100 txirrindulari inguru, Gipuzkoako II. Emakumeen Itzulian

Mikel Iraola 2015eko maiatzaren 11

Ostiralean emango zaio hasiera bigarren edizioari, eta larunbatean eta igandean eskualdean zehar izango dira txirrindulariak.

Pasa den urtean, tradizio handiko hiru lasterketek bat eginda sortu zen Emakumeen Gipuzkoako Itzulia, Tolosako Oriako Txirrindularitza Eskola, Amasa-Villabonako Irrintzi Txirrindulari Elkartea eta Bergarako Lokatza Ziklismo Eskolaren eskutik. Lehen edizio horren arrakasta eta ikusmina ikusirik, aurten ere "egonkortzeko aurrerapauso bat" egiteko asmotan antolatu dute itzulia.

Ostiralean Bergaran jokatuko den banakako erlojupekoarekin hasiko da itzulia, eta eskualdea zeharkatuko duten beste bi etapa izango dira. Larunbatean Tolosan hasi eta amaituko dute, 82,6 kilometroko bidea osatuz, eta igandean jokatuko dute azken etapa, Villabona, Zizurkil, Alkiza eta Aduna artean osatu duten 9,5 kilometroko ibilbide bati zortzi itzuli emanaz.

Aurtengo berrikuntza modura, jubenilek eliteko txirrindulariekin batera hartuko dute parte, kilometro kopuru bera eginez. Horrela adostu zuten federazioarekin. "Lasterketa gogorragoa izango da jubenilentzat, baina ikuskizun aldetik hobea izango da" azaldu du Ander Altuna antolatzaileak.

Ibai Iriarte, Tolosako alkatearen esanetan, "indartzen joatea da helburua eta erreferentziala bihurtzea". Aurten gainera, iaz baino udalerri laguntzaile bat gehiago izango dute: Adunakoa. Aiztondo bailarako udaletako ordezkariek ere lasterketa honen garrantzia nabarmendu dute. "Aiztondoko klasika badugu eta helburua da hura bezala lasterketa hau ere indartzea" azaldu du Urko Arin Amasa-Villabonako kirol zinegotziak.

Pasa den urtean, Bizkaia-Durango taldeko Leire Olaberria ikaztegietarra nagusitu zen, Lucia Gonzalez eta Alicia Gonzalezen aurretik. Junior mailan ere euskaldun bat izan zen podiumaren gorenean: Eider Unanue zumaiarra. Kadete mailan, berriz, Sofia Rodriguez izan zen garaile, eta Maddi Amondarain ibartarra bigarren izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!