Naiaran nahieran eta Legazpin, ‘zazpin’

Jexux Murua 2015ko mai. 4a, 17:40

Asteburu gazi-gozoa izan da Tolosaldeko pilotari eta zaleentzat. Urruzola eta Artola buruz burukotik kanpo geratu dira. Altuna III.ak aurrera jarraitzen du.

Frontoi osoko lana, buruz burukoa, bereziki gogorra eta joko, gorputz zein buru puntu-puntuan egon beharrekoa izan behar du. Dohainak ere bereziak eskatzen ditu. Aire-jokorik gabe eta atzera-aurrera zein zeharkako mugimendu arinerako ahala ezean, gaur gaurkoz ia ezinezkoa dirudi emaitza esanguratsurik lortzea. Inoiz baino nabarmenago aurrelaria behar du manomanistak.


Julen Urruzolak erraz galdu zuen, 3-22, Mendizabalen aurka. Bigarren mailako txapelketa honetan gorenera heltzen ez bada, urruti ez da ibiliko aurrelari antzuolarra. Lehen sakea norberari tokatzea nahi izaten da, eta eskutan izan zuen asteasuarrak, baina handixe igarri zitzaion ez zuela sinismen gehiegirik bere ahaletan.


Hori, ostiralean, Zumarragan. Larunbatean, Naiarara eraman gintuen Altuna IIIak. Naiaran nahieran aritu zen Jokin. Astean zehar Saralegik eta biak pentsatu eta diseinatua maisuki egin zuen amezketarrak. Nahia eta ahala bat eginik, nola nahi halaxe eta nora nahi haraxe aritu zen. Horrelaxe menderatu zuen Untoria bere herrian, ospakizun betean. Tolosan atarian geratu zena, lehen ate-zirrikitua aprobetxatu eta sartu da lehen mailako pilotari handien dantzalekura. Hurrengoan Zubieta. Pilotari handia da hau bere bi zentzuetan, atzelaria Untoria bezala, baina larunbatean ikusia ikusirik, doinua Jokinek joko duelakoan nago.


Eta Legazpin, zazpin. Zazpi tanto egin zituen Iñaki Artolak igandean Jaunarenaren aurka. Profesional aldian hartu duen kolperik handiena izan dela hau esan du berak. Indarra emango dio. Lanean jarraitzeko ez dago beharra bezalakorik. Ez dago zalantzarik buruz buru aritzeko dohain apartak dituela alegiarrak eta emango du berea, gauden lasai. Ez du sasoi puntu onenean harrapatu txapelketa honek, bi-bitako azkenekotan igarri zitzaion hustualditxoa zetorkiola. Hori gutxi balitz, eskuin eskua mindua izateak besoa ere uzkurtu egin diola esango nuke. Goi-mailan, apur bat jaitsi orduko aurkariak ez du barkatzen eta, gainera, Jaunarena ez da edozein espezialitate honetan. Hau bai! Hau buru, gorputz zein joko aldi gozoan heldu da txapelketara. Lanak emango ditu.

Hainbat datu
Urruzola. Egina tanto bakarra, hutsak bost. Sakez falta bat egin zuen.


Altuna III. 12 tanto eginak, eta lau galduak. Bost sake alde eta bat aurka.


Artola. Egindako lau tanto, eta galdutako sei. Jaunarenak lau sake sartu zizkion alegiarrari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!