Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan izango da Otaegi

Ataria 2015eko maiatzaren 2a

Urrezko Aizkorako maila nagusiko kanporaketa jokatu zen, atzo, Lazkaon eta Joseba Otaegik lortu zuen aurrera egitea. Bidean geratu dira, Jon Irazu zizurkildarra eta Jexuxmari Mujika ibartarra.

Bi multzotan banatuta lehiatu ziren atzoko kanporaketan. Alde batetik, Irazu, Saralegi eta Larrañaga aritu ziren, eta bestetik, Otaegi, Mujika eta Jauregi.

Lehen probetan, Saralegi eta Otaegi izan ziren onenak. Bigarren sailkatuak, berriz, Irazu zizurkildarra eta Mujika ibartarra. Honenbestez, Larrañaga eta Jauregi kanporatuak izan ziren.

Hurrengo proban, lehen sailkatuak beste multzoko bigarrenaren aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Bi kana erdiko ebaki behar izan zituzten aizkolariek, eta bi zizurkildarren arteko lehian Joseba Otaegik 5 minutu eta 25 segundo behar izan zituen, eta Irazuk 6 minutu eta 43 segundotan bukatu zituen lanak.

Beste bikotean, aldiz, Saralegik azkarrago ebaki zituen enborrak eta 40 segundo gehiago behar izan zituen Jexuxmari Mujikak. 5 minutu eta 50 segundotan amaitu zituen lanak leitzarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!