Tolosako alkategaiak esan du Ibarran, Iruran edo Tolosan alkatetzara iristen badira hondakinak biltzeko atez ateko sistema kenduko dutela eta bosgarren edukiontziaren alde egingo dutela.
Era berean, herritarrak langabeziarekin kezkatuta daudela esan du Asensiok, eta hori dela eta enplegua sustatzeko egingo dutela lan. Izan ere, Tolosaldean %15 eta 16 arteko langabezia tasa dago. Zentzu horretan, langabeziaren ondorioak bereziki pairatzen dituzten bi talde aipatu ditu: gazteak eta 45 urtetik gorakoak. PSE-EEk bi talde hauek babestuko dituela esan du. "Enpresak erakartzea da gure proposamena, eta horretarako Tolosaldea Garatzenekin eta Lehiberrirekin egin behar dugu lan, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin ere", esan du.
Horiek horrela, bi talde horien langabezia txikitzeko enplegu plan bereziak garatzea proposatzen du PSE-EEk. "Gazteek zailtasun handiak dituzte lehen lanpostua lortzeko eta esperientzia lortzeko, eta 45 urtetik gorakoak asko egoten dira langabezian, horregatik behar dute gure laguntza, politika aktiboak behar dituzte", esan du Asensiok. Gizarte zerbitzuen bermea lortzeko lan egingo dutela ere esan du, "hori izango da gure lehentasuna eta horretarako aurrekontuan aldaketak egin behar badira, egingo ditugu", gaineratu du.
Bukatzeko, EAJri leporatu dio Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduren esku utzi izana. "Oso garrantzitsua da igandean botoa ematera joatea, eta PSE-EE bozkatzea Bilduren gobernuak ez egotea ahalbidetuko du", esan du.