Frente Polisarioaren 42. urteurrena gogora ekarriko dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 6a, 11:12

Tolosaldea Sahararekin elkarteak Maiatza Borrokan egitasmoa aurkeztu du; hilaren 12tik 20ra bitarteko egitaraua osatu dute.

Maiatzaren 20an beteko ditu, Frente Polisarioak, 42 urte. Efemeridearen harira urtero egiten duten moduan, Maiatza Borrokan egitasmoa antolatu dute, aurten ere, Tolosaldea Sahararekin elkartekoek; asteartean hasiko da, eta hilaren 20an izango da azken hitzordua.

Berrikuntza batekin aurkeztu dute datozen egunetarako prestaturiko egitasmo sorta, izan ere, poesiaz gozatu ahal izango da, lehen aldiz. Asteartean izango da, hilaren 12an, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, eta 19:30ean jarri dute ordua. Ali Salem Iselmu eta Lander Laborde ariko dira, Versos de fuego y esperanza izeneko saioan; halaber, Un beduino en el Caribe liburua ere aurkeztuko dute.

Maiatzaren 14an, berriz, ostegunarekin, Mezuak Mendebaldeko Saharatik dokumentala ikusgai izango da, 19:30ean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Juan Karlos Izagirre mediku eta Donostiako alkatearen ikus-entzunezkoa da, eta proiekzioaren ondoren hitzaldia ere izango da, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara egindako bidai bateko testigantza horien inguruan.

Hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, Villabonako Gurea antzokiak hartuko du Raices y Clamor dokumentalaren proiekzioa, 19:30ean. Ebbaba Hameida Hafed zuzendaria ere bertan izango da, eta Euskal Herriko estreinaldia izango da hitzordua.

Saharar gazteen errealitatea gertuagotik ezagutzeko saio bat ere antolatu dute, Ibarrako gaztetxean. Maiatzaren 19an izango da, 19:30ean, eta Ahmed Brahim Ettnji eta Luchaa Saleh izango dira hizlariak.

Azkenik, hilaren 20an, 19:30ea, elkarretaratzea egingo dute, Tolosako Trianguloa plazan, Maroko Mendebaldeko Saharatik at! Independentzia Mendebaldeko Sahararentzat lelopean.

Aipatzekoa da, Maiatza Borrokan egitasmoko ekitaldiek irauten duten egunetan, Trianguloa plazan Erresistentziaren haima jarrita izango dela; solasaldiak, dokumentalak nahiz tea izango dira bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!