batzarkideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!