Albizturko gazte elkartekoek boto txuria eskatu dute

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 7a, 11:05
Aizalde gazte elkarteko hiru kide, etxeetara banatzen ari diren gutuna eskuetan dutela.

PSE-EEk eta PPk udal hauteskundeetan boto baliagarrien %5a ez lortzea dute helburu, modu horretara udalean ordezkaritzarik ez izateko. Albizturren ez da aurkeztu hauteskundeetara herritarren zerrendarik.

Aurtengo hauteskundeetan eskualdeko bi udalerritan ez da herritarrekin osatutako zerrendarik aurkeztu. Baliarrainen ez da inongo zerrendarik aurkeztu, eta horrek sei hilabetera hauteskundeak berriro errepikatzea ekarriko du. Albizturren PSE-EEk eta PPk zerrendak aurkeztu dituzte, eta bi alderdi horiek udalean ordezkaritza lortzeko aukera izango dute. Horren aurrean, Aizalde Albizturko Gazte Elkartetik deialdia egin diete herritarrei boto txuria emateko, eta modu horretara bi alderdi horiek ordezkaritzarik, eta ondorioz, alkatetzarik ez lortzeko.

Aizalde elkartekoak gutun bat banatzen ari dira boto txuria emateko eskatuz eta horren arrazoiak azalduz. Elkarteko Ander Malbadik esan duenez, «asmoa da herritarrak informatzea, zer egoeratan gauden azaltzeko. Ez dakigu zein puntutaraino dakien herri guztiak zein den egoera. Herriko zerrendarik ez da atera eta PSE-EE eta PP alderdiak aurkeztu dira». Malbadik gaineratu duenez, «orain lau urte hamar boto bakarrik jaso zituzten bi alderdien artean eta iruditzen zaigu ez duela herri honen gehiengoa ordezkatzen, ez batek eta ez besteak. Beraz, boto txuriarekin egoera horren gainean eragin daiteke, eta horretarako erabaki genuen gutuna idatzi eta etxez etxe banatzea».

Legeak azaltzen duenez, zerrenda batek udalean ordezkaritza izateko gutxienez baliozko botoen %5a lortu behar du. Boto baliagarriak zerrendei emandakoak eta boto txuriak dira. Baliogabeak direnak ez dira kontuan hartzen %5eko kopurua kalkulatzerakoan. 2011ko udal hauteskundeetan PSE-EEk 9 boto jaso zituen, eta beraz iritsi zen %5era, eta PPk boto bat. Emaitza horiek errepikatuz gero, datozen hauteskundeetan 171 boto txuri beharko lirateke PSE-EE ez iristeko %5 horretara. PSE-EEk 10 boto lortuz gero, orduan 190 boto txuri beharko lirateke. Kontuan izan behar da Albizturren botoa emateko eskubidea 250 pertsona inguruk izango dutela maiatzaren 24ean.

«Orain dela lau urte PSE-EE iritsi zen %5era, baina ez zuen zinegotzirik lortu, herriko zerrenda bat aurkeztu zelako eta zinegotzi guztiak zerrenda horrek lortu zituen», azaldu du Xabier Malbadi Aizalde elkarteko kideak. «Orduan jendeak bazekien herriko zerrenda aterako zela, baina aurten ez dagoenez herriko zerrendarik, jendeak kontuan hartu behar du PSE-EEk eta PPk ordezkaritzarik ez izateko txuri bozkatu behar duela».

Herritarrei zabaldutako gutunean ere boto txuria nola den zehaztu dute. Aitor Falcon Aizaldeko kideak esan duenez, «boto baliogabeak ez dira kontuan hartzen, ordezkaritza izateko gutxieneko kopurua zenbatzerakoan. Boto txuria izan behar da eta horretarako gutuna hutsik sartu behar da hautetsontzian». Ander Malbadik gaineratu duenez, «gutunean azpimarratu dugu mezua gehienbat etxeko zaharrenei edo bozkatzera joateko ohitura gutxien dutenei zabaltzeko. Garrantzi handia du bozkatzera joateak: lau urteetan gertutik jasoko dugu gertatzen denaren eragina, eguneroko kontuetan izango du eragina».

Gutuna banatu aurretik herriko gazteen artean Whatsapp bidez zabaldu zuten mezua eta aldeko jarrera jaso dutela esan du Ander Malbadik. «Gutuna orain ari gara zabaltzen etxez etxe eta ez dugu erantzunik jaso, baina erantzun onena izango da maiatzaren 24ean jendeak boto txuria ematea».

Ander Malbadik bere iritzia eman du herritarren zerrendarik osatu ez izanaren inguruan: «Herritar bakoitzak egin beharreko gogoeta da hori, eta norberak erantzun beharrekoa. Nire aldetik eta pentsatzen dut beste herritar askorekin pasako zena da ez garela ikusten udalean pisuzko kargu batean. Legealdi berri honetarako falta dena da alkatetzarako pertsona bat. Nire ustez norbait alkatetzarako prest azalduko balitz, handik edo hemendik osatuko litzateke zerrenda».

Gipuzkoako PSE-EEtik azaldu dutenez, «maiatzaren 25etik aurrera gure helburua herritarren botoek ematen diguten ardura onartzea izango da». Alkatetzarako bere hautagaia Patricia Val da. Eibarren jaioa, egun Donostian bizi da eta ogibidez abokatua da. Alokabideko zuzendari orokorra eta alokairuko etxebizitzen kudeaketaren Sozietate Publikoaren kontseilari delegatua izan da.

Bere aldetik, Gipuzkoako PPk jakinarazi duenez, botoen bidez lortzen duten ordezkaritza hartuko dute. «Lizartzan ere egin genuen orain zortzi urte, eta orduan alkatetza ere izan genuen. Joko arauak denon artean jarri dira eta onartu behar ditugu», gaineratu dute. Jose Manuel Huidobro da PPko Albizturrerako zerrendaburua.

Baliarrainen hauteskundeak errepikatuko dira

Udal hauteskundeetarako zerrendarik ez denez aurkeztu, legeak zehazten duenaren arabera, sei hilabeteko epean berriro egingo dira udal hauteskundeak. Berriro ere deialdia egingo da hauteskunde horietarako eta zerrendak aurkezteko aukera izango da. Bigarren hauteskunde horietarako inor ez bada aurkezten, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa batzorde bat eratuko du. Batzorde hori eratzea ez bada posible, aldundiak berak hartuko luke udalaren kudeaketaren ardura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!