ataria.eus

Fracking-aren aurkako botoa eskatu dute

  gizartea  Tolosa  Tolosaldea

Hautagaiek azaldutako konpromisoaren berri eman dute Fracking ez! elkarteko kideek

Fracking ez! elkarteak Zure botoa, Fracking ez kanpaina abiarazi zuten duela zenbait hilabete, eta Udal eta Foru hauteskundeetako hautagaiei gaiaren inguruko iritzi eta konpromisoa eskatzen aritu dira denbora tarte horretan. Horrela, agerraldia egin dute Tolosan, bereziki Gipuzkoako alderdien jarreraren berri emateko.
Lehenik eta behin, kanpainaren arrakasta azpimarratu nahi izan dute ekarteko kideek, izan ere, «EAEko herrietako hautagai gehienengana» iritsi dira: «Fracking-a hautagai gehienen agenda politikoan sartzea lortu dugu, bai hauteskunde kanpainan, eta baita hautesle askoren buruetan ere».


Dena den, kritika egiteko ere baliatu dute agerraldia, izan ere, «oztopoak» izan dituzte zenbait alderdi politikotako ordezkari eta hautagaiekin harremanetan jartzeko: «Alderdi batzuek konpromisoa azaldu dute, baina, beste batzuekin oso zaila edo ezinezkoa izan da gaiaz hitz egitea. Horrela, EH Bildu, Podemos eta Irabazi alderdiek lana erraztu digute beren hautagaiengana iristeko».


Fracking ez! elkarteko kideek jakinarazi dutenez, «Gipuzkoako lurrazalaren %40 fracking-aren mehatxupean dago». Horrela, alderdi batzuek kolektibo edo talde gisa sinatu dute lurpetik gasa ateratzeko sistema honen aurka, eta izan da pertsonalki sinatu duen politikaririk ere. Aldiz, zenbait alderdik ez dute sinatzea erabaki.
Gipuzkoako Batzar Nagusiei dagokienez, EH Bildu, Podemos eta PSE-EEk sinatu dute talde gisa, eta UPDk, PPk eta EAJk ez dute sinatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa