Alkatetzetarako bi hautagaiek konpromisoa hartu dute Bilduren kudeatzeko moduetatik aldendu eta herritarrak entzun eta errespetatzeko. “Azken lau urteetan, entzungor egin diote herriaren hitzari eta euren proiektuak inposatu dituzte nahiz eta gehiengoa aurka izan. Hortxe daukagu atez atekoaren adibidea”, salatu du Lazkanok.
Jakinarazi du EAJk bestelako kudeaketa egingo duela, herritarrengandik hurbil egongo dela eta pertsona guztiak errespetatuko dituela. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie azken asteotan Zizurkilen zabaldu duten lokalera inguratu diren herritarrek, “ideia eta proposamen oso interesgarriak helarazi dizkigutelako”. Jarraian datorren legealdira begira, lehentasunezkoak izango diren zenbait proiektu aipatu ditu, besteak beste, merkatariekin elkarlanerako batzordea eratzea, kultur etxean igogailua egitea, helduen artean kirola sustatzea, herritarren artean parte hartzea bultzatzea eta langabeziaren aurkako neurriak hartzea.
Iban Agirre hautagai billabonatarrak ere hartu du hitza, eta ziurtatu du EAJ-PNVren helburua dela “talkekin amaitu eta akordioak bilatzea”. Adierazi du bere taldea oso indartsu datorrela, eta gogotsu daudela herriari behar duen bultzada emateko. “Daukaguna sendotuko dugu eta kemena izango dugu proiektu politak aurrera eramateko. Ez gara konformatu behar daukagunarekin. Herriko jendea gustura egotea da geure helburua, eta hori lortzen saiatuko gara”, adierazi du.
Egibarrek itxi zuen atzoko ekitaldia, eta EAJ eta Bilduren arteko ezberdintasunak nabarmendu zituen bere hitzaldian. “Haiek garaile izan nahi dute norbait zapaltzeko; guk, berriz, herritarrak errespetatu eta haien beharrei erantzungo diegu”, azaldu zuen.
Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak esan zuen bere alderdiak badaukala zer eskaini herritarrei. Izan ere, gogoratu zuen “EAJ izan dela Euskadin aginte maila handiena izan duen alderdia, eta erabaki estrategikoetan asmatu duela".
Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Jokin Bildarratz senataria; Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Mertxe Garmendia; Iñaki Agirre eta Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkidea; Olatz Peon burukidea eta beste zenbait alderdikide, zerrendaburu eta herritar izan ziren ekitaldian.