Duintasuna: "Gutako asko ekonomikoki eta sozialki baztertuta gaude"

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 14a, 14:02

Zahartzaroa duintasunez bizi ahal izateko bermea segurtatzeko proposamenak luzatu dituzte Euskal Herriko erretirodunen eta adineko pertsonen plataformek. Udal eta foru erakundeak gobernatzeko aurkezten diren hautagaiei egin dizkiete eskakizunak.

Gipuzkoako Duintasuna, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Bizkaiko Pentsionistak Martxan eta Arabako Pentsionistak Lanean plataformek egin dute bat eskakizunak luzatzerako orduan.

Adineko pertsona eta erretirodunak populazioaren laurdena direla esanez hasi dute agerraldia Tolosan, Duintasuna elkarteko kideek. "Gure arteko asko eta asko gizartetik egoera baztertuan bizi gara, nola ekonomikoki hala sozialki".

Urte gutxitan adineko pertsonen bizi kalitateak behera egin dutela nabarmendu dute Duintasuna elkartekoek eta pobrezia et esklusio egoerak nabarmenak direla gizartearen sektore honetan: "oinarrizko zerbitzuen tarifak gora egin dute modu eskandalagarrian eta ura, gasa eta argia geroz eta garestiagoak dira horiek kudeaketa pribatuagatik".

Tolosaldeko erretirodunek uste dute udal eta foru erakundeetatik badagoela eurentzat bizitza eta zahartzaro duina bermatzeko modua. Horregatik proposamen zehatzak egin dituzte. Batetik, kontseilu munizipal eta foralak sortzea eskatu dute, kolektibo eta herritar guztiei zabalduta. Bestetik bizi baldintza duin eta autonomoak bermatzeko baldintza ekonomiko eta sozialak aztertu eta etengabeko jarraipena egitea komenigarritzat ikusten dute.

Udalen eskuduntza diren zergak jaitsi edo kenduz eta lurralde historiko bakoitzeko osasun zerbitzu munizipalak behar bezala koordinatuz bizi kalitatean eragin daitekeela uste dute Duintasuna elkartekoek. Gainera, "Euskal Herrirako mendekotasun lege bat sortzea bultzatu nahi dugu, autonomiaz eta kalitatez bizi ahal izateko".

Gizarte zerbitzuen kudeaketa publikoa ere eskatu dute erretirodunek: "geriatrikoak, eguneko zentroak, etxerako laguntza, desplazatzeko laguntzak... arreta azkarragoa eta hurbilagoa nahi dugu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!