‘Atarikide’ txartela etxean jasoko da egunotan

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 20a, 09:36

Eskaintzaz beteriko txartela jasoko dute harpidedunek egunotan etxean

Tolosaldeko Ataria-ko harpidedun izateak euskarazko komunikazio taldeari lana kalitatez egiteko bultzada eskaintzearekin batera saria ere badu. Egunotan harpidedunen etxeetara, buzoietara, Atarikide txartela iritsiko da. Txartel horrek bidea ematen du eskualdeko informazioa prentsa, irrati eta internet sarearen bidez kontsumitzeko.

Baina horretaz gain, bestelako abantaila erantsiak ere eskaintzen dizkio ataria-k harpidedunari. Esaterako, harpidedunek %50eko deskontua dute eskualdeko komunikabidean eskelak jartzeko orduan eta %25eko deskontua iragarki laburrak eta zorion agurrak kontratatzerakoan.

Bestetik, Harpidedunen Txokoaren bitartez opari eta eskaintza zabala zabaltzen zaio hilero harpidedunari, azken astean. Zozketetan parte hartzeko bidea 902 82 02 40 telefono zenbakia da.

Eta horretaz gainera, astero-astero bestelako zozketetan ere parte hartzeko aukera du Atarikideak. Antzerki, kontzertu eta bestelako emanalditarako sarrerak zozketatzen ditu komunikabideak, prentsan eta ataria.info webgunean jakinaraziz. Horietan parte hartzeko bidea 943 65 56 95 telefono zenbakira deitzea da.

Zerrendatutako abantaila erantsi hauekin guztiekin Tolosaldeko Ataria-ren asmoa harpidedunei eskerrak ematea da. Honela, ataria taldearen prentsa, irrati eta internet sarea egunero elikatzeko ezinbestekoa da harpidedunek eskaintzen duten arnasa.

Datozen egunotan beraz, harpidedunek euren buzoietan Atarikide txartela jasoko dute. Txartelean bertan harpidedun bakoitzak berari dagokion harpidedun kodea izango du, komunikazio taldearekin harremanetan jartzeko edota eskaintza eta zozketetan onuradun izateko erabili beharko da.

Txartelarekin batera harpidedun bakoitzak Ataria-ko pegatina ere jasoko du. Honakoak, norberaren buzoian itsasterakoan egunkari eta astekariaren banaketa erraztuko du, argi adieraziz etxe hori Atarikide dela.
Edozein eskari, zalantza edo iradokizun helarazteko komunikazio taldeak honako bideak ireki dizkie harpidedunei: atarikide@ataria.info edo 943 30 43 46.

Buzoietarako pegatina
Harpidedun bakoitzak Atarikide txartelarekin batera bere buzoian itsasteko Ataria pegatina jasoko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!