Lehen sektoreari argazkia

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 15a, 10:43

Gaur, maiatzak 15, San Isidro baserritarren eguna izanik lehen sektoreari argazkia atera diote hainbat eragilek: baserritarrek errekonozimendua behar dute, bizimodu gisa modu duinean egin nahi dute, eta sektorea biziberritzeko jende gaztea erakartzea ez da erraza.

«Hobeto egon da eta okerrago ere bai». Esaldi horrekin laburbildu du Iker Karrera Tolomendi Landa Garapen Elkarteko arduradun teknikoak Tolosaldean lehen sektoreak bizi duen egoera. «Kontuan hartuz gero lehen sektoretik bizi den jende kopurua, urte hobeak izan ditu. Uzten doan jende kopurua eta sartzen doan jende kopurua ez dago orekatuta, beraz urtero baserritik bizi den jende kopurua gutxitzen ari da». Produkzio kopuruetara joanez gero, gorabeherak izaten dira: «Jendea gutxitzen doa, baina produkzio batzuk kontzentratu egiten dira, eta jende gutxiagok gehiago produzituko du, baina gainbehera bat dago orokorrean produkzio kopuruan».

Horrez gain, krisi ekonomikoari lotuta, azken urteotan azpisektore batzuk asko sufritu dute. «Esne sektorea asko ari da sufritzen, ardi sektorean Idiazabal gazta da produktu nagusiena eta kontsumoa gutxitu egin da, eta haragi sektoreak mundu mailako merkatuetan lehiatu behar du eta merkatu horiek jartzen dute prezioa eta errentagarritasuna nahiko justua da. Barazki sektorea pixka bat libratu da. Oso gertuko merkatuak ditugu eta hor defendatzen da, baina azken urteotan asko sufritzea tokatu zaio. Baso sektorea oso urte txarrak bizitzen ari da, eta etorkizuna bide berrietatik jorratu beharko luke».

Bestalde, sektoreak egoera txarragoak izan ditu, Karrerak dioenez: «Azken urteotan eman den krisia dela-eta gizartean sortu diren beste behar batzuen ondorioz, lehen sektorearekiko begirada hobea da. Orain urte batzuk gizartea askoz ere urrutiago zegoen ekoizleen eta ekoizpenetatik. Gaur egun ingurugiro arazoengatik, edo bertako ekonomia bultzatzeagatik, bertako produktuek ematen duten gertutasun eta konfiantzarengatik, jendeak gero eta gehiago baloratzen du bertako lehen sektorea».

Sektorearen «erronka nagusiena bideragarritasun ekonomikoa» lortzea da. «Azkenean sektore ekonomiko bat da eta gutxieneko bideragarritasuna lortu behar da. Ez badu jateko ematen, ez du zentzurik», dio Karrerak. Erronka hori beste batekin dago lotuta: gaztetzea. «Gero eta adin gehiagoko jendea dago. Jende berria sartu beharko da, sektoreak iraun dezan. Beraz, edo etekin ekonomiko bat ateratzen du edo bestela ez da jendea sartuko».

Tolosaldean abeltzaintza izan da azpisektore garrantzitsuena eta egun ere hala dela esan du Karrerak: «Lanpostu kopurua eta sortzen diren aktibo ekonomiko nagusienak abeltzaintzara lotuta daude: azken hamarkadetan esne behia izan da, horren gainbeheran lekua hartu du haragi sektoreak, eta azken urteotan artzaintzak. Abeltzaintzak du lurraldean eragin zuzena, eta hor daukagu erronka handienetakoa, ekonomikoki gutxieneko bide- ragarritasuna izan dezaten. Baratzezaintza garrantzitsua da eta gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da, batez ere merkatuak gertu ditugulako».

Tolomendin egin berri dute eskualdeko landa garapen programa berrirako eztabaida saioak, eta datozen urteetarako ildo nagusienak zehaztu dituzte. Ildo horiek batean biltzen ditu Karrerak: «Baserri iraunkorrak lortzea herri iraunkor batzuetan. Biak lotuta daude. Baserri iraunkorrak behar dituzte gure herriek, lehen sektore iraunkor baten beharra. Baina lehenengo sektoreak iraun dezan, herrien garapen maila egoki bat behar du. Lehenengo sektorea ez da zerbait isolatua, azkenean sektore horretatik bizi direnak ere beste behar batzuk dituzte: osasuna, hezkuntza,... Eta horiek herriak ase behar dituzte. Beraz, herrien gutxieneko garapen maila lotu behar da».

«Denon artean adostu behar dira baserria aurrera eramateko bideak»
Azken urteotan lehen sektorearen egoera berdintsua da, EHNE sindikatutik diotenez. «Ikusten da sektoreak duen indarra galtzen ari dela pixkanaka, baina bagatozela atzetik belaunaldi berriak gogoarekin honi aurre egiteko eta lehen sektorea bizirik mantentzeko», azaldu du Begoña Aristi EHNEko kideak. «Sindikatuaren erronka izan da honi eustea eta aurrera eramatea. Borroka egitea bai baserritarrek modu duin batean bizi ahal izateko, eta baita gizartearen aldetik errekonozimendua berreskuratzeko». Elikadura ekoizteaz aparte, beste lan mordo bat egiten dela dio Aristik: «Paisaia zaintzea, ingurumena zaintzea, hemengo kultura eta hizkuntzaren babesleku ere izan da baserria,...».

Baserria beti krisian egon dela esaten denean, egoeretara moldatzeko baserritarrek «ahalmen izugarria» dutela dio Aristik. «Krisitik ateratzeko baserritarrekin hitz egin eta denon artean adostu behar da zer bideetatik joan daitekeen baserria aurrera eramateko». Ez dela erraza jende gaztea erakartzea esan du, eta gaineratu: «Aukera hau egin dugunok eta zortea izan dugunok baserrian bizi eta baserritik bizitzeko, ez da bakarrik bertatik soldata bat atera nahi dugulako eta kito. Baserritik bizitzea bizitzeko modu bat da».
Erronkei dagokionez, ildoa «berdin jarraitzea» dela dio Aristik: «Lanean borrokan, beti egin dugun bezala. Errekonozimendu hori jasotzeko gizartea esnatu egin behar dugu, eta hori ez da gure ardura bakarrik, hor lan handia dute erakundeek».

Ebel emakume baserritarren elkarteko kidea da ere Aristi: «Ebel elkartearen erronka betidanik izan da emakume baserritarra beti egon dela baserrian ikusi araztea. Ez dela bakarrik etxekoandre bat, edo umeak eta adinekoak zaintzen dituena. Hori dena da, eta horretaz aparte baserritarra eta langilea da. Eta errekonozitua izan behar du langile bezala». Pixkanaka pausoak lortzen ari direla dio, «baina lan asko dago egiteko».

Ustiategietako titulartasunari dagokionez, elkartetik beti eskatu izan diete erakundeei eduki dezatela informazio zehatza jakiteko benetan errealitatea zein den, hau da, zenbat emakume diren titularrak. «Askotan gizonezkoa izan da titulartasuna izan duena, eta gure erronka nagusia ere izan da emakumeak eskubide berdinak izatea biak lanean dauden momentutik. Ebel-etik animatzen diegu emakume guztiei beren eskubideak eskatu ditzatela».

«Itxaropena ematen duten aukerak badaude»
Xabier Iraola Enbako Gipuzkoako koordinatzaileak lehen sektorearen egoera «delikatua» dela dio: «Industriak eta zerbitzuek izugarrizko pisua duten bailara batean bizi gara. Baserri mundua portzentajearen aldetik nahiko baxua da, baina ikusten dugu badaudela aukera batzuk, itxaropena ematen dutenak. Izan ere, kontsumitzaileen aldetik, eta baita merkataritza eta banatzaileen aldetik, bertako produktuen aldeko apustua zabaltzen ari da».

Erronka nagusiena jende gaztea erakartzea dela azaldu du Iraolak: «Horretarako denon artean etorkizuneko perspektiba batzuk eskaini behar dizkiogu». Horren harira, kontsumitzailea «anitza» dela dio: «Bakoitzak asmatu behar du zein den bere merkatuko esparrua eta horretara egokitu. Azkenean baserritarra autonomoa da, enpresari txiki bat da, eta bakoitzak argi izan behar du zer ekoiztu, nola ekoiztu eta nola iritsi kontsumitzaileengana».

Baserritar mota batek beste batek baino errekonozimendu gehiago duela dio Iraolak: «Ekoizpen txikia eta salmenta zuzena egiten duenak duen aitortza soziala ez dugu ikusten esnea edo haragia kooperatibarako eskaintzen dutenentzako. Iruditzen zaigu denei eman behar zaiela babesa».

Esne kuoten desagertzeak, kezka
30 urtez esne kuotak ezarri dira Europatik, baina sistema hori amaitu da. Apirilaren 1etik aurrera, nahi adina ekoiztu dezake edozein ekoizlek. EHNE sindikatuko Gipuzkoako exekutibako kidea eta esnezalea den Antonio Otegik azaldu duenez, «gure kezka da kuotak desagertzeak guretzako ez duela alde onik ekarriko». Gipuzkoa mendi nekazaritza zonaldea izanik, esnea ekoizteko zailtasunak daudela dio: «Beste zonaldeekin alderatuz esnea ekoizteko gastuak altuak dira. Merkatu libre batean, merkeena ekoizteko aukera duenak abantaila izango du».

Egoera berriaren aurrean, «denborak erakutsiko du zer egin», zehaztu du Otegik. Urtarrilean esnearen prezioa zentimo bat jaitsi zela eta otsailean beste zentimo bat, esan du Otegik, eta gaineratu: «Orain gastuaren azpitik kobratzen ari gara».

ENBA sindikatutik ere esnezaleen artean kezka dela nagusi diote. Xabier Iraolak esan duenez, «nahiz eta kuotak izan, ez genuen gainditzen gure kuota Euskadin, ekoizpena dezente jaitsi delako». Bestalde, aurreikuspenek esaten dute esnearen eta esnekien kontsumoa %8 igoko dela urtero eta batez ere Asian emango dela igoera hori. «Dirudienez, gero eta gehiago kontzentratuko da ekoizpena belar asko duten herrialde lauetan. Gure beldurra da mendialdeko esne ustiategiak apaltzen joango direla eta zona lauetan igotzen joango direla», esan du Iraolak.

«Informazio garbia eta benetakoa eman behar da»
Tolosaldean nekazaritza ekologikoak duen egoeraren inguruan baikor hitz egin du Bolur elkarteak: «Gora doa, eta Gipuzkoa guztian errepikatzen den tendentzia da. Gero eta jende gehiago ohartzen da ekoizpen modu honek ekartzen dituen onurekin bai kontsumitzaileen osasunean, bai baserritarren biziraupenean, baita lurra eta ingurumenaren kudeaketa aproposa egiterako orduan».

Hasten ari diren gazte gehienen aukera dela diote elkartetik: “Etorkizuna naturari eskua emanda aurreratzea dela gero eta argiagoa ikusten da, bai Europan bai Euskal Herrian».

Aurrera begira, nekazaritza ekologikoa zabaltzeko hainbat erronka dituzte. Batetik, bertako produktu ekologikoen kontsumoa areagotzea, eta horretarako «salmenta zuzeneko komertzializaziorako bideak erraztu edota berriak asmatzea» proposatzen du. Bestetik, ekoizle kopurua gehitzen joatea da elkartearen erronka eta horretarako oinarriak «talde lanak eta prestakuntza» dituzte. Nekazaritza ekologikoaren inguruan «informazio ona lortzea nahiko zaila» dela diote Biolurretik. «Informazio garbia eta benetakoa eman behar da eta horren ardura administrazio, ekoizle, elkarte eta kontsumitzaile berarena da».

Ikaslearen perfila «asko aldatu da»

Lehen sektoreari lotutako prestakuntza ematen da Zizurkilen dagoen Fraisoro nekazaritza eskolan. Hiru ziklo eskaintzen dituzte. Bi erdi mailakoak dira, Lorezaintza eta Nekazaritza. Azken horretan hiru atal handi ditu: abeltzaintza, baratzezaintza eta frutagintza. Hirugarren zikloa goi mailakoa da, Basogintza eta natura ingurunearen kudeaketa izenekoa. Aurtengo ikasturtean 126 ikasle dituzte. Orain dela 7- 8 urtetik ikasle kopurua handitzen joan da eta eskolatik azaltzen dutenez, «azken 4 urteetan matrikulatu zitezkeen ikasle kopuru maximoa matrikulatu dira». Jose Javier Ormazabal Fraisoroko zuzendariak dioenez, «eskaririk handiena goi mailako zikloak du, eta harritzekoa badirudi ere, gutxien Lorezaintzak, nahiz eta gero honek izan laneratze tasa handiena».

Ikasle soslaiari dagokionez «asko aldatu da» azken hamarkada honetan. «Lehen gehiengoa herri txiki, baserri edota lehen sektorean lan egiten zuten familietatik bazetorren, azken urtetan herri handietatik dator gehiengoa eta sektorearekin zerikusirik ez dutenak dira», esan du Ormazabalek. Ikasle gehienek 17tik 20 urte bitarte badituzte ere nabaria da ikasle helduagoen kopuruaren igoera. «Sektorean jende mota berri bat ari da sartzen eta honek ere haize berriak eta egiteko modu berriak dakartza», dio Ormazabalek.

Sektoreak aurretik «erronka handiak» dituela esan du Ormazabalek: «Ekoizpena bertako, gertuko merkatuari zuzendua egon behar du, kalitateko produktuak ekoiztu eta balio erantsi gehiena ustiategian geratzeko estrategiak martxan jarri: gertuko salmenta, transformazioa... Honek bestelako ikuspegi bat eskatzen du eta ekoizteko teknikez gain beste prestakuntza mota bat. Horretan dugu eskolan ere gure erronka».

Fraisoron bertan dago kokatuta Gipuzkoako Gaztenek-en bulegoa. Nekazari gazteak euskal nekazaritzaren alorrean sartu eta bertan jarraitzea bultzatzeko helburua duen plana da Gaztenek. «Azken hamar urteetan zehar hainbat neurri modu koordinatuan bultzatu dira, eta lortu da 924 gazte hurbiltzea plan honetara hiru lurralde historikoetan, horietatik 349 Gipuzkoan, 320 proiektu martxan ipini nahian», azaldu du Jesus Calvillo Gaztenek-eko arduradunak.

Gipuzkoan oraingoz horietatik 155 lanean daude eta beste 60 gaztek planak eskaintzen duen monitorizazio zerbitzuaren laguntzarekin bide onean doaz. «Gipuzkoan baratzezaintzan eta artzaintzan gauzatzen dira instalazio gehienak, baina hurbildu diren guztien azterketa eginez ikus dezakegu proiektuen profila eta azpisektorea ezin anitzagoa dela», gaineratu du Calvillok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!