Ireki begiak eta zabaldu belarriak kultur aniztasunari

Ataria 2015ko mai. 21a, 08:32

Asteartean Adunan Baraka antzerki taldeak Babutxa madarikatuak ipuin antzeztua eskaini zuen. Gaur, berriz, Zizurkilen bertako Nigeriar taldeak ikastaroa eskainiko du Atxulondo kultur etxean.

Kultura Aniztasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna da gaurkoa, maiatzaren 21a. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailetik hainbat ekimen sustatu dira gaurko egunaren harira.

Asteartean Adunako Elordi plazako lokaletan Babutxa madarikatuak izeneko antzerki lana eskaini zuen  Baraka taldeak. Vanesa Ladron hezitzaile alegiarrak talde horretan parte hartzen du: «2010 inguruan sortu genuen Baraka. Kolore Guztiak kultur elkarteko hezitzaileak naiz ni eta genero eta kulturari buruz Tolosaldeko lan mahaian parte hartu nuen. Gazteekin zer egin pentsatzen hasi ginen eta hau izan zen emaitza. Hasieran gauza txikia zena handitu egin da eta dagoeneko, bost ikasturte daramatzagu».

Gehienbat gazte atzerritarrak dira Baraka taldean parte hartzen dutenak, baina bertakoak ere animatu nahiko lituzkete integrazioa bultzatze aldera. Ipuin antzeztuak eskaintzen dituzte batik bat: Idoia Sanchez tolosarrak kontaketa euskaraz egiten du eta gero taldeko gazteek arabiarrez antzezten dute ipuina.

Taldean parte hartzen duten lagunak gazteak dira eta gehienak marokoarrak. Horietako bat duela hiru urtetik hona Euskal Herrian bizi den Yahya Nouri da: «Guretzako garrantzitsua da jendeari erakustea etorkin guztiak ez garela berdinak. Kaletik goazela umeek ez gaituzte etorkin bezala seinalatzen, antzerki lanean parte hartu dugun aktore bezala baizik eta hori guretzat gauza handia da».

Baraka taldean, nagusiki, 3 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako lanak eskaini izan dituzte orain arte. «Ume horietako askok guraso arabiarrak dituzte, beraz,  ez zaie hizkuntza hori erabat arrotza egiten. Kultura eta hizkuntzen arteko lotura mantentzeko balio dezakete gure lanek», aipatu du Ladronek.
Astero, Donostian entseatzen dute eta bi ordutik gora ematen dituzte lanean. Taldean parte hartzen du Maryam Idira Mehamdik. «Niretzat, errespetua, pazientzia eta elkarbizitza dira Barakaren oinarriak. Elkarrekin ondo moldatzen gara eta esperientzia zoragarria da taldean parte hartzea». Maryam, Tolosako kultur etxeko antzerki tailerrean hasi zen, Elena Aranbarri irakasle zuela.

Bederatzi gazte ari dira taldean eta bera da neska bakarra da. «Arabiarrez dakiten emakumeak topatzea kosta egiten zaigu». Kolore Biziakek kudeatzen dituen pisuetan egoten diren gazteak animatzen dituzte parte hartzera, baina ahoz aho ere izaten du jendeak taldearen berri. Horrela animatu zen Christen Joulin kamerundarra: «aktore bezala formatzeko balio izan dit. Dagoeneko film labur batean parte hartu dut eta aurki estreinatuko den La nave invisible filman ere aritu naiz. Aktore izatetik bizi nahi nuke».

Lan emozional handia egin behar izaten dute aktoreek Yahya Nourik aitortu duenez. «Emanaldi batera  zoazenean arazoak atean utzi behar dituzu, bestela, zure interpretazio lanean nabaritu egiten dira zure mamuak». Hilean behin, egindako lana berrikusi eta hobetzeko saio bat egiten dute taldekoek.
Herriz herri, antzerki lanak eskainiz jarraitzea da taldearen asmoa. Helbide hau dute harremanetarako: bakarataldea@gmail.com.

Vanesa Ladron hezitzaile alegiarrarekin aritu gara hizketan Ataria Irratian: 

 

Nigeriar taldea Zizurkilen
Zizurkilen bada Nigeriar jatorriko komunitate bat eta iaz egin bezala aurten ere ekarpena egin nahi izan diote Maiatza Saltsan egitarauari. Ikastaroa antolatu dute eta besteak beste, trentzak egiten, buruko zapiak janzten eta haurrak eramateko pareoak jartzen erakutsiko dute. Gaur izango da ikastaroa, 18:00etan Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!