Amezketan Berria Txapelketako lehia

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 7a

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, San Joan Saria, Ataria Txapelketa... asteburu pilotazalea dator

Berria Txapelketaren barruan, bi elkarte indartsu neurtuko dira larunbatean Amezketan, 17:30etatik aurrera: Zazpi Iturri eta Huarte. Hamabigarren edizioa da aurtengoa, eta orain arteko palmaresa ikusita, taldeen izena agerian geratzen da: Amezketako Zazpi Iturrik hiru bider irabazi du txapela, eta Huartek bitan.

Larunbatean, elkarte bakoitzak bere pilotaririk onenak jarriko ditu kantxan. Horiez gain, Berrian, bi fitxaketa egiteko aukera dago, eta horietaz baliatzeko aukera ere izango dute.


Etxekoak kadeteetan Alberdi eta Zubeldiarekin jokatuko dute. Aurrelaria azpeitiarra da, eta orain arte atzelari moduan aritua. Ederki moldatu da ordea postu berrira. Tantoa erraz bukatzen du Alberdik, bai ezker gantxoz nahiz dejadaz. Atzean Ugarteko Oier Zubeldia izango du, bi eskuekin pilota ederki gozatzen duen atzelaria.
Jubeniletan Ioritz Zubizarretak eta Aitor Erauskinek ordezkatuko dute Zazpi Iturri. Bikote sendoa osatzen dute, eta Migel Soroan txapela irabazteko gai izan ziren.


Nagusietan, Peru Labaka eta Xabier Erostarberekin osatu dute bikotea amezketarrek. Labaka aurrelari ikusgarria da, eta Erostarbe atzelari etorkizun handiko atzelaria.


Huarteren bikoteak ere ez dira nolanahikoak izango. Kadeteetan Uriz eta Elizaldek jokatuko dute, jubeniletan Lasok eta Martijak eta nagusietan Yoldi-Sarasak. Azken bi bikote horiek orain gutxi amaitutako Gravn saria irabazi dute. Kanporaketa, beraz, bikaina izango da.


Beste hiru txapelketa
Berria Txapelketarekin batera, beste hainbat txapelketetako partidak izango dira. Ataria Txapelketa, San Joan Saria eta Gipuzkoako Herriartekoa, adibidez. Azken txapelketa hori asteburuan hasiko da, eta lehen jardunaldian eskualdeko hiru ordezkari egongo dira: Alegia, Zizurkil eta Bidania-Goiatz. Alegiarrek Ataunen aurka jokatuko dute ostiralean, 21:00etan. Zizurkildarrek Zumarragan jokatuko dute larunbatean, 19:00etan; eta bidania-goiaztarrak, egun berean, Oñatin izango dira, 21:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!